Nobela bat nahi nuke idatzi

Gure arteko elkarrizketetan “fikzioaren nekea” deitzen dugun gaia agertzen den bakoitzean, luze jotzen du eztabaidak. Funtsean, adin batetik aurrera ere, irakurleen artean fikzioak funtzionatzen ote duen da kontua, zergatik jotzen den, gaztetan ez bezala, edo gaztetan baino gehiago, saiakerara, biografiara, historia liburu eta enparauetara.

erromatar zenbait

Badirudi, zentzuak apaldu eta gerria borobildu ahala, gustukoago egiten zaigula kontakizun zurruna, irudimentsuaren aldean. Itzaltze bidean jartzen zaigula garai bateko irakurri-gose hura eta jada gero eta dela zailago norberarentzakoa den liburu hori eta ez beste bat hautatzea.

Eta jartzen zara pentsatzen gauzak benetan ote diren horrela zugan ere, ala beste aurritzi hutsal batek eragindakoa ote den … eta, tira, zeure buruari azterketa jarriz, galdetzen duzu: noiz irakurri nuen azkenekoz, esaterako, abentura eleberri bat, edo zientzia fikziozkoa, edo nik al dakit ba zeri buruzkoa…

Eta lehen begiratuan antzematen diozu zeure azken irakurketen zerrendari, irakurri dituzun fikziozko lanak ere, ez direla hain fizkziozko, gehiago dutela kronika sozial edo politikotik beste zerbaitetik baino. Agian fikzio izaten segitzen dutela, baina ez hainbeste ere. Autofizkioa eta enparauen garaikoak direla, gehiago.

Orduan, non geratzen da Saizarbitoriak behin esan zizun hura, alegia, garai bat eta mundu bat erretratatu nahi baduzu zeure liburu batean, hobe duzula fikzioaren bidea hautatzea, historiarena baino. Gauzen egia kontatzeko, aho zorrotzagoa daukala fikzioak, beste ezerk baino. Eta hark badio, hala izango da, prefosta.

Bide beretik agertuko da Joseba Sarrionandia ere, zahartzen ari ote den galdetutakoan. Batez ere gogorarazten diogunean, poesian eta narratiban nabarmendu eta gero, Moroak gara behelaino artean? saiakera potoloa ekarri zigula azkena…

Irakurlea zahartzen eta idazlea ere bai? Hala ote?

Sarrionandiak berak emango digu erantzuna zahartze kontu horri buruz, kritikatzen digunean gure hitzetan antzeman daitekeen gaiztakeria: poesia, gazterik egiten dela; narratiba, helduaroan; saiakera zahartzaroan…

Ez dago ados: azken liburua gure politikariekin haserre zegoelako idatzi ei zuen, protesta moduko bat da, berez. Eta protestaka ibiltzen direnak, ez ote dira gazte errebeldeak izaten?

Deus ez dago erraza, kamarada, baina berak beste hiruzpalau liburu “txukun xamar” eta   “gizabidezkoak” idatzi nahi izango lituzkeela dioenean, ez dago jakiterik zernolako liburuak dituen gogoan, fikziozkoak diren ala ez.

Soilik dakigu hiruzpalau nobela erori zaizkiola bidean, eta horretan, ezagutzen ditugun gainerako idazleak bezalakoa dela gure poeta erraria.

Agian, izango da, idazteko tenorean, behintzat, aspertuta baino, beldurtuta gaudela fikzioarekin.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)