Nolako ETB nahi dugu?

etb

ZuZeuko erredakzioarekin jarri naiz harremanetan galdetzeko ea zer iruditzen zaien hemen bertan hasten banaiz galdezka nolako ETB nahiko genukeen ikusi Urkulluren legealdi berrian. Uste ez bezala, goxoki baina antzarak ferratzera bidali naute, hori nire kontua dela erantzunda.

Nik uste ez didatela hasieratik ondo ulertu nekarren intentzioa, pentsatzen baitut adierazgarria izan litekeela halako galdera bat ZuZeun pausatzea. Eta insistu egin dut zifra batzuk eta beste kontu zenbait argitzea lortu arte. Eta hala jakin dut, Google Analyticsen arabera,  20.000 euskaldunetik gora  sartu garela azken hilabetean orainkari hau bisitatzera, batzuk egunero dozenaka aldiz obsesiboki eta gehienak noizean behin baino ez. Baina 20.000  inguru lagun desberdin hilabete bakoitzeko bataz beste, nolanahi den.

Eta bakoitza bere amaren ezpalekoa izanagatik, ezaugarri komun batzuekin, besteak beste, euskaldun izatearena.

Ez nago oso erraturik baieztatzen badut ETBk eduki daukan publiko naturalaren zati adierazgarri bat batzen dela orainkari honen inguruan. Bai behintzat lehenengo kateari dagokionean, ETB1i, alegia.

Katearen urtearen bataz besteko raiting delakoa, EAEko populuaren %2aren inguruan dabil. Horrek esan nahi du, 40.000 lagunen audientzia duela gutxi gora behera. Beraz, Zuzeun ibiltzen garen guztiok  bagara edo izan gaitezke zerbait ETB1en audientziari dagokionean, bi puntu horietatik bat osatzeko besteko euskaldunon kopurua baikara.

Kontua da, noizean behin komunikabideei buruzko albisteekin agertzen naizela ni hona eta iruditzen zaidala, aipatu dudan 20.000 zuzeuzaleon datuarekin, gai behar genukeela izan zernolako ETB nahi dugun adierazteko. Beti gabiltza hemen euskara eta Iruña-Veleia gora eta behera, ni zu baino independistagoa naizela eta ez iezadazula ukitu nire zero zaborrik… Zergatik ez gara saiatuko adierazten nolako ETB nahi dugun?

Badirudi Euskadi Irratiarekin konforme xamar gaudela, nahiz eta hau ere jar daitekeen kolokan behin hasi ezkero ametsetan. Badakigu, halaber, Mikel Agirre izanen dela EITBko Zuzendari Nagusi eta berak egin beharko dituela aurrekontu jaitsierak dakartzan doiketak. Hala ere ez du oraindik izendatu ETB gidatuko duen lantalde berria…

Errepara diezaiogun telebistarentzat nahi dugun ereduari, azken finean, pantailatik geure etxeko salara isurtzen ikusi behar dugun hori nolakoa nahiko genukeen adieraz dezagun.

Zer ikusi nahi dugu ? Nolakoa programazio eta edukiak? Nolako zerbitzu edo eskaintza? Zeintzuk behar lituzke ETBk helburuak?…

 Zergatik ez dugu desideratum bat egiten hemen azpiko iruzkinetan?

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

29 pentsamendu “Nolako ETB nahi dugu?”-ri buruz

  • Pello Bizkar 2013-02-22 10:31

    Berdin da ETB nork gobernatzen duen, beti egingo dute botere polikoaren zerbitzuko zerbait, euskalgintza eta herrigintzarako zuen xedea ahaztuta. Gainera erretorika apur batekin konpontzen da dena. Ikusi bestela zer dioen Alberto Suriok gaur bertako Deian: denek asmatzen dute beti ETBrekin, bistan denez http://www.deia.com/2013/02/22/politica/euskadi/nosotros-siempre-hemos-funcionado-en-eitb-con-el-guion-de-la-pluralidad

    • Peru Dulantz 2013-02-24 13:35

      Berdin du zeinek gobernatzen duen… Benetan uste duzu hori? Jarri ba ETB Maneiroren esku, adibidez…

  • Neri berdin zait pornoa, eztabaida saio intelektualena, dokumentalak ala marrazki bizidunak diren; nik nahi dudana da, ETB1 euskara hutsean ikustea, eta ETB2n euskarak presentzia irabaztea progresiboki. Ikaragarri poztuko nauen inflexio puntua izango da ETB2n elkarrizketaturen batek euskara hutsean erantzutea galdera denei eta normaltasunez hartzea.

  • Ikerketa soziolinguistiko guztien analisietan esaten da nerabezaroa dela euskararen atxikimendua zalantzan jartzen den fase garrantzitsuenetako bat, hainbat arrazoirengatik: ez delako guaia egiten, modismoak falta direlako…

    Eta? zer egin da ETBn arlo horretan? Zenbat urte/lustro dira ETBn ez dela euskaraz ganorazko ezer interesgarririk eskaintzen nerabeentzat? “Go-azen” da hurbil daitekeen gauza apurretako bat, baina, onar dezagun, bere limitazioak dauzka.
    Niri nazkagarriak iruditzen bazaizkit ere, serie yanki kutreak dira (high school motakoak) gazteei gehien gustatzen zaizkienak (gogoan dut garai bateko Parker Lewisek izandako arrakasta), eta, zergatik ez, orain TDT bidez jasotzen ditugun hainbat programa eredu.

  • Nik ETB TDTan ikusi nahi dut. Gure herrialdeko, Nafarroako haurrek ezin dute ETB3 ikusi.

    • Iban Tustan 2013-02-22 11:44

      Haratx, zure haurrak pixka bat koxkortzen direnean ez dute ETB ikusi nahi izango. Ez -bat eta ez -hiru. Oooooso aspergarria iruditzen zaie, eta españolez hamaika aukera hobeak dauzkate, kutre-kutreak izanagatik ere. ETB-k iraultza behar du, eta ETB2ko baliabideetako batzuk ETB-1 eta -3ra eraman, hasteko.

      • Peru Dulantz 2013-02-22 12:28

        Haurrek, txikiak diren bitartean, gurasoek nahi dutena ikusten dute etxean. Gure alaba txiki-txikia zenean, haurrentzako erdarazko kate guztiak kendu nituen kanalen aukeratik, teledendak eta tele 5z gainera (oso erraz egiten da). Alabak natural-natural onartu zuen “gure antenak ez ditu DisneyChannel eta horiek harrapatzen), eta zinez esaten dizuet ETBren eskaintza nahikoa eta gehiegi ere badela ume normal baten telebista beharrak asetzeko. Emaitza: haur euskaldun aktibo eta peto petoa. Haur txikiak badituzue, saiatu, merezi du-eta.

  • Zer ETB nahi dugun:

    Hasteko, zerbait egin dadila ETB Nafarroan ikus dadin. Gauza erraz batekin hasteko, ETB 3 on-line eta zuzenean eman dezatela.
    ETBri buruzko azkeneko Larrun irakurrita, etorkizunean ere ez dut ETB 1 kontsumituko. Telesaio eta film yankiak ikusten ditut gehien (oso alienatua nago) eta, ikusten denez, ez dituzte horrelakoak emanen, eskubideengatik oso garestia delako.
    Bada jende asko filmak euskarara bikoiztearen kontra dagoena, eta azpitituluak erabiltzearen alde. Nik ikusten ditut filmak azpitituluekin… ingelesa ikasteko, jakina. Euskara bulkatzeko, euskaraz entzun behar dugu.

  • Peru Dulantz 2013-02-22 12:42

    Nolako ETB nahi dugun? Argi dago: euskarazko katearen eskaintza osoa eta egonkorra izan dadila. Kirolak eta zuzeneko emankizunak ETB2n euskaraz eman daitezela. ETB2n, gehienez (erralistak izan behar dugu) informatiboak izan daitezela erdaraz (infomatiboetara erdaldunak erakartzeko atariko programa edaldunen bat ere onartu liteke).

  • Nik ETB2 kenduko nuke eta diru guztia etb1erako eta etb3n dena jatorrizko hizkuntzan euskarazko azpitituluekin

    • Peru Dulantz 2013-02-22 14:02

      Azpitituluak oso onak izango dira beste hizkuntzak ikasteko, baina ez ikuslegoa erakartzeko, ezta euskara sustatzeko ere.

    • Peru Dulantz 2013-02-22 14:08

      Azpitituluak oso onak dira hizkuntzak ikasteko, baina ez euskara bultzatzeko, ezta ikusleak erakartzeko ere.

      • Amonamantangorri 2013-02-22 14:49

        Azpitituluek ez omen dute balio euskara bultzatzeko…
        Egungo “gazte” (16-35 urte), ikasketadun, kaletar, ziberadiktoetatik askok ohitura dute oheratu aurretik film edo telesail bat ikusteko, ez telebistan, baizik INTERNETEN. Maiz, oraindik hona iritsi gabeko kapituluak edo filmak ikusten ditugu, jendeak dohainik egiten dituen GAZTELANIAZKO azpitituluekin… Sarean badira euskaraz horrelako zerbait bultzatzeko ekimenak.
        .
        Nik, gutxienez, ongi ikusiko nuke ETB1en erdarazko azpitituluak eskainiko balira, hasieran egiten zuten bezala. Hori bederen ez zait iruditzen hain garestia aterako zenik…. Oraingo sistemarekin bada horretarako aukera.

        • Peru Dulantz 2013-02-22 15:59

          Gazte askok egiten dute hori? Azpitituluak oso onak dira zinezaleentzat eta beste hizkuntzak ikasi nahi dituztenentzat, baina helburua euskara sustatzea eta ikusleak euskal telebistara erakartzea bada, guztiz alferrikakoak (eta kaltegarriak), nire ustez.

  • Somorrostro Harana 2013-02-22 13:05

    Zelako ETB gura dugun??… XXI. mendeko euskal telebista bat behar dugu ez telebista folkloriko bat. Gaur egungo ETB1, ikusleak aspertzeko disenatuta dago, eta norbait hurbiltzeko gogoakaz badago arin urrunarazteko. Gaurko euskaldunen mundua aspergarria da eta tristeziaz beteta dago, horrela zeinek ipiniko dau atentzioa telebistan?

  • enekolizundia 2013-02-22 13:46

    Nafarroa osoan ikusi eta entzun nahiko nituzke euskarazko saioak, gutxienez. Inguru hauetan, euskarazko medio bakarrak DVDak eta Internet dira.
    Nafarroako erriberako toki batzuetan, ez da ETB analogikoan ikusten eta ez da Euskadi Irratia entzuten.

  • Aurreko iruzkin batean irakurri dut gazte euskaldunak nerabezarora iristean gaztelerazko kateetara jotzen dutela euskarazko telebista “aspergarria” delako. Nire galdera da: hori sahiesteko ETB1en MTV eta holako kateetan botatzen dituzten saio horiek eman behar al dira? zer da telebista “ez aspergarri” bat?

    • Telebista ez aspergarri bat ez dakit, baina telebista aspergarri bat da Kupelaren emanaldia kupidarik gabe astebukaeraro eskaintzen duena, edo hango Habanera lehiaketa eta hemengo alardea hasi eta bukatu programatzen dituena, edota saloi dantza lehiaketa bata bestearen atzetik eta kulturismo txapelketa sinesgaitzak ere bai. Hori da telebista aspergarri eta irensgaitza.
      Gainera, euskaldunak erdaraz jarduten jartzen baditu labur baina sarri, orduan lotsagabea ere bada.

  • Guztiz ados zurekin Itzain. Egia da ETB1en programazioa asko hobetu daitekeela, batez ere arratsaldean, asteburuetan eta uda partean. Prime timeko programazioa, ordea, lanegunetakoa, nahiko onargarria iruditzen zait gaur egun.

    • Asko hobetu daiteke eta behar du, ze programazioan dauzkan hutsune handi horiek, eskaintzen diren saio duinei kalte handia egiten baitiete. ETB1en sartu eta saio-betegarri batekin topo eginez gero, beste kate batzuetara egingo duzu salto, eta agur Benhur.
      %2ko ikuslegoa daukan telebista kate bateko arduradun batek edo bestek dimisioa eman behar luke, ezta? Edo dimisio hitza, izen italiar bat dela uste dute horiek ere?

  • Portugalen egon nintzenean, hainbat urte pasa dira, harrituta gelditu nintzen. Han ingelesezko filmak jatorrizko bertsioan eta portugesez azpititulatuak ematen zituzten normaltasun osoz. Jende ugarik ulertzen zuen ingelesa. Itzulpenik ez dagoenean hori izan daiteke bide bat ETB1entzat.

    • Peru Dulantz 2013-02-24 13:31

      Azpititulauk euskaraz jarri ditzatela ETB2n, baina nik telebista bat osoa eta programzio egonkorra euskaraz duena (non ateratzen den jendeak euskaraz hitz egiten duen) nahi dut. Pelikulak ingelesez eta euskaraz azpititulatuak ETB1n? Hori bai “puntilla” emateko gogoa….!!

    • Peru Dulantz 2013-02-24 13:32

      Noiztik da ETB1en helburua herritarrek ingelesa ikastea? Mesedez, ez dezagun iparra galdu!!

      • Harrieta Zur 2013-02-24 20:15

        Baina zergatik zabiltza nahasten ingelesa ikastea eta azpitituluak? Kurosawaren filme bat ikusten badut ez da japoniera ikasteko, aizu!
        Azpitituluak hobeak dira euskara bultzatzeko ere.

        • Peru Dulantz 2013-02-25 10:56

          Jarri nahi dituzun azpititulu guztiak ETB2n, nik euskarazko telebista osoa nahi dut, atzerapausurik gabe. Horixe besterik ez du behar euskarak, orain bere-berea izan duen gune bakarretakoa beste hizkuntzei ematea…

          • Peru Dulantz 2013-02-25 10:59

            Harrieta: nik Joxeri erantzun diot, berak aipatu duelako zer ondo dakiten ingelesa Portugalen azpitituluei esker…

          • nik ETB3ko programa interesgarrienak ETB1era pasako nituzke, ta bertan DENA, euskara hutsean emititu. ETB2n euskara progresiboki sartuko nuke, eta bertan, pelikulak hizkuntza originalean eman euskarazko azpitituluekin. ETB2n ez nituzke euskaldunak erdaraz hitz egitera behartuko; horrela, elkarrizketa elebidunak bultzatuko nituzke. Tarteka saioren bat euskara hutsean ere sartuko nuke. Borondate kontua, besterik ez.

  • Kienteabisto ETB? 2013-02-25 13:23

    %2ko ikuslegoa daukan telebista, hilzorian dagoen telebista da.
    Bada alderdirik ETB1 berpizteko planik baduenik?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude