Nola neurtzen dira ETB1eko audientziak? (Eta +)

Telebisten ikusleria datu hotzak aldiro heltzen zaizkigu. Zenbaki horien jatorria ezezaguna da askorentzat. Nor da telebistan ikusten duguna neurtzeko gai? Nola osatzen dira datuak? Zenbateraino dira fidagarriak ETB1ekoak?

etb1GH

ETB1en ikusle-kuota %2 izan da azaroko neurketen emaitzen arabera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako bizilagunek bataz beste 4 ordu eta 20 minutu pasatzen dituzte telebistaren aurrean. 106.000 lagunek ikusi dute Julian Iantzi aurkezle duen 101 gaztelu programa. Tribuaren Berbak saioak ere datu txukunak lortu ditu, katearen bataz besteko ikusle kuota hirukoiztuz.

Kantar Media ikerketa enpresak abenduaren hasieran argitaratu ditu datu hauek. Icebergaren tontorra besterik ez dira. Telebista kateen arduradunek ikusleen portaeraren datuak xehe-xehe jasotzen dituzte, minutuz minutu, egunean 24 ordu. Hamaika galdera erantzuteko gai dira txosten horiekin: nolakoa da saioaren ikuslea? non bizi da? zer egiten du iragarkietan? seme-alabekin ikusten du telebista? zapping besterik ez du egiten? Hiritar arruntari ez zaizkio erantzun horiek ematen. Ikusleriaz ari direnean, normalean bi kontzeptutara mugatzen dira. Pantaila-kuotak telebista piztuta dutenen artean kate zehatz bat ikusten ari direnak neurtzen ditu. Rating-ak, telebistadun guztietatik zenbatek kate bat jarri duten neurtzen du.

Nola sartzen dira gure telebistan?

Audimetro izeneko aparailuei esker, hain zuzen. LTD itxurako tramankulu horiek oso boteretsuak dira. Zehatzago esanda, audimetroen jabeak diru asko alde batera edo bestera mugitzeko gai dira. Ikusle horietatik jasotako datuekin telebista kate baten publizitate diru-sarrerak hondoratu daitezke, edo telesail bat bertan behera uztera erabaki dezakete. Eta alderantziz. Audimetroek agintzen dute zerk eutsi behar duen pantailan, kosta ala kosta, errentagarritasuna lortzeko. Publikoak baino gehiago, telebista pribatuak audientzia datuen menpe bizi dira.

Audimetro bat. Telebistako bakoitzeko bana.
Audimetro bat. Telebistako bakoitzeko bana.

Nire telebista kontsumoa ere neurtzen dute?

Interneten erabiltzaile bakoitzak uzten duen arrastoa ia ezabaezina da, eta milaka datu eskaintzen ditu instantean bertan: nondik sartu den, zenbat denbora egon den, non egin duen klik, zer nabigatzaile erabili duen… Telebista ikusleria neurketak xehetasun digital horretatik urrun daude. Oso urrun. Gaur gaurkoz, audientzia datuen bilketa garrantzitsuena lagin batean oinarritzen da. Beste modu batera esanda: inork ez daki zuk telebistan zer ikusten duzun. Audimetrorik gabe ezinezkoa da. Horren ordez, lagin bat aukeratu eta audimetroak etxe horietan banatzen ditu Kantar Mediak, espainiar estatuko neurketa enpresa ofizialak. Ez duzula audimetroa duen inor ezagutzen? Ez larritu. Ez zara bakarra.

¿Quién está ahí? dokumentala (Nor dago hor?) audimetria ulertzeko beharrezko lana da.

Zenbaki bila: zenbat etxetan daude audimetroak Hegoaldean?

Telebista kateek tentuz erabiltzen dituzte goizero Kantar Mediak bidaltzen dizkien datuak. Sekretupean mantentzen dira gehienak, eta komenigarriak edo balio gutxikoak direnak zabaltzen dituzte. ZuZeuk audientzien eta laginaren inguruan egindako galdera gehienei ez die erantzun ETBko prentsa alorrak. Emanaldi ikusienen zerrenda da audientziei buruz eskainitako informazio bakarra. ETB1eko ikusle potentzialaren lagina ere babestu dute. Zenbat euskaldunek dute audimetroa? “Ez ditugu datu horiek ematen ez guk ez beste merkatu eragileek ere, lagina eta Kantar Mediaren lana ez oztopatzeko“, izan da hedabide publikoaren erantzuna. Madrilera jo behar da, Kantar Mediara, estatistika horien atzean zer dagoen jakiteko.

Kantar Mediako Cesar Chacon komunikazio arduradunak ez du eskatutako informazioa ukatzeko aitzakiarik eman. Halere, datu zuzenak eta osatuak biltzea ez da gauza erraza izan. Gainera, ez dute bat egiten orain arte eman duten informazioarekin. Esaterako, orain arte EAEko 350 etxetan audimetroak zeudela esaten zen. Baina gehiago dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 372 etxek dute audimetroa. 863 pertsona bizi dira 372 etxe horietan. Nafarroako datuak, ostera, Extremadurako, Kantabriako eta Errioxako zenbakiekin nahastuta daude, eta ez da xehetasun gehiago lortu ahal izan.

Zenbat euskaldunek daukate audimetroa etxean?

ETBk erantzuna argitu ez duen arren, e-mail bidez azaldu du audimetroek “sendotasunez” islatzen dutela EAEko lau urtetik gorakoen unibertsoa. Hizkuntza aldagaia behar bezala kontuan hartzen den galdetuta, dio: “Kantar Media Eustatek aldagai horretarako argitaratu dituen erreferentzia ofizialen gainetik dago”. Hala ote da?

Kantar Mediak ZuZeuri eskainitako zenbakien arabera, EAEn audimetro bidez neurtzen dituzten pertsonen %40,1 euskaraz hitz egiteko gai da, %29 ulertzeko gai. %30,9 ez da euskara ulertzeko gai.

Datu horietatik zenbaki hauek eratortzen dira. 346 euskal hiztunek dute audimetroa. Horrez gain, 250 lagunek euskara ulertzen dute. Eta, gainontzekoak, 267, erdaldunak dira. ETBtik esandakoa berresten du Kantar Mediak. Telebistako ikusleria neurtzeko erabiltzen den hizkuntza aldagaiak nabarmen gainditzen du euskaldunek EAEn duten presentzia. Erdaldun hutsak inkesta soziolinguistikoetan %50,6 izatetik %30era murrizten ditu Kantar Mediak. Edo beste modu batera esanda: audimetroek euskaldunak gainordezkatuta dauzkate. Hori diote behintzat haiek helarazitako datuek eta ETBren adierazpenek.

Pilota da ETB1en ikusiena. Kiroletik at, Goenkale.
Pilota da ETB1en ikusiena. Kiroletik at, Goenkale.

Zeintzuk izan dira ETB1en 2013ko emanaldi ikusienak?

  • Eskuz binakako Txapelketa:  Olaizola II-Ibai Zabala-Martinez de Irujo-Zabaleta ( 2013-03-03)  %9,2 ratinga   32,9% kuota
  • Pilota: Buruz buruko finala Olaizola II-Martinez de Irujo ( 2013-03-23)  %9,2ko ratinga  %34,3ko kuota
  • Pilota Binakako txapelketa: Berasaluze II Albisu-Martinez de Irujo Zabaleta (2013-04-28)  %8,7ko ratinga eta  %29,3ko kuota
  • Binakako txapelketa: Olaizola II-Zabala eta Xala-Barriola (2013-01-13) % 8,6ko ratinga %25,8ko kuota
  • Binakako txapelketa:  Titin III-Merino-Martinez de Irujo-Zabaleta( 2013-03-17) % 7,9  %24,7%

Eta kirolaz gain 2013ko ikusienak?

  • Goenkale ‘Arrastoei segika’ (2013-01-22) %5,8ko ratinga eta  %16,3ko kuota
  • Goenkale: Txartelaren bila (2013-05-14)  %5,1 ratinga eta %13,6ko kuota
  • Biba Mihiluze! (2013-05-15)  %4,8 ratinga eta  12,4% kuota.
  • DBH  (2013-01-22)  %4,8 ratinga eta  %12,3 kuota

Eta ETB1en historiako audientzia handienak? (kirolak baztertuta)

  • Goenkale % 7,4ko ratinga eta %19,5eko kuota
  • Kusidazu Bidea, Ixabel % 6,5eko ratinga eta %18,5eko kuota
  • Wazemank %6,5eko ratinga eta %17,1eko kuota
  • Euskal Kantuen Gaua % 5,2 ratinga eta %22,2ko  kuota
  • Hator Kantari Hator, %5,2ko ratinga eta  %24,8ko kuota
  • Hasiberriak telesaila %4,9ko ratinga eta %15,1eko kuota
  • Basetxea K  %4,7ko  ratinga eta % 16,6ko kuota
audientziak, etb, ETB1eko, ikusleria, komunikazioa, rating, share, telebista
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

2 pentsamendu “Nola neurtzen dira ETB1eko audientziak? (Eta +)”-ri buruz

  • Datu horiek ondo daude. Baina … euskaldunen kopurua gainetik egon arren, normalean telebista kontsumoa familiaka egiten da. Hau da, nik euskaraz badakit baina nire bikotekideak ez badaki, seguraski ETB1eko kontsumoa nire etxean oso txikia izango da. Bakarrik nagoenean baino ez baitut ikusiko euskarazko telebista. Baina tira, horrarteko datuak ez dut uste emango zutenik ikerketa enpresakoek.

    Oso interesgarria artikulua. Beti intrigatu naute audientziak neurtzeko metodoek.

  • Iñaki Larrañaga

    […] Beste kontu bat da datu horiek guztiz fidagarriak diren ala ez. Izan ere, zenbat neurgailu daude EAEn eta horietako zenbatek erreparatzen diote euskarazko programazioari? Badirudi bakar bat itzali edo pizteak, eragin handia ukan dezakeela. Nola funtzionatzen dute? Gaia ezagutzeko,argigarria da Iñaki Larrañagak hemen bertan argitaratu zuen lan bikaina. […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude