Neska da kezka, kezka da neska

Galdera asko zeuzkan  barnean, haur gehientsuenek bezala. Hainbat erantzunik gabekoak, eta beste hainbat erantzun galderarik bakoak.  Kezka zen neska, neska zen kezka.

Baina bera ez zen gainontzeko ume gehienen antzekoa, ama bakarrik zeukan alboan. Aita bera jaio orduko hil zen, ezagutu orduko. Itsasgizona zen, eta lau hilabetetako bidaia luze horietako baten zegoen. Bidaia bukatzear zegoela, telegrama bat iritsi zitzaion, laster aita izango zela esanez, eta bertan egon nahi zuenez bere herrirantz egitea erabaki zuen.

Baina ez zen garaiz iritsi. Bidean geratu zen. Itsasoarekin bat.

Irla kutxan, neure argazkia

Irla kutxan, neure argazkia

Oso eguraldi kaskarra somatzen zen telegrama hartu aurretik. Horren inguruan hizketan zebiltzan arrantzaleak, eguraldiak zer ekarriko zuenaren inguruan mintzo. “Hau eztok ezer”, esaten zuen batek,  seguru zioenaz, “honek haixiak susmo txarra emoten nau niri ba”, erantzun zion, bada, gutxi barru mezu pozgarria jasoko zuen Bixentek.

Galarrena zen. Eta hor geratu zen Bixente gizaixoa, itsasoarekin bat. Betirako uretan.

Ama alabak askotan geratzen ziren itsasoari so, Garraitz irlari so. Negar zotinka askotan ama, eta neskatila kezkatuta. Neska zen kezka. Kezka zen neska. Ez zituen amaren negarrak ulertzen. Aita itsasoarekin bat zela kontatu izan zioten zentzudun zenetik, eta hari, Miren txikiari, oso zirraragarria zeritzon, pozgarria. Hor zegoen bere aita, Lekeitio zaintzen, hura inguratzen uneoro, eder, beti hor.

Baina kezka zen neska, eta amarentzako neska zen kezka. Nola atera aurrera bien bizitza? Miren biak ziren kezka…

Bere malkoen zergatiaz galdetu zion Miren txikiak Miren nagusiari, ea zergatik hasten zen negarrez itsasora hurbiltzen diren bakoitzean. Ea zergatik isurtzen zituen malkoak itsasoan. Baina sekula erantzunik ez. Amak ezin izaten zuen hitzik ere esan. Bere bularraren kontra estu besarkatu eta musu ematen zion.

Eta Mirentxoren buruak ondorioren bat ateratzen ziharduen, beti bezala:  “Agian aitarengandik hurbil sentitzeko egiten zuen, malkoak itsasora erortzen uztearena. Baliteke, nire aita itsasoa baita”, hausnartu zuen txikiak…

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara