New York-Bilbao-New York

http://alteretaego.wordpress.com

 

Alter dixit.


Norbaitek bere makila magikoaz ukitu eta nahi dudan superboterea eskainiko balit, marrazten ari den ume baten burmuinean sartzeko gaitasuna izatea eskatuko nuke neuretzat.

Guraso garenok ez gara inoiz nekatzen gure seme-alabek egiten dituzten marrazkien aurrean lilura erakusten. Baina jolas-parkeetan egunero entzuten diren “zeinen ongi marrazten duen nireak” edo “begira zeinen marrazki polita egin duen ikastolan gaur” horien atzean, bada tartetxo bat ni askoz gehiago liluratzen nauen “zer ezkutatuko ote da hain burmuin txikien barruan” galderarentzat.

Argazkiko neskatoa, adibidez, New Yorkeko 0 gunea edo Dorre Bikiak marrazten imajinatzen dut. Eta ez, hain zuzen ere, egun historiko hura ezagutu izan dugunon ikuspuntutik, tolesgabetasunaren ikuspuntutik baizik. Gustura dago. Ez du inor behar bere aldamenenean. Bera eta bere mundua baino ez dira kabitzen zelai berde horretan, ez dago lekurik beste inorentzat.

Duela hiru post edo Chillida-Leku museoan, Bilbaotik ordubetera, ontologiari buruzko biltzar interesgarri bat antolatu zen. Bertan, mundu mailako matematikari, filosofo, fisikari edo biologoak batu ziren, gaur egun, metafisikaren adar bezala hartzen den zientzia honetaz aritzeko.

Izan ere, Aristoteles edo Platon bezalako guruak aspaldi zendu baziren ere, giza izaeraren konplexutasunak galderak eragiten ditu oraindik. Tarte honetan, gainera, zientzia ikaragarri aurreratu da. Orduko galdera filosofiko haiei erantzuteko, gaur egun, ezinbesteko egiten zaigu zientziaren bestelako adarrak ere aintzat hartzea.

Ontologia, sekula santa Fisikako Nobela irabazteko aldartean egongo ez garenontzat, hutsune hori betetzera dator, laburbilduz. Hau da: zientziari, iristen den lekuraino iritsita ere, galdera filosofiko nagusienei erantzuna ematera heltzeko falta zaion koska betetzera.

Biltzarraren ildotik, neskato horren burmuina irekiko bagenu, anatomistak prosentzefaloaz, erronbentzefaloaz, neuronez edo harreman sinaptikoez hitz egingo ligukete. Bada, oso ondo. Baina askozaz ere jakin-min handiagoa sortzen didate, niri, han ezkutatzen diren ideiek, pentsamenduek, ikarek, asoziazioek… Neskatoarena moduko garunak ditugu gizakion gehientsuenok. Neskatoarena bezalakorik, aldiz, beste inork ez.

Injineru batek, marrazteko erabiltzen ari den mahaian, soluzio ergodinamiko egoki bat ikusiko du, kimikari batek polimero plastikoen aleazio batez egindako objektua edo pedagogo batek gehiago bultzatu beharreko tresna bat. Neskatoak, ordea, bere marrazteko mahaia ikusten du.

Urrutian, Frank Sinatra bezalako crooner baten ahotsa entzuten dela iruditu zait New York, New York abesten. Azken batean, crooner handiek ere beti izan dute kantua bere mundu pertsonalera eraman eta oso modu berezkoan abesteko gaitasuna. Horretan ari da, berak ez dakiela, gure neskatoa ere. Bere mundua irudikatu nahian, gurasoekin Mundu Berrira edo Aukeren Herrialdera egindako osteratxoaren ondotik.

Eta irudia Chillida-Leku museoko belardietako batean aterata dagoela esango banizueke, X. Nazioarteko Ontologia Biltzarrekoak, handik 100 metrora, euren hitzaldiak ematen ari ziren arratsalde berean?

Ego dixi.