Nevadako egunak : Atxagaren idazbidea (5/7)

 

Etxeko ispilu domestikatuak atzean utzi eta, bat-batean, ispilu ezdomestikatuak dituzu aurrean; hau da, paisaia eta jende ezezaguna”, komentatzen du Atxagak. Ispilu ezdomestikatuak  ere saltaz zipriztinduta egongo direla batek baino gehiagok pentsatuko du, erretorikaren hedadura mintzoa bezain zabala baita. Hala bada, alde batetik bestera ibili arren, erretorikatik ez gara askatuko, mintzoa bezala, beti guri itsatsita eramango baitugu. Beti erretorikaren mendean egongo gara,bukatuko du eszeptizismoz.

Eszeptikoaren objekzioa sendoa da. Horregatik ondo ulertu behar da zertan datzan lekualdatze hori Atxagaren idazbidea konprenitzeko.Lekualdatzea bi eratan uler daiteke. Adibide bat jarriko dut bi era ezberdin horiek argitzeko. Garai batean Parisera joan behar zen artista edo idazlea izateko ; gero, Londresera eta gaur, dirudienez, New Yorkera. Meka artistiko eta intelektual horiek aurkitzeko premia horren atzetik sinesmen (fede) hau dago: leku eta pentsalari horietan, Platonen mundu idealean bezala, egia unibertsalak eta eternalak aurkitzen direla. Horregatik leku horietara joan ezean, artista, idazlea edo pentsalaria ezjakinen eta abarkadunen kobazuloan geratuko da. Eta zer ikasiko du doanak? Haren berezitasuna era unibertsalean eta iraunkorrean adierazten, agian? Ez, ez du hori ikasiko. Guztiz kontrakoa: modan dagoen unibertsala era partikularrean azaltzen. Baimena izango du kultur anitzeko lapiko (melting pot) unibertsalean tanta etno-linguistiko batzuk botatzeko.

Ez da hori Atxagaren ikuspegia, noski. New York Nevadan aurki daiteke baita Villamedianan ere. Lekua eta leku horren jendea ez da garrantzitsuena baizik eta haiek sortzen duten eragina. Eta eragin hori idazkeraren printzipio (ahalmen) heuristikoa indarrean jartzea da. Formak — ideiak, egiturak —  bestearengan baino ez dira atzematen, dio idazkeraren printzipio heuristikoak. Printzipio heuristikoa da gauzak — gure kasuan, ideiak — bilatu eta aurkitzeko balio duen tresna bat. Printzipio horren bidez bilatutakoa aurkitzen denean, Arkimedesek bezala oihu egiten da: “Eureka!” (aurkitu egin dut!).

Idazlea egiten hasten da, beraz, idazkeraren printzipio heuristikoa indarrean jartzen denean, hau da, bestea aintzat hartzen denean. Bestea, hau da, ezberdina eta arrotza dena. Bestearengan, ezberdina eta arrotza denarekin borrokan, idazlearen begirada zorrozten da eta, partikularra eta unekoa eraldatuz, unibertsalaren eta eternalaren lehenengo ernamuinak sortzen hasten da. Beraz, arrotza eta ezberdina forma unibertsalen eta iraunkorren arragoa dela esan liteke. Arrago horretan egia unibertsalak eta eternalak zertzen hasten dira.

Ez da joan behar inongo leku berezira idazkeraren ahalmena abian jartzeko, arrotza eta ezberdina -besteak beste, ijitoak, islamiarrak, emakumeak, indigenak – gure inguruan bertan aurki dezakegulako. Are gehiago,  arrotza eta ezberdina gure baitan aurkitu ezean, alferrik izango da munduko bukaeraraino bestearen bila joatea. Horrek esan nahi du gure baitan ukaturik dagoen bestea dugula. Eta idazleak bere baitako ezberdina eta arrotza denarekin lehia bizia trabatu beharko du idazkeraren ahalmena abian jartzeko. Hala bada, kalera atera gabe arrotza eta ezberdinarekin topo egin dezakegu. Horregatik mugitu eta etxetik irten gabe ere ideia unibertsalak eta iraunkorrak sortzeko prozesua abian jar daiteke.

Beste arrazoi bat dago lekualdatze fisikoaren beharra zalantzan jartzeko. Goian azaldu dudanez, unibertsala eta iraunkorra ez da mundu ideal batean egina aurkitzen (puri-purian daudenak, bai, eginak eta egosiak baita ustelduak ere meka horietan aurkitzen dira). Unibertsala eta iraunkorra, ordea, partikularra eta unekoa eraldatuz, asmatu eta sortu behar da. Eta prozesu hori idazlearen baitan besterik ez da gertatzen.

Esanahi unibertsal eta eternalak sortzeko prozesuan bi etapa bereiz daiteke:

Lehenengo etapan, mintzozalea isilarazi ondoren, idazleak ideia unibertsalak sortzeko erremintak prestatuko ditu. Fase honetan, beraz, idazleak ez ditu ideia unibertsalak bilatzen, haiek sortzeko ideia-erremintak baizik. Hori litekeena da idazkerari atxikirik dagoen ahalmenari esker. Baina, lehen esan dudanez, ahalmen hori arrotza eta ezberdinarekin harremanetan jartzerakoan baino ez da gauzatzen.

Lehenengo fase horretan mintzozalea isilik dago, suspertze prozesuan. Mintzoak, berez, esanahiak dastatzeko sena du. Baina, erretorikaren eraginez, sen hori erabat zapuzturik dago. Drogazale baten sena bezala, mintzozalearena guztiz hondaturik dago. Suspertu behar da, berriro esanahiak dastatzeko gaitasuna berreskura dezan.

Hala bada, lehenengo fase horretan idazleak ideia-erremintak prestatzen ditu; mintzoduna, berriz, esanahiak dastatzeko sena berreskuratzen.

Bigarren etapan, idazkera eta mintzoa bildu eta batzen dira. Idazkerak, arrotzean eta ezberdinean atzeman dituen formekin, esanahi unibertsal eta iraunkorrak irakatsiko dizkio mintzoari. Forma horiek fase honetan erreminta bilakatzen dira. Nolabait esateko, aurreko etapan idazleak forma unibertsal eta iraunkorrak atzematen ditu. Erreminta horiei esker idazkerak mintzoa gidatuko du esanahi unibertsal eta iraunkorrak sortzeko bidean. Horrela, partikularra eta iheskorra den mintzoak unibertsaltasun eta betierekotasunaren bidea aurkituko du. Liburuaren bidea, izan ere.

Oharra: Bidalketa hau argitaratzeko unea itxoiten ari nintzen bitartean, nire pazientziarik eza baretzeko, “Napar iraultza” irakurri dut. Zur eta lur geratu naiz. Inork ez du usaintzen nik usaintzen dudana? Zaharra naiz eta, filosofiari esker, nire usaimena asko zorroztu da. Eta nire usaimenak okertzen ez banau “Aste arkhiktektural” horri faxismo usaina dario. Neofaxismoa, hobeto esanda, faxismo hori neoliberalismoari lotuta dago eta. Kasu ! Ez naiz ari ikasleei  eta naparzaleei  buruz hitz egiten, hor azaltzen den meritokraziari buruz baizik.  Ai, non ezkutatzen dira Nafarroako bardoak!

Gai horretaz irakurri ahala jende gehiago nik dudan susmo bera duela konturatu naiz. Meritokrata horiek ideologia faxista baten bi ezaugarri nagusiak ditu: inkoherentzia ideologikoa – Platonismoaren eta maoismoaren nahasketa bat izan liteke (eta bion artean aurkitu dituzten beste batzuk – Leibniz, Rousseau, Hegel -) – eta botere eldarnio. A, zelako nahaste-borraste. Baina haiek ez dute koherentzia bilatzen, boterea baizik.  Koherentzia bilatzeko pentsatu behar da, alde batetik, eta herriarekiko  zintzotasuna eskatzen du, bestetik. Hauek ez, Nafarroako “politeia” eskuan, batzuk manipulatuz eta besteak arbuiatuz, Napar erreinu meritokratiko ideal hori bilatzen dute. Erreinu horren atean jartzen du: Talentua da guztia. Horrekin diruaren boterea uxatzen dutela uste dute. Agian ez dute jakingo “talentu” moneta baten izena izan zela. Dirua da talentua neurtzen eta eraldatzen jarraitzen duena. Eta dirua da “talentu da guztia” esaten jarraitzen duena. Maoistek diruaren boterea ordezkatzen saiatu ziren. Izugarrizko sarraskia egin zuten – iraultza kulturala – eta porrot egin zuten. Diruaren nagusikeria gaindituz gero, lehenengo eta behin, haren gezurrak agerian utzi behar da. Talentu ez da guztia, “komunitate sena” baizik. Meritokrata gazte horien joerak Txinako iraultza kulturalaren guardia gorriena gogoarazten dit (nola zerrendatzen dituzten kontu handiz haien etsaiak eta nola eraman dituzten juizio publikora). Ez dut uste eragin handirik izango dutenik, baina kimeraren arrautza hor dago. Dardara hotza sentitu nuen, Alaia eta Beñat meritokrata horien artean ikusi nituenean. “Kontuz, lehertzen diren zaharkinekin”, zioen T. Mann. Zaharkin haietatik nazismoa sortu zen. Kontuz gero!

 

FILOSOFO OHIA