Nire laguna kezkatuta dago

Nire laguna kezkatuta dago

Urteak aurrera joan ahala, kezka handiagoa dauka. Semearekin hain zuzen.
Sei urte egin ditu semeak oraintsu, eta D ereduko ikastetxe batean dihardu.
Hasieran ez zion garrantzirik eman. Esperimentatzen ari zela pentsatu zuen.
Eurekin, gurasoekin hitz egitean, erdarazko erantzunak tartekatzen hasi zen, bakarren bat edo beste hasieran, baina gero eta sarriago, gero eta sarriago… Grazia egiten zien hasieran, bere berbakera traketsak, baina egun erdara zorroztuan erantzuten die beti, gurasook berari beti euskaraz egin arren. Eta dagoeneko grazia egiteari utzi die.
Nire lagunak ez du ulertzen zergatik egiten duen erdaraz bere laguntxo guztiekin ere, euskarari tarterik egin gabe. Ezin du ulertu.

Baina hain zaila ere ez dago, haurraren jarrera aditzen. Ez da “Cuarto milenio” saiora eramateko moduko misterioa. Izan ere, telebista erdaraz ikusten du bere semeak -ez dago euskarazko saiorik gustuko duenik- eta futbolean erdaraz egiten dute denek, entrenatzaileak eta taldekideek, haur guzti-guztiak D eredutarrak badira ere.
Kioskoan ez dago ezer –euskaraz- bere adinekoentzat eta interneten ere, ezer gutxi. Erdaraz ostera…
Nire lagunak erdaraz egin ohi du bikotearekin, hots, haurraren amarekin; anai-arreba eta koinatuekin, bere eta bikotearen gurasoekin, lagunekin… labur esanda, 14 urtez gorako hanka biko guztiekin.
Baina semearekin kezkatuta dago. Ez omen zaio euskaldun irten.
Nola liteke!

Nire laguna kezkatuta dago

14 pentsamendu “Nire laguna kezkatuta dago”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2014-03-07 15:51

    Erabateko arrakastatik hitz egin dezaket honetaz, eta, laburbilduz, zera esango dut: Ingurune erdaldunean bizi den familia euskalduna bazarete (niretzat Euskal Herriaren % 95 ingurune erdalduna da egun), haur euskaldunak (euskaraz hitz egiten dutenak, euskararako joera dutenak eta inguruko elebidunak euskarara eramango dituztenak) izan nahi badituzue, bide bakarra dago: eragotzi egin behar duzue seme-alaba horiek erdara behar baino lehenago ikastea; punto.

  • Peru Dulantz 2014-03-07 15:56

    Artikulu bat gai honi buruz:

    http://www.idazten.com/index.php?option=comcontent&view=article&id=1236:narrazioak&catid=52:iritzia-eta-gogoeta&Itemid=64&elmcalmonth=5&elmcal_year=2015

    • Bittor Hidalgo - Donostia 2014-03-08 10:17

      Uste diat lotura ez dihoala, eta interesatzen zaidak artikulua. Egiaztatzerik bai? Mila esker. Bittor

      • Peru Dulantz 2014-03-08 10:46

        Ez da ezer zientifikoa. Lagun batek bere esperientzia pertsonala kontatzen du:

        http://www.idazten.com/index.php?option=comcontent&view=article&id=1236:narrazioak&catid=46:narrazioak&Itemid=64&elmcalmonth=8&elmcal_year=2026

        Funtzionatzen ez badu, jarri “Ingurune erdaldunean haur esukalduna hezten” Googlen, eta azalduko zaizu.

  • Ordun igual dek telebista ta internet ta hoik danak. Erderaz eittea debekatu ta kitto?

    • Ez irakatsi.

    • Peru Dulantz 2014-03-08 10:52

      Gurean ikusentzunezko guzti-guztiak euskaraz ziren haurra txikia zen bitartean. Teleagintea erabiltzen hasteko adina gertu zegoela ikusi nuenean, Clan, Disneychannel, Boing (eta bide batez, teledendak tele5…) kendu egin nituen TDT aukeratik, zapping egiterakoan ere ez aurkitzeko. Haurrak oso erraz onartu zuen “gure antenak ez ditu harrapatzen” azalepna. Eta zinez diotsuet horrek ez zuela kaltetu, ez beraren sozializazioa, ez auto-estimua ez ezer, guztiz haur integratua eta zoriontsua izan zen, eta euskaldun proaktiboa gainera.

      Kontua da lehen oso normala zela familia euskaldunetako haurrek 6, 7, 8… urtera arte ez ikastea erdararik. Orain, haur horiek mapatik desagertzen ari dira, berehala ikasten dute gaztelania. Horrela, zergatik demontre egingo dute euskaraz haurrek? Kontzientziagatik? Hori nerabezaroa gainduta etorriko da, zorterik bada, eta euskarara itzuliko dira. Baina horretarako, noizbait euskaraz hitz egin zutelako oroitzapena izan beharko dute, ezta?

  • Iñaki Biain 2014-03-08 11:06

    Bada datu bat ulergaitza egiten zaidana (nire esperientziatik abiauta), diozunez:
    “Sei urte egin ditu semeak oraintsu, eta D ereduko ikastetxe batean dihardu”
    Eta aurrerago:
    “eta futbolean erdaraz egiten dute denek, entrenatzaileak eta taldekideek, haur guzti-guztiak D eredutarrak badira ere”
    Gure seme-alabek (orain nerabe) eskola kirolean aritu dira. Eta hemen (Gipuzkoan, Donostian hain zuzen) adin honetako umeen kirola eskolan baino ez da egiten (Taldeetan edo klubetan ezin dira sartu 11-12 urte bete arte). Eta ezagutzen ditudan eskola gehien-gehienetan (asko ezagutzen ditut aita bezala ehundaka partidatan egona naiz eta irakaskuntzan egiten baitut lan) eskola kirola euskaraz eskaintzen da (hezitzaileek euskaraz egiten dute) eta ez da futbolera mugatzen (zenbait kiroletan aritzen dira urtean zehar)
    Segur aski jarri duzun adibidea beste lurralde batekoa izango da, baina halakoetan testuingurua zehaztea eta ñabardurak argitzea komeni da; bestela tokikoa edo puntuala dena neurriz kanpo orokortzeko arriskuan gaude

  • Peru Dulantz 2014-03-08 11:12

    Iñaki, uste dut Itzain Nafarroan bizi dela. Dena dela, ez zaizu iruditzen arazoa orokorra dela? Leku guztietatik berri hori iristen zait niri: euskararen erabilera izugarren jaisten ari da haurren artean. Batzuetan inpresioa baino ez da, baina hainbat lekutan propio eta modu zientifikoan egindako neurketekin baieztatu dute hori.

  • Nafarroan bizi naiz, bai, erreserba ustez euskaldun batean.
    Hala ere, Nafarroatik haratago abiatzen garenez astegunero, eta beste Hego Euskal Herrietako lagunak eta ezagunak baditugunez gero, ausartuko nintzateke esatera, hemen deskribatutakoa ez dela soilik gure ustezko erreserban gertatzen. Areago, konfiantza osoko lagun bati baino gehiagori entzun izan diot, Gipuzkoan ere dena ez dela eskola-kirola. Hala ere, eta ikutu baikor batez amaitzearren iruzkina, jakizue ikurriña eder bat jarri dutela berriki herri erdian.
    Agian orain euskararen erabilerak gora egingo du erokiro.

  • http://www.idazten.com/index.php?option=comcontent&view=article&id=1236:narrazioak&catid=52:iritzia-eta-gogoeta&Itemid=64&elmcalmonth=5&elmcal_year=2015

  • Gakoa, bakarra ez baina garrantzitsuenetakoa agian, gurasoek elkarri (eta ahal izanez gero besteekiko harreman gehienetan) euskaraz egitea da, haurraren presentzian!
    Ez dut nire seme-alabekin esperimentatuko, baina egingo nuke ez dela erdaldunago aterako haur bat baldin eta gurasoek euren artean euskaraz eta umeari erdaraz egiten badiote, alderantziz baino (gainerako aldagaiak kontuan hartu gabe diot). Haurrek helduen munduan integratu nahi dute, eta horretarako helduen (batik bat gurasoen) hizkera imitatuko dute.

  • Gaiari buruz Telp tailerretako ikuspegia jakiteko hona hemen bi lotura:

    Eredua, imitazio soziala eta efikazia: http://telptailerrak.com/?p=653

    Eredugarritasuna Gureaz blai irratsaioan: http://www.info7.com/2013/06/18/a-403/