Nola azaldu gazte bati sindikatua zer den

Nola azaldu gazte bati sindikatua zer den: Joseba Barandiarani iruzkin bi –

Nola azaldu gazte bati sindikatua zer den: Joseba Barandiarani iruzkin bi

Atzoko Berrian Joseba Barandiaranen “Zergatik ditu asteburuak egun bi?” artikulua irakurri nuen eta egon-ez moduko batekin gelditu nintzen. Aspaldi ez bezala, egon-ez hori idazten arintzen saiatuko naiz:

Nola azaldu gazte bati sindikatua zer den: Joseba Barandiarani iruzkin bi

Egia da. Bi eguneko asteburua jaso egin dugu. Beste batzuek borrokatu zuten 40 orduko lan astearen alde, eta gu ari gara eskubide horretaz gozatzen. Eskubide horretaz, eta gainerako guztiez: opor ordainduak, baja ordainduak, pentsioak, gizarte segurantza, osasun eta hezkuntza publikoa, negoziazio kolektiboa…

Baina, zergatik borrokatu behar izan da eskubide horiek lortzeko? Bi eguneko asteburuen kontra, opor ordainduen kontra, pentsioen kontra, gizarte segurantzaren kontra, osasun eta hezkuntza publikoaren kontra, negoziazio kolektiboaren kontra zeudela enpresari eta boteredunak.

Eta orain berbera gertatzen da. Beste pantaila batean, bai, baina berdin. Bizkaiko erresidentzietako langileek 378 greba egun egin zituzten, eta beste lan baldintza askoren hobekuntzaz gain, askok ezinezkotzat jotzen zuten 35 orduko lan astea lortu zuten. Greba langile guztiek egin zuten? Ez, baina lortutakoa guztiei aplikatuko zaie.

Gizarte Ekimeneko grebalariei ere esaten zieten ezinezkoa zela eskatzen zutena lortzea. Baina 28 greba egun (eta beste hilabete bateko deialdiari esker) ezinezkoa zirudiena lortu zuten. Eta lortutako hori, sektoreko langile guztiei aplikatuko zaie.

Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbitzaileak (9 hilabete greban), Elorrioko garbitzaileak (5 hilabete greban)NH eta Barceló hoteletako gela garbitzaileak (43 egun greban), Tabakalerako Ubik liburutegiko bitertekariak (7 hilabete greban), Gipuzkoako hondartzetako sorosleakEuskalduna Jauregiko azpikontratatuakBilboko arte ederretako museoko azpikontratatuakNavarplumako langileak, DHL-Aguraingo langileak…

Hamaika adibide dauzkagu (garaipen sindikalak ospatzearen garrantziaz Nagore Uriarteren artikulu hau gomendatzen dizuet eta baita Mari Cruz Elkororen bideo hau). Batzuetan sindikatua zer den jakin gabe ere, beraien egoera prekarioari aurre egiterik ba ote zegoen jakiteko ELAra gerturatu dira. Eta guk arrakastarako errezeta eskaintzen diegu: kolektiboki antolatu, afiliatu eta grebara. Oraindik oroitzen ditut Ubikekoak, artean greban zirela, esaten: hau irabazten dugunean guztiei esango diet berdina egiteko!

“Gazte, sindikatuak nor defenditzen duen jakin nahi? Txiki Muñozi entzuten zitzaion gehien hau: “gure jendea”. Afiliatuak.” Bada, ez, Joseba. Txiki Muñozek “gure jendea” zioenean langile klaseaz ari zen, langile jandeaz, bere lan indarra saltzera behartua dagoena biziraungo badu. Eta historiak eta praktikak erakusten duen moduan, afiliatuak dira, bai, greba luzeak egiten dituztenak, erresistentzia kutxarik gabe ezinezkoa litzatekeelako grebak luzatzea ezinezko dirudiena lortzeko. Baina lortzen dena guztientzako da. Ez soilik enpresako, zentroko edo sektoreko langileentzat, baita gainerako guztientzat ere, batez ere gazteek eta emakumeek pairatzen duten prekaritateari aurre egiteko bide bat erakusten duelako, benetako adibideekin.

Eta esan bezala, prekaritatea antolaketa kolektiboa eta grebarekin borrokatu egin behar bada , esan nahi du zeinbaitzuk prekaritatea nahi dutela, prekaritatea bultzatzen ari direla. Gorago aipatutako adibide guztietan enpresariek (batzuetan instituzioekin batera) lan gehiago diru gutxiagoren truke lortzeko borrokatzen zuten.

Josebak bere artikulu amaieran dio hiru edo lau eguneko asteburua errazago etorriko dela enpresarien eskutik sindikatuetatik baino. Enpresarien zain egon baino, hobe bi eguneko aste burua lortu zuen langile mugimenduaren borrokara batzea. Hurrengo geltokia: 35 orduko lan astea. Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra.

Nola azaldu gazte bati sindikatua zer den: Joseba Barandiarani iruzkin bi