Nola ez zuten, bada, ehizatuko?

Nola ez zuten, bada, ehizatuko? –

Argitaratu berri den ikerketa baten emaitzen arabera, emakumeek parte hartze aktibo garrantzitsua izan zuten ehizako jardueretan Neolitoan. Aktiboa eta ez salbuespenezkoa; izan ere, adierazi dutenez ehiza taldeen erdia emakumeez osatuta egotea iritsi zitekeen garai haietan. Albiste horrek agian ustekabean harrapatuko du norbait eta, horregatik, ekarpen honen izenburua Emakumeek ere Neolitoan ehizatzen zuten izan zitekeen. Horrexegatik, ziur asko galdera beste modu batera planteatzea da egokiena: nola ez zuten, bada, ehiza egingo emakumeek Neolitoan?

Nola ez zuten, bada, ehizatuko?
Neolitoko tresnak. (Argazkia: Michael Greenhalgh)

Aski zabaldutako ustea da historiaurrean lanen banaketa zorrotza zegoela eta emakumeak haurren zaintzaz arduratzen zirela eta gizonak, aldiz, ehizaz. Alabaina, geroz eta argiago dago hori ez dela horrela eta lanen banaketa horren aurkako ikerketak pilatzen doaz, pixkanaka. Azkenekoetako bat, Science Advances aldizkarian argitaratu berri dute Randall Haas eta bere lankideek. Hego Ameriketako Andeetan egin dute ikerketa eta duela 9.000 urteko hezurrak aztertu dituzte horretarako. Neolito garaiko hilobiak aztertzerakoan, ehiztarien hilobiekin egin dute topo. Nola jakin dute, baina, ehiztariak zirela? Bada, garai haietan gorpuak norberak bizitzan zehar erabilitako tresnekin batera hilobiratzen zituztela badakigu eta, hain zuzen ere, ehizarekin lotutako tresnak aurkitu dituzte emakumeen hilobietan.

Kasu aipagarrienetako bat 17-19 urte inguruko emakume baten hezurrak izan dira, ehizan erabiltzen ziren tresnekin batera hilobiratu zutena. Ez dira, gainera, animalia txikien ehizan erabiltzen zirenak, ziur asko, animalia handiak ehizatzeko erabili zituen. Aipatu behar da, bestalde, hortzetako proteinen analisiari esker zehaztu dutela sexu biologikoa. Esandakoa kasu bakarra edo egoera orokorra den jakiteko, guztira 107 hilobi aztertu dituzte ikertzaileek eta bertan dauden 429 gizabanakoren hezurrak ere bai. Horietako 27 ehiztariak zirela identifikatu ahal izan dute eta horietatik 11 emakumeak zirela ikusi dute %41, hain zuzen ere. Ikertzaileen ondorioa hauxe izan da: ehizan emakumeen parte hartzea oso aktiboa izan zen, ziur asko, eta ez salbuespenezkoa. Ehiztarien %30-%50 inguru emakumeak izango zirela jo dute eta, hortaz, oso probablea dela sexu biologikoaren araberako banaketa nahiko berdinzalea izan zela, ziurrenik.

Orduan, zergatik historiaurreko lanaren banaketaren ideia hori? Baliteke geroagoko gizarte ehiztari/bilatzaileetan banaketak sakonagoak izatea, baina, izatez, emakumeek ere parte hartzen zuten ehiza jardueretan. Ziur asko, gaur egun onartutzat edo naturaltzat jotzen ditugun genero rolak ez ziren existitu ere egin Neolitoan. Horixe da Science Advances aldizkarian argitaratutako lanaren ondorio nagusia, alegia, gure historiaren hasieratik ezarritzat jotzen genituen rolak, ziur aski, geroago sortu ziren. Ez ditzagun, beraz, onartutzat hartu. Baliteke uste oker horiek agertzearen arrazoia hauxe izatea: egungo ikuspegi okerretik azaldu nahi dugu historiaurrea.

Neolitoan bizirautea zen garrantzitsuena eta, ziurrenik indar eta gaitasun egokienak zituztenak joango ziren ehiza egitera -taldearen biziraupena jokoan zen-. Gizon ala emakume izan gutxienekoa izango zen. Gaitasun fisikoari buruzko eztabaida ere gainditu behar dugu, frogatu denez, Neolitoko emakumeek ez zuten indar faltarik. Neolitoko emakumeek gogor egiten zuten lan, jakina, eta hezurren analisiaren bidez ikusi da egungo emakume arraunlari profesionalek baino beso indartsuagoak zituztela.

Ikertzaileek ikuspegia aldatzeko beharra ere aipatu dute; izan ere, onartu dute haiek ere hasiera batean hilobian aurkitutako hezurrak gizon batenak zirela pentsatu zutela. Proteinen analisiak argi erakutsi zuen, oker zeudela. Ikuspegi sakonago batetik, adituek ohartarazi dute gizon ehiztari eta emakume zaintzaileen eredua sinplifikazio desegokia dela. Ehizara ahalik eta heldu indartsu gehien joango ziren, ziur aski. Horrelako ikerketek erakusten dute sexu biologikoak ez zuela markatzen gizabanakoek zer egin zezaketen eta zer ez.

Hemen aipatutakoa ez da mota honetako lehen ikerketa eta ez da azkena izango, baina, badirudi ziklikoki ahaztu egiten zaigula ikerketek zein norabide markatzen duten. Gaiari buruzko informazioa biltzeko asmotan, goraipatzekoa da pastwomen.net egitasmoa. Bertan hainbat ikerketa, lan, baliabide didaktiko eta eduki biltzen dira historian zehar emakumeen presentzia eta funtzioa berraztertzea eskatzen dutenak eta horri guztiari buruzko hausnarketa sakona egitea eskatzen dutenak.

.

 

Erreferentzia bibliografikoa:

Haas, R., Watson, J., Buonasera, T., Southon, J., Chen, J.C., Noe, S., Smith, K., Viviano Llave, C., Eerkens, J., Parker, G. (2020). Female hunters of the early Americas. Science Advances, 6, 45. DOI: 10.1126/sciadv.abd0310

Informazio gehiago:

Nola ez zuten, bada, ehizatuko?

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude