Non zangoa, han gogoa

http://alteretaego.wordpress.com

78_iraungitako jogurt baten istorioa

 Alter dixit.

Harean gazteluak eraikitzea geure buruei iruzur egitea bezalakoa da. Amets bat jarraitzen dugunean, hiru txerrikumeen ipuinean bezala, komeni da une batez berau gauzatzeko erabiliko ditugun materialei erreparatzea. Ametsak, izan ere, hurrengo olatua iristen den arteko denbora tartea baino ez du izango erreala izateko. Segun eta zer den bilatzen ari garena, hala ere, hautu ona izan daiteke gure eskuak moldagarri bezain hauskorra den gai baten esku uztea. Aurrez gaizki atera den esperientzia batetik bagatoz, adibidez, egokia izan daiteke nahi dugun horren irudia laster desegingo den hareaz sortutako eskultura bat bezala irudikatzea.

Belarrak, harean aldean, badu beste sendotasun bat. Ez du oraindik naturaltasunaren izaerarik galdu, ez eta gutxiagorik ere: plazera da busti berritan bere freskotasuna oin biluzien azpian antzematea, edo sargoria nagusi den egun batean belarrak eta itzalak, biek batera, eskaintzen duten bakea nabaritzeko aukera izatea. Zerbaitegatik maitaleek, hasi berritan, izaten dute hain gustuko bietako baten lepoa belarrari eta bular aldea maitaleari eskaintzea, elkarri besarkatuta egonean egoteko baino ez bada ere. Denbora aurrera joan ahala, den den, nahiago izaten dute leku erosoagoetan etzatea, gurasoen sofan edo kotxearen atzeko jarlekuetan baino ez bada ere.

Sendotasunaren gradientean aurrera eginez, egurra dator ondoren. Beroa izaten jarraitzen du, momentuz, baina edozein bikote erlaziok eskertzen duen bestelako propietate bat ere badu: iragazkortasuna. Berdin du gaur azken hamabost urteetako euri-jasarik handiena bota badu; bihar (edo etzi, edo etzidamu) berriro aterako da eguzkia eta egurra lehortu egingo da, hurrengo enbataren zain. Esker oneko materiala da. Zahartzeak egiten dio kalte, baina gaur egun badaude, egon, horri aurre egiteko nahikoa krema eta ukendu.

Harria da, baina, denetan materialik sendoena. Hotza, aukeran, baina tekla egokia sakatzeko gaitasuna garatuz gero, erraz berotu daitekeena. Umeen pausuak ere irmoagoak dira mota honetako lurzoruetan, erortzerakoan sortzen diren ubelduak odoltsuagoak izateko arriskua duten arren. Denboran irautea nahi den zerbait eraiki nahi izanez gero, berau litzateke materialik egokiena. Eskatzen du, honek ere, nolabaiteko mantenua, hasieran zuen itxura mantentzea bada xedea, behintzat. Baina merezi ere, merezi du noizean behin lan horiek hartzeak. Gainera, bi baino gehiagoren pisua hobeto jasaten du egurra baino sendoagoa den material honek, eta dena da beharrezko horrelakoetan.

“Non gogoa, han zangoa” dio mendi materialeko marka ezagun baten lemak. Esaera zahar bat ere ba omen da, gauza bera dioena. Oraindik banketxearena den baina hilero-hilero ordaintzen jarraitzen dugun harrizko etxeko berogailu zentralak eskaintzen duen gozotasunetik, nik behintzat, nahiago dut esaldiari buelta eman eta “non zangoa, han gogoa” lema jarraitu. Joan zaizkit, antza, kimerak jarraitzeko sasoiak. Nahiago dut, antza, nagoen lekuan gustura egoteko saiakera egitea. Adinaren kontuak…

“Bizitza, ostantzeko planak egiten ari zarela, gertatzen ari zaizuna baino ez da” (John Lennon).

Ego dixi.

Non zangoa, han gogoa