Ni TMEO naiz

Charlie Hebdo eskuetan izan dudan guztietan pentsatu izan dut gogorregia dela enetzat: marrazkien gordina, mezuen indarra, papera beraren zabarra…

Bai, niretako, informazioarena baino, probokazioaren ezpalekoa da aldizkari hau, beste ezer baino gehiago. Horregatik nator bat Bruno Bertezekin bera ez dela Charlie dioenean eta, batez ere, atentatuan hil zituzten marrazkilariak, kazetari baino, borrokalariak zirela baieztatzen duenean.

Ni TMEO naiz

Nolako borrokalariak, ordea? Asko pentsatu gabe esan daiteke euren aldizkariarekin  politika, erlijioak eta kapitala zituztela erasotzen, batean bai eta hurrengoan ere bai. Bizi dugun Demokrazioaren hiru hanka nagusiak. Horregatik dira ulergarriak Le Pen aitaren hitzak gauza bera dioenean, barkatzeko, baina bera ere ez dela Charlie. Nola izango da, ba, Charlie, baldin eta Charlieren egitekonagusietakoa bazen Le Penen beraren amesgaizto nagusietako izatea? Faxismoa, datorren lekutik datorrela, erasotzea?

Cohn Benditen hitzak ere ulertzekoak dira nabarmentzen duenean manifestazioan Marsellaisea abestu zutenek, ez dutela fitsik konprenitu honetan guztian eta garaia dela CharlieHebdoren benetako memoria errespetatzen hasteko.

Gustatu ala ez,  Charb eta konpainia, statu quoaren aurka altxatako ekintzaileak ziren, stablishmena pitzatu nahi zuten ikonoklasta horietakoak. Segur euren tonbetan egongo direla amorratzen, jira batera eta buelta bestera, Pariseko manifestazioan ikusi zutenarekin higuinduta, hainbeste borrokatu zuten diskurtsoa euren izenean nagusitzen ikusi dutenean.

Bizitza eman dute euren zereginean eta hara hor, irauli nahi zuten guztiaren ordezkariak oro bildu direla, zertarako eta euren izenean apur bat gehiago altzatzeko. Politikari, finantzari eta obispo.  Statu quoa dagoen-dagoenean mantentzeak loa kentzen dien herritar zintzo guztiak… Denek egin dute Sistemaren aldeko aldarria, juxtu, Sistema hori aldatu nahi izateagatik akabatu dituztenen izenean…

Hendaian marrazki bat egin dute hondartzako izozkisaltegi baten atzeko paretean: “Je suis Charlie: ni Dieu, ni maître” (Ni Charlie naiz: ez jainko ez ugazabarik”. Haren ondotik pasatzen ari ginela, abertzale zahar batek esan zidan ez zela komeni nahastea, CharlieHebdokoek maiz lagundu dituztela euskaldunak, baina ez direla sekula izan anarkistak. Izatekotan, anarko-komunistak. Haien konpromiso politikoa argia izan dela beti eta estatua suntsitu ordez, estatu indartsu baten aldeko agertu izan direla maiz.

Manifestazio handia egin da bai, Parisen, eta inbidia ematen du paralelismoa egin eta gurean Euskaldunon egunkaria, Egin, Ardi beltza eta hainbeste hedabide itxi dituztenetan, antzekorik irudikatzea.

Hala ere, paradoxikoa litzateke gure ordezkari politiko, erlijioso eta finantzeroak, jende zintzo guztiaren aitzinean ikustea… Zer esanik ez ETBn bonba jarri edo kazetariak mehatxatu zituztenak ere bilduko balira bertara. Goiburu ederrra da, zinez, adierazpen askatasunarena…

Garaiz gaude eskala txikiagoan antzeko zerbait antolatzeko Iruñean, esaterako: “Ni TMEO naiz” oihuaren atzean. Eta aurrean, Rajoy, Barcina, Urkullu, Munilla, Lujua, Patxi Zabaleta eta enparauak, ondo hezitako jende biotzabal guztiari bidea zabaltzen Demokraziaren alfonbra moñoñoaren gainean. Ai egunaren ederra!

Ni TMEO naiz

Ni TMEO naiz

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)