Nik Lehenagotik Ere Banekien Negar Egiten

Nik Lehenagotik Ere Banekien Negar Egiten

Nire memorietan hau aitortu izana ukatuko dudan arren –Heavyzale baten oroitzapenak izanen dute titulua–, eskolan, 80ko hamarkadan alegia, gustuko nituen Spandau Ballet eta Duran Duran taldeak; tira, eta oraindik ere –memorietan ezabatuko ditudan aitormenak egiten segitze aldera– gustura aditzen ditut haien kanta batzuk –Only when you leave, adibidez, edo, jakina, The wild boys, bideo zoragarri harekin, edo James Bonden film bateko soinu banda izan zen A view to a kill–.

Nik Lehenagotik Ere Banekien Negar Egiten

Kontua da eskolan nintzela, EGBko 8. kurtsoan hain zuzen ere –ongi gogoan dut, urte hartan nire adinekook ginelako mutil handienak etxetik Berriozarrera, agustindarren eskolara, eramaten gintuen autobusean–, egun batean Superpop aldizkaria erosi nuela, talde horietarik bati –edo akaso biei– buruzko erreportaje bat edo bana zekarrelako. Eta autobusean aldizkaria ikusten aritu nintzen nire lagunekin –Simon Le Bon goiti eta Kemp anaiak beheiti–, bidaide batek argia ikusi eta egia latza ozenki laburbildu zuen artio: baina hau neskendako aldizkaria da! Handik eskolara ailegatu bitarteko ibilbidea ez zen hain atsegina izan niretako.

Geroago, unibertsitateko lehen kurtsoan naski, bat-batean ohartu nintzen garai hartan gehien gustatzen zitzaizkidan eta maizen irakurtzen nituen idazleak –ez dakit, bada, Oscar Wilde, Luis Cernuda, Konstantin Kavafis– gayak zirela; eta horretaz erausian ari nintzela lagun batekin –nire memorietan, ez dut haren izena aipatuko, kargu inportanteren bat izan baitu gero erakunde ezagun batean–, halako batean zera galdegin zidan, erdi txantxetan eta, beraz, erdi serio –edo, hura ezagututa, laurden bat txantxetan, eta hiru laurden serio–: baina zu ar-arra zara, ezta? Ezetz erantzun behar nion, baina baietz erran nion, ona naiz eta.

Berriki, azazkalak gorriz pintatuak eraman nituen astebetez –hamar egunez, zehazki, esmaltea ezabatu zen artio–: ikasleekin afariak izatearen kalteak direla idatzi behar nuen, baina, egia erran, afaria aitzakia izan zen, aspaldiko gogo bat betetzeko. Ez zen balentria handia izan, aitor dezagun, ez nuen ordena soziala irauli, baina ikastolako patioan ama batek, irribarre goxoen artean, egunero gogorarazi zidan –asteburuan izan ezik– haren senarrak ez zuela sekulan hori eginen –memorietan, bi damu adieraziko ditut: emazteki hari erantzun ez izana niri ere haren feminitate eredua ez zitzaidala bereziki erakargarri egiten, eta azazkalak berriz margotu ez izana–.

Hori guzia kontatzen ari naiz, aste honetan atentzioa eman didan –atentzio negatiboa, erran nahi baita– artikulu bat irakurri dudalako, Alba Diaz izeneko feminista batek idatzia: “Ez, feminismoaren helburua ez da gizonek negar egin ahal izatea” zuen titulua. Artikuluaren tesia da feminismoak ez duela zertan gizonak borroka feministara erakartzen ibili, eta, hortaz, “feminismoak-gizonendako-ere-baditu-abantailak” tankerako mezuak sobera daudela; are gehiago, arreta emakumeengan zentratu beharrean, mezu horrek berriz ere gizonei –gizonen jarrerari, gizonen ikuspuntuari– ematen die lehentasuna. Egia erran, hein handi batean, ez zaio arrazoirik falta.

Halere, duela egun batzuk artikuluan Diazek kritikatzen duen mezua hedatzen zuen txio bat bertxiokatu nuen neronek ere –zalantza batzuk izan ondotik, egia erran–. Marrazkiak ziren, eta izenburua “gauza hauen alde ere ari da borrokan feminismoa” izanen litzateke, guti goiti-beheiti, euskaraz –algunas cosas por las que también lucha el feminismo, jatorrizko bertsioan–: hitz batean laburbiltzeko, marrazkian gizontasunaren inguruko topiko txiki eta ergel batzuk haustea proposatzen zen. Nire ustez, ere hori da hor gakoa. Ez gauza hauen alde, baina bai gauza hauen alde ere.

Zeren arrazoi baitu Alba Diazek, feminismoaren helburua ez da gizonek lasai negar egin ahal izatea; baina gogoan dut Idurre Eskisabelek Berrian publikatu zuen zutabe bat –eta gogoan dut, aunitz gustatu zitzaidalako–: Problema zuen izena, eta –ongi ulertu banuen– Eskisabelek defendatzen zuen problema beti feminitatean, feminitate eredu jakin batean –printzesa mozorroak bazter ditzagun eskoletan!–, paratzen dugula, baina gutiagotan maskulinitate hegemonikoan –normala da mutikoek Spiderman mozorroa aukeratzea–. Aukeran, Eskisabel nahiago dut, Diaz baino: iduritzen baitzait maskulinitate hegemonikoa kritikatzea eta aldatzea dela ez feminismoaren helburua –Diazek dioen bezala–, baina bai sikiera albo-ondorioa, edo landu beharreko problema –Eskisabelek nabarmentzen duen moduan–. Are gehiago, susmoa dut feminismoa ez dela nahitaezkoa kritika horretara ailegatzeko –nik nire kabuz ikasi nuen negar egiten, Superpop aldizkaria irakurtzen, mutilen edertasunari kantatzen dioten poemekin gozatzen eta azazkalak pintatzen, adibide banal horiek berriz ere baliatzeko–, baina bistan da betaurreko moreak franko lagungarriak direla.

Betiere, Diazen artikuluaren helburua ez bada enegarren aldiz oroitaraztea feminismo kontuetan zein den gizonei dagokien lekua –apika batez ere beren burua feministatzat duten gizonei–. Eta, ez pentsa, ados nago horrekin ere, hau da, feminismoan protagonismoa emaztekiei dagokielako ideiarekin. Lilatoian bezala: nik ere zalantzak izan nituen ea gizonek zergatik ez zuten parte hartzen ahal –zalantza teorikoak, jakina, nire izena neketan izanen baita lasterketa batean parte hartu zuen esaldiaren subjektua–, baina Argia aldizkariko testu batek gauzak ederki argitu zizkidan. Testu ona zen, eta ematen zituen argudioen artean, hauxe: “Behingoz, rolak alda daitezen: emakumeek jaso ditzaten txaloak, eta gizonak egon daitezen espaloian animatzen eta seme-alabak zaintzen”. Ezin adosago nago; bertzalde, ez dut uste espaloian gelditzen diren gizonek sari edo txalo berezirik merezi dutenik. Baina kritikarik ere ez.

Zeren, Hondarribiko alardeak aspaldian erakutsia duen bezala, espaloian gelditzeko manera aunitz badira, eta, horregatik, komenigarria da jakitea nor den egiazko etsaia.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Nik Lehenagotik Ere Banekien Negar Egiten

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.