Nor da gure Belen Esteban?

“Mundu osoan gertatzen da. Muga etiko eta enpatia gabeko pertsonak dira botere postuak eskuratzen dituztenak. Ez da konspirazioa, ez. Hobekien lehiatzen diren pertsonek, hau da, muga etiko eta emozionalik gabe haien ongizatea bilatzen dutenek, gorako bidea egiten dute gizarte sistema hierarkizatuotan. Bai enpresa erraldoietan, eta baita alderdi politikoetan ere.

Haatik, politikarien gaitasun ilunak (konspiratu eta traizionatzekoa…) formakuntza altua, karisma eta oratoriarako gaitasunarekin uztartu behar dira goraino iritsi nahi badute. Lider politikoek hortaz, alde iluna eta alde bikaina, biak behar dituzte.

Mundu osoan gertatzen da hala, salbu eta  Europako herrialde eguzkitsu batean. Bertan, alde ilun hori mantentzen duten hala-moduzko politikari ergelek goi-karguetara heltzeko aukera handiagoa dute. Asmatuko zenuten honez gero: Espainia da herrialde hori”

Hauxe da Gazzeta del Appocalipsis webguneko analisi apur bat sinplista baina ezin interesgarriagoaren abiapuntua. Espainiako politikarien (Rajoy, Zapatero, Aznar, Acebes, Franco) erdipurdikotasunaz ohartuta, espainiar gizartea aztertu dute horretarako arrazoiak izan daitezkeenak identifikatu asmoz.

Nor da gure Belen Esteban?

Euren hipotesia (laburbilduz) honakoa da: Espainian kulturalki errotua dago duintasun eza. Izan ere, erosoagoa da duintasunaren autoexigentzia gabe bizitzea, etengabe gure burua epaituz bizi beharra baino. Horrenbestez, espainiarrek ez dute pertsona sendo, duin eta kapazik parean izan nahi, euren duintasun falta gogorarazten dietelako.

Gazzeta del Apocalipsis-eko analisia jarraituz, hipotesi hori indartzen duen froga Espainian ezagun eta txalotuak diren ehunka freak irrigarriak lirateke. Belen Esteban, Kiko Rivera, Rafa Mora… Amaigabea da zerrenda.

Baina, Euskal Herrian zer? Balio al du analisiak guretzako ere?

Politikariei dagokienean, Patxi Lopez edo Urkullu esaterako, ez nituzke Zapatero eta Aznar baino askoz ere maila altuagoan kokatuko; baina egia da oro har maila txukunagoa antzematen dela.

Eta nor da gure Belen Esteban? Espainian bezainbeste ez, baina honetarako ere zenbait izen bururatzen zaizkit, edo zehatzago, telebista saio bat: El Conquistador del fin del mundo. Ez al dira Korta, Goñi eta enparauak Espainia aldeko freak andana horrekin alderaragarriak? Gehiago ere izango dira, noski. Gainera, EAEn zein Nafarroan ganorabako pertsonaia horietako askoren gotorleku den Telecinco da telebista kate ikusiena.

Zu bai. Ni ere bai. Baina gizarte gisa, libratzen ote gara apokalipsia bera bezain etsigarria den analisitik?

Nor da gure Belen Esteban?