Nazio eraikuntzaren bidean, Piparraldea

Nazio eraikuntzaren bidean, Piparraldea –

Nazio eraikuntzaren bidean, PiparraldeaEne iloba zaharrenak sei urte bete ditu berriki, eta azkenaldian pasio berri eta kurioso batekin egin du topo: geografia. Ume guztiak bezala ibiltzen da kalean itzulipurdika, baita etxean ere uzten bazaio, baina badu buruan zer edo zer kontu honekin. Hastapenean Australia zen gai zentral eta bakarra:

  • Australian zenbait jende bizi da?
  • Kanguro bat zenbait urte bizi daiteke?
  • Australia da Euskal Herritik urrutien dagoen lurraldea?

Eta abar luze bat… Nik uste berriki ohartu dela espezializazioan zentratu aurretik gaitegi orokorrari arreta pittin bat jarri beharko diola, eta sekulako interesa piztu zaio geografiarekin. Pozik zegoen gure pottikoa urtebetetze opariekin: munduaren mapa, munduaren globoa, haurrentzako atlas bat… eta bestalde “ohikoagotzat” jo daitekeen opariren bat edo beste.

Azkenaldian arrebaren etxera noanean zaparroak bere amatxik oparitutako atlasa atera eta nirekin aztertzen du, serio demonio, makina bat galdera jaurtiz. Pertsonai hutsa da, eta askotan barrez lehertzen jartzen nau, pasa den astean bezala. Puntu kardinalen izenak ez dauzka erabat garbi oraino, eta maiz esaten du, adibidez, “Pipar-Amerika”, edo “Sahara Pipar-Afrikan dago”, eta antzeko perlak. Baina algarek eragindako malkoak xukatu ostean, oso interesgarria iruditu zitzaidan gure txikiaren pentsatzeko era, bere piparrorratz partikularra.

Orduan oroitu naiz Jaun ta Jabe telesailaz, eta Carlos Zabala zein Eneko Olasagasti gidoilariek helarazi ziguten mezu politikoaren sakontasunaz, Jose Ramon Soroizen ahotik: “Zer behar du Euskadik!? GERNIKAKO PIPERRAK, MISERAZ BETEAK! ETA KITO! KITO!”

Zenbaitetan tokatu ote zaidan lagun bati entzutea “aurrekoan Iparraldera joan nintzen asteburu pasa” (eta Frantzia esaten ez badu gaitz-erdi); “Primeran, baina Iparraldera, nora!!??”.  Kontu honek, prefosta, beste berrirakurketa bat dauka gainetik: Plentzia eta Gorliz iparralderago daudela Larraine eta Santa Grazi baino, Zarautz Baigorri baino, eta Bilbo eta Donapaleu ia parean daudela; duela gutxi Lizarra inguruko adiskide batek esan zidan moduan, “zuek, iparraldekook, ohitura gehiago daukazue…”. Goierritarra izanda, irribarre zabala loratu zitzaidan ezpainetan; andaluziar batek berdina esan izan balit bekozkoa ilunduko zitzaidan gisan, bistan dena.

Nazio eraikuntzaren bidean, PiparraldeaNazio eraikuntzaren ildotik, Jaun ta Jabe-ko mezu hau eraberritu beharra dagoelakoan nago.

“Zer behar du Euskadik?! PIPERRAK, PIPERRAK eta PIPERRAK!”

Euskaldunok aintzat hartu beharko genuke geure geografia, eta lurrak ematen duena: Ezpeletako piperrak, Ibarrako langostinoak, Gernikakoak bixeraz beteak, eta Lodosako pimientikoak (eta Sartagudakoak!). Horrela ez legoke ez Iparralde eta ez Hegoalde orain arte ulertu ditugun bezala, eta nire ilobak esaten duen moduan, Euskal Herri osoa genuke piparraldea, eta geure amaren etxea piperrez berreraikiko genuke (zentzu metaforikoan, piperbole hutsa da). Hori bai dela puntu kardinalak garbi edukitzea.

Ahaztu gurasoek eta irakasleek esandakoak. Zuek segi piper egiten!

Nazio eraikuntzaren bidean, Piparraldea

 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.