Netflix baino inportanteagoa igual

Netflix baino inportanteagoa igual –

Gaur, pandemiaren amaieraz hitz egiten digutenean jasotzen ari garen baikortasun giro honetan, handiena ukatuko dut, zer egingo diot, horren zakarra naiz.

Netflix baino inportanteagoa igual

Krisia badago eta potoloa da datorkiguna, ez naiz aditua baina, esango nuke gainera ez dela pandemiak eragindako krisia, lehenagotik zetorrela, salbuespen egoerak stand byen egoeran utzi duela eta egundokoak berriro azaleratu besterik ez duela egin.

Zertan oinarritzen naiz? Egia da, ez ditut adituek aztertzen dituzten makro-datuak, baina baditut nire mikro-datuak, eta ez datoz bat Teleberriak erakusten duen ikuspegi orokorrarekin. Nire mikro-datuak merkatuko postutik behar ez dituzun gauzak trukatu nahian pasatzen diren gero eta pertsona gehiago dira, kontsumo-taldeko saskiaren osaera gero eta gehiago murrizten duten pertsonak dira, eta auzoko dendan fidatuta eskatzen entzuten ditudan pertsonak dira.

Pertsona horietako bakoitza bakarrik ibiltzen da bere krisi pertsonalarekin, eta beldur da besteok ez ote dugun ikusiko zein handia den bere zaurgarritasun egoera; ezkutatzen saiatzen dira, oro har guztiok onartu dugun arrakasta sinonimoa den lehentasun-eskala bati eutsiz. Oporrak kasakriston, kotxetzar potentea eta Cortázaren erlojua bihurtu den azkeneko smartphone hori.

Eta ez, ez baduzue sinetsiko ere, elikadura, ahaldundu egiten zaituen lana, autoantolaketa …. Ez daude eskala horren lehenengo postuetan

Bakoitzari gure egoera ekonomikoaren erantzule bakarra garela pentsarazi digute, eta autolaguntzako liburu bat balitz esaten digute, “Zu zeu aterako zara zure krisitik”, eta lortuko ez bazenu, ezin diozu egoerari errua eragotzi, zure aukerak aprobetxatzen jakin ez duzulako baino ez da. Beraz buelta oporretara, kotxetzarrera eta gure eskumuturretik eskegiko den smartphonaren besotxora.

Nire buruan, aspaldi Marxek jainkoa ordezkatu zuela horietakoa naizela, heretiko samarra izaten utziko didazue hala ere, eta esango dizuet ez dudala uste krisi errepikakor hauetako bat ere kapitalismoaren amaiera izango denik berez; are gehiago, uste dut burgesak guk baino askoz lehenago ulertu zuela Marx, eta krisiaz baliatzen ari direla beren boterea indartzeko.

Garatutako eta garatzeke dauden alternatibak lehentasun eskala subjektibo horren lehenengo lerroetan kokatuko ez dugun bitartean ez gara kapazak izango erantzun tinko eta egingarria ematen. Folklore eta anekdotatik ezin izango gara aldendu. Hori bai, ez dezagun bide laburra hartu horretarako, alternatiba hauek onargarriagoak egiteko biluztea gure buruari tranpa egitea besterik ez zen izango.

Oraingoz eutsi eta ekin, besterik ez dago. Egunen batean bizitza bizigarri baten itxaropena etxean Netflix jarri eta gero tabernan kontatzeko harrotasuna bezain inportantea izatea lortuko dugu.

Netflix baino inportanteagoa igual

Oleta baserria, Laudio / oletabaserria7@gmail.com

3 pentsamendu “Netflix baino inportanteagoa igual”-ri buruz

  • Ezin hobeto azalduta, Iñaki Urkixoko
    Desazkundea iragartzen ebenek, orain dela dozena bat urte edo, esan eben jada orduan, baina inork ez eutsen kasurik egin.

    Gerardo “Ardo” ezagutzen baduk eta ikusten badukm goraintziak nire partez

  • Dezazkunearen bidea duela dozena bat urte hartu bagenu, hamar urte eramango genukeen dendetan fidatzeko eskatzen, etxeetan neguan berogailua murrizten eta aldaketa klimatikoa berdin berdin pairatzen. Hori bai, inork ez luke kotxetzarrik edo azken telefono modelorik izango, eta tabernetan ere inork ez luke Netflix-i buruz hitz egingo. Arazo horiek konponduta leudeke, gaitzerdi.

  • Tira, ezinezkoa zuan, eta hala darrai ezinezko izaten, Desazkundeak arrakasta izatea, Kaptalismoaren Hazkunde Eredua (eta horren edurura eginda dagoen geure burua) aldatu gabe.
    Baina zergatik diok, Lorentxo, klima aldaketak berdin-berdin jarraituko zukeela? Konfinatuta egon ginen laburrean, atmosferak sano hartu zuen arnas pixka bat, ez? Pentsa dozena bat urtetan.