National Geographic gurean laster

National Geographic gurean laster –

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan argitaratu eta salabardoak Kalamuatik Txargainera blogetik jasoa.

National Geographic gurean lasterEgunotan Los nadies testua jirabiraka dabilkit buruan, eta ezin dut atera. Eduardo Galeanorena da, eta, nik poema izena emango banioke ere, ez dakit hala izenda nezakeen. Los nadies euskaraz irakurtzeko aukera ere badaukagu, Julen Gabiriak aspaldi baten bikain itzulita. Ezdeusak jarri zion izena itzultzaileak, eta berriro ere bere blogera jo dut irakurtzeko. Galeanok pobreez dihardu pieza poetiko horretan, baina nik beti ikusi izan dut diru falta zutenez ez ezik, kultura ez hegemonikoetako edozein herritarren gainean ere egiten zuela berba. Gutaz, alegia.

(…)Ezdeusak: ezerezak, ezereztuak, suertearen atzetik beti, bizitza hilez, izorratuak, mila aldiz izorratuak:/Ez dira, izan arren./Ez dute hizkuntzarik, dialektoak baizik./Ez dute erlijiorik, superstizioak baizik./Ez dute arterik, artisautza baizik./Ez dute kulturarik, folklorea baizik./(…)Ez dira historia unibertsalean agertzen, baizik eta herriko prentsako kronika gorrian.(…).

Islatuta ikusten ditut esaldi horietan hizkuntza hedatu eta boteretsuen hiztun/biztanleen (aurre)iritziak. Ederto islatuta ere. Zenbaiten ikuspuntutik ez gara nahikoa kosmopolitak ezta munduko hiritar ere, bigarren mailakoak baizik. Gainera, gure moduak (hizkuntza eta kulturak) ez duela mundu modernorako balio sakon dute sartua pentsamenduan.

Ezdeusak osorik irakurrita, seguru nago batek baino gehiagok pentsatuko duela Uruguaiko idazleak testu hori idatzi zuenean Latinoamerikako indigena marjinatu pobreak zituela buruan; eta gu, ordea, europar zuri kontsumista aberatsak garela munduaren banaketa anker honetan. Ondoriozta lezakete askok ez dagokigula multzo horretan sartzea. Ados egon ninteke.

Hala eta guztiz ere, euskaldunok gure hizkuntza eskubideak kontuan har daitezen eskatu izan dugunean, etnizista, tribu eta horrelako hitzekin erantzun zaigu. Latinomerikakoak ez, baina bai indiotzat hartu gaituzte, zentzurik peioratiboenean, jakina. Halakoak botatzen dituztenentzat tribu hitza despektiboa delako, gutxiesgarria, eta ez dira konturatzen era guztiz supremazistan dihardutela, kolonialismo klasikoaren morroiak direla, ustez berdinzaleak badira ere.

Eta horren guztiorren azpian kashero eta borono adjektiboak daude. Usain hori hartzen diot nik, behintzat. Gorago aitatu dudan moduan, nahikoa sofistikatuak izan ez, behar beste ez dakigulako modernitateaz, pentsamendu magikoa omen dugula… leporatzen digute berdinzaletasunez mozorrotuta, klasismorik negargarrienaz perfumaturik.

Azkenean, buelta eman kontu guztiari, eta arrazismoz jantzi dute lehendakarigai elebidun izatearen desioa. Betiere komunikabide antieuskaldunenen makineriarekin lagunduta. Berri manipulatuak sortu, itzulpen txar interesatu bat erabili eta gorrotoa hauspotu irakurleak sinis dezan. Fake news-en sasoian manipulaziorik gordinena. Esaerak dioen moduan: difama ezazu, zerbait geratuko da-eta.

Hau guztia jakinda, National Geographic aldizkarikoek zenbaki monografikoa egingo dute, eta Euskal Herrira bidalitako kazetariek salakota, esploratzaile txalekoa eta largabista jantzita eramango dituzte, Livingston eta Indiana Jonesen arteko zerbaiten gisara. Izan ere, gu lako etnizista triburik azkertu barik zuten Europan.

Eta gu, etnizistok, haurtzaindegi euskaldunak defendatzen Iruñean, etorkizuneko lehendakarigai guztiek euskaraz jakin dezaten…

National Geographic gurean laster

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude