Naziometroa, emantzipazio estrategiaren neurri?

Naziometroa –

Munduan preziatua da wolframa, eta Bergarako laboratorioan aurkitu zuten Elhuyar Etxenike anaiek, 1783an. Metalik indartsuena da wolframa, fusioari, hausturari eta korrosioari erresistentziarik handiena diena. Metafora aproposa, Telesforo Monzon abertzale bergararra zenaren etxean, bere ondarea kudeatzen duen fundazioak TM eLab deritzon Euskal Herrigintza Laborategia eratzeko, helburu zehatzarekin: euskal estatua berreskuratzeko estrategiak lantzea.

Naziometroa

Laborategietan instrumentuak behar dituzte ikerlariek, neurketak egiteko. TM eLab-en instrumentu propioa garatu dute independentzia nahia neurtzeko, EHUko Parte Hartuz ikerlariekin batera: Naziometroa. Batzorde zientifiko batek tresnaren zehaztasun zientifikoa bermatzea du xede. Jakina baita neurketak berak baldintzatu egiten dituela emaitzak. Ikerlarien eskarmentuaren, intuizioaren eta interpretazio eta proiekzio gaitasunen araberakoa izango da esperimentuaren emaitza.

Goazen inkestaren planteamendura: Euskal Estatua, berreskuratzekotan, autodeterminazio erreferendum baten bidez egingo dugula iradokitzen digu. Batzorde zientifikoak ez du beste biderik proiektatu. Emaitzen titularra, honakoa: Autodeterminazio erreferendum adostu eta ofizial baten kontestuan nagusi dira Euskal Estatuaren alde agertzen direnak (%42). Paris eta Madrilen baimena izateari deritzote adostu eta ofizial. Zientzialariok zilegizko autoritatetzat dituzte Paris eta Madril, zer eta independentzia kausarako!

Datuetan badira bi esanguratsu, laborategia bakarrik ez, gizartea bera ere kutsatuta gaudela adierazten dutenak. Kolonizatuta, alegia. Lehena da, erreferenduma adostua eta ofiziala ez denean, independentziaren alde jende gutxiago gaudela. Sumisioa bistarazten du: norbere desirak eta beharrak asetzeko, inoren baimenaren beharra. Mendekuaren beldurra ere bai, agian. Ez daukagu berdinen arteko erlazio bat. Botere harremana asimetrikoa da, eta menpeko, gu. Egoera, demokratikoa baino, biolentoa da.

Bigarrena %37aren datu ezkutua da. Horrenbesteko proportzioan daude Euskal Herrian, etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidearen alde ez direnak: hamarretik lau, ia. Irudikatzen duzu, laborategiko probetatxoan euskal lurretan bizi garen denok sartu, eta likido gris honen neurria nolakoa den?

Nola, 18 urtetik gorako milioi bat pertsona, eskubide baten alde ez, XXI. mendeko Euskal Herrian? Milioi bat! Zein maila kultural eta politiko daukate? Zein maila gizatiar, eskubide baten alde ez egoteko? Zein ideologia? Bistan da, kimika desberdinekoak direla, eta beren funtzioa betetzen dutela gure askapenaren kausan: inhibidoreak dira.

Izan ere, nortzuk dira eskubideen alde historikoki azaldu ez direnak? Inperialistak, kapitalistak, matxistak, faxistak… posesibo egozentristak, denak: «Ni naiz jaun eta —besteen— jabe» pentsatzen dutenak. Nola utziko dio honelako (subjektu) batek bere statu quo-aren inguruan azpiko (objektu) bati erabakitzen? Bada, ia 4/10 ditugu horrelako kolono ideologia frantziar/espainiarrarekin, guk erreakzionatzea ekidin nahi duten inhibidore kimikoak.

Ba ote dauka zentzurik horrelako espezimenek gure erabaki batean —beraiekiko independentziarenean, hain justu— parte hartzeak? Inkestaren planteamendua eta analisia egin dutenendako bai, antza. Eskarmentu gutxikoa ote da batzorde zientifikoa independentzia gaietan? Inkontzienteki kolonizatuak, besteok bezala? Zientzialariak ere ez baitaude birusetik salbu.

Bada hori, tratu txarrak jasotzen dituen emakumearen gizonarekiko independentzia erabakia, lehenik beronekin adostu behar duela nola egin, hau baita bere eta ofizialtasunaren jabe. Eta balizko erabakiaren norabidea arriskutsua ez gertatzeko —gizonari, bistan da—, gizonak berak ere erabakian parte hartuko duela (kolonoen bidez): biek bozkatuko dutela emakumearen independentzia. Eta emakumeak, irabazteko, bi bozkaren %51 beharko dituela: harrapazan! Botere harreman asimetriko bat, zilegi ez den menperakuntza bat, demokraziaren sinbolo bihurtu den bozketa baten bidez zurituz. Estrategia, bada. Zeinena, baina?

Gurea ez. Hobe luke emakume horrek, menperakuntzaz ohartzen denean, ahalduntzen hastea. Gizon bortitzari bizkar eman, agian beste eragile batzuekin elkartu, bere lanketa pertsonalerako gunea eratu… giro toxikotik kanpo, autoestimua eta boterea lantzeko. Burujabe eta aske denean erabakiko du gizon harekin zein harreman izan. Emakumea gara gu. Demokraziaren festa deiturikoetan nekez kenduko ditugu menperatzaileak gainetik. Egoera, jatorrian, demokratikoa ez delako, %100 gure esku ez dagoelako. Gu kontzeptua bera distortsionatuta agertzen zaigulako, erroldatu guztiak batzen baititu Naziometroaren errelatoan.

Deulofeu katalan kimikariak Historiaren matematikak aztertu zituen. Bere kalkuluen arabera, hamarkada honetan irekiko zaigu urrezko aukera bat. Zortzi urte ditugu loturak askatu eta askapen prozesua osatzeko. Kimikariek gehien preziatutako elementua probetatxora isurtzen hasiak gara honezkero: katalizatzailea. Inhibidorearen kontrako rola jokatzen du honek, prozesua abiaraziz. Energia preso (potentzial) daukaten harresiak higatzen ditu, eraiste neurtu batean, energia emeki-emeki askatu eta bide naturala segi dezan, norbere zatiak fusionatuz, lotura toxikoak deseginez, eta harreman nutritiboak bilatuz. Kontzientzia da katalizatzaile. Argi emanazio bat izanen da emantzipazioa.

Aitziber Zugarramurdi, Helena Xurio, Igor Biribai eta Iñaki Idigoras

Naziometroa
Naziometroa