Navarroren kontzertua

NavarroAskok eta askok hamaika aldiz galdetuko zenioten zuen buruari: zer gertatu behar da eskuin autonomistak, behingoz, subiranotasunaren aldeko konpromisoa hartu dezan? Bada, erantzuna ezusteko tokitik heldu zaigula uste dut. Izan ere, PSCko idazkari nagusi Pere Navarrok EAEko eta Nafarroako kontzertu ekonomikoak bertan behera uzteko eskatu zuen atzo, “elkartasunaren aurkakoak” direlakoan.

Alde batera utz dezagun proposamena nork egiten duen (ziztu bizian aldapan behera doan joera politiko bateko buruzagia) nolako testuinguruan (Kataluniako independentzia prozesua) eta zertarako (denbora irabazteko eta arreta desbideratzeko). Zinez tentagarria da Kataluniako testuinguru politikoaren ikuspegitik Navarroren hitzak analizatzea, baina proposamenak Hego Euskal Herriko politikarien artean izan duen oihartzunari so egitea iruditzen zait interesgarriagoa.

Ramon Jauregi: “Inork ez du zalantzan jartzen erro historikoen parte eta hain funtsezkoa den zerbait. Konstituzioaren bidez Euskadi eta Nafarroa Espainiarekin lotzen dituen marko juridiko-politikoaren parte da”.

Ñabardurak ñabardura, EAE eta Nafarroako sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek kontzertu ekonomikoak defendatu dituzte, PSEkoek zein PSNkoek barne. Oso gai gutxik lortuko lukete hain bat egite zabala.

Kontzertu ekonomikoak bigarren gerra karlista bukatzean hasi ziren funtzionatzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hitzarmen ekonomikoa, Nafarroan, erresuma ofizialki desegin zenean, alegia, 1841ean. Edonola ere, galdutako subiranotasunaren eta antzinako foruen oroitzapen mitiko bezain magikoak pizten dituzte jendartearen sektore zabaletan. Burujabetza espazio berreskuratu baten funtzioa betetzen du jende askoren iruditerian. Espainiaren barruan eroso sentitzeko aitzakia itzela: desberdinak gara, foruak ditugu, gure berezitasuna legez onartuta dago. Hemen, autogobernua da hitz gakoa. Finean, intentsitate baxuko kontzientzia nazionala lasaiarazteko bidea, besterik ez.

Estatu-arrazoiaren zaindari leialenetakoa den Ramon Jauregik esaldi bakar batean laburbildu zuen kontzertu ekonomikoaren esanahi politikoa, atzo Radio Euskadiko Ganbara saioan Navarrok esandakoei buruz galdetu ziotenean: “Inork ez du zalantzan jartzen erro historikoen parte eta hain funtsezkoa den zerbait. Konstituzioaren bidez Euskadi eta Nafarroa Espainiarekin lotzen dituen marko juridiko-politikoaren parte da”.

Horrenbestez, Pere Navarroren proposamena aintzat hartzea eta kontzertu ekonomikoak bertan behera uztea erregutzen diet Espainiako agintariei. EAEko jendartean eta, zer esanik ez, Nafarroakoan izango lukeen eragin politikoa ikusgarria bezain azkarra izango litzateke. Oso herri kontserbadorea gara. Ikutuiguzue poltsikoa, eta ikusiko duzue zer gertatzen den.

Bide batez, erasoak nondik etorriko diren badakidalako, esan beharra daukat ez naizela zenbat eta okerrago orduan eta hobe filosofiaren zale, inondik inora ere. Uste dut kontzertua deuseztatzeak ez gintuzkeela hondamendi ekonomikora eramango, benetako burujabetzara gerturatu baizik: Espainiak ematen dizkigun papurren faltan, jende gehienak bere gain hartuko lituzke ogi osoa erosteak ekar litzakeen balizko arriskuak. Eta, esan gabe doa, ez naiz eztabaida historiografikoetan eroriko. Hain zuzen ere, atzera begiratzeaz nekatuta nagoelako.

Aldatu ezinezko iraganari erreferentzia nostalgiko eta idealizatzaileek ez dute etorkizunerako bideentzako lekurik uzten.

7 pentsamendu “Navarroren kontzertua”-ri buruz

  • Ez nator bat. Oso otzan gabiltza azkenaldian eta foruak kenduta ere ez ginateke gehiegi asaldatuko. Berehalaxe ohituko ginateke egoera berrira. Hizkuntza hiltzen ari da eta begira, gehiengoari bost ajola. Otzan, oso otzan. Oi, gure Herria, zer hintzen eta non hago?

  • Somorrostro Harana 2013-06-14 11:55

    Gaur egun alderdi politikoak tresna zaharkituak bihurtu egin dira eta tresna hauen garaiak amaitzear direla egun ezagutzen dugun legez deritzot. Herritarren eta gizartiaren arazoen urrun daude eta gurago dute euren arteko eztabaidak (mezu berbera esaten behin eta berriro robot bat legez) bere itxura mantetzeko gizartearen aurrean, gizartearen arazoetaz berba egin baino. Oinaztarren eta ganboatarrren eztabaidak ikus ditzakezu egunero euskal telebistan, ideiez aldatzen ez duten pertsonek eta elkarri entzuten ez dioten pertsonak ikusten. Eurek dituzten ideiak sekta bateko lema bat legez defendatuko dute eta ideiez aldatzea alderditik kanpo geratzea ekartzen dau eta horregaz batera lana eta bizitza lasaia galtzea. Herri honek aurrera egin gura badau herritarron inplikazioagaz izango da eta pertsona batzuei delegatzeari lagaz geuk horregaz lau urtez lasai egoteko gure buruagaz.

  • Mendeku ttiki bat ez ote izan Navarrorena?.

    Oroitu: orain berriki Urkullu jaunak zer esan zuen Kataluniaz. Hau da: defizita haundiagoa ezin zaiola onartu “etxeko lanak” egin ez dituenari. Laguntzekotan, etxeko lanak ongi egin dituenari lagun behar zaiola.

    Ba, orain Navarrok erantzun dio: simetrikoak izan behar badugu, izan gaitezen simetrikoak. Kendu foruak eta denak simetrikoak.

    Mendeku ttiki bat, nire idurikoz.

  • KontzertuaK= inpuesto Koloniala.

    Bere jatorria jakin badakizue? Gure legeak armen bidez kenduta “dentro del concierto económico de España” sartu ginduten, hots: gure ondasunak nahi zituzten eta labanatik pasatu zituzten gure arbasoak. Zorionak artikulu egileari, norbaitek pentsatzen badaki gure Herri honetan!

  • “Finean, intentsitate baxuko kontzientzia nazionala lasaiarazteko bidea, besterik ez.”
    Esaldi borobila.