Nola hiltzen diren behartsuak

Nola hiltzen diren behartsuak –

Jaume Gelabertek Berria egunkarian.

Aginduaren hasieratik, itxialdia behin eta berriro konparatu da literaturako egoera distopikoarekin —oker ez banago neronek ere egin nuen orain dela aste pare bat— eta horrelakoetan George Orwell izaten da idazlerik aipatuena eta bere Nineteen Eighty-Four (1984) nobela distopikorik ezagunena. Seguruenik publizitate subliminalak joa, Orwellen lana berriz irakurtzen hasi naiz, baina 1984 nobela hartu beharrean idazle britaniarraren Books v. Cigarettes (Liburuak ala Zigarretak) artikulu bilduma aukeratu dut. Azken finean, kultureta frustratua naiz. Horietako pasarte batean Orwellek azaltzen du 1929an Parisko ospitale batean bizi izan zela ingresaturik, eta osasun etxearen baldintza eskasak hizpide hartuak, Frantziako osasun sistema Dickensen garaiko erietxeekin konparatzen du. Nola hiltzen diren behartsuak da artikuluaren izena.

Pasarteak irakurri berri dudan albiste bat ekarri dit gogora. Iruñean 70 familia prekaritatean bizi dira alarma egoera honetan. Gehienez bederatzi metro koadroko gela batean bizi behar dute senide guziek, helduek eta haurrek, berrogeialdian; 24 orduz, etxetik atera gabe, pilatuta. Horietako familia batzuek pentsio batera mugitu behar izan zuten ezin ziotelako aurre egin alokairuaren igoerari, espekulatzaileei bidea errazten zitzaien bitartean. Albisteak bizilagun iruindarren muturreko egoera ekarri digu testuinguru berezi batean; zaila da bereizten zerk bihurtu dituen albiste, muturreko egoerak ala testuinguruak. Kontua da familia horiek baldintza onartezinetan bizi zirela birusak Wuhanetik ihes egin aurretik, eta jendarte ustez osasuntsu batek onartzen zuen bertako familien infernua. Behartsuak nola hiltzen ziren kontatu zigun Orwellek bere artikuluan, baina nola bizi diren izan behar luke, agian, gure kezka. Ez dakit 70 familia horietako norbaitek ospitalera joan behar izan duen izurritearen ondorioz. Ezetz espero dut.
https://www.berria.eus/paperekoa/1892/019/002/2020-04-02/nola-hiltzen-diren-behartsuak.htm

Nola hiltzen diren

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude