Nahi al duzu zuk zeuk joan?

Lopezen gonbita

Ehun herritar ere gonbidatuko dituzte notario aurrean egindako zozketa bitartez. Horrela gustatzen zaizkit niri gauzak, demokratikoak eta garbiak, ACDCren kontzertu egunean bezala.

Dagoeneko batzuek esan dute ez direla ospakizunera agertuko, antza, ospatzeko baino, haserre egoteko moduko arrazoiak ei daude gehiago. Niri, egia esan, edukazio txarrekoa ere iruditzen zait halako gauza bat, Lehendakariak gonbidatu eta ez agertzea. Non ikusi da halakorik?

Nik, egia esan, ez dut joaterik izango. Asko poztu naiz gomita jaso dudanean, Gernikako Estatutuak hogeita hamar urte betetzea ez baita txantxa, baina agenda begiratu dut gero, eta ikusi dut egun horretan, 25an,  eta ordu berean, gure semearen futbitoko finala dagoela. Ederra jartzen da entrenamentuetara joaten ez banaiz. Pentsa finalera! Lehendakaritzara ezin naiz agertu, beraz.

Alabaina pena handia ematen du halako ospakizun baterako sarrera alferrik galtzeak. Ez dira maiz izaten antzeko aukerak. Eta bururatu zait agian zeuk nahi izango duzula joan. Pertsonalak  eta intransferibleak dira gonbidapenak, baina agian gauzak nola diren esplikatuta, baietz esango dizute. Ausartzen naiz esatera, zu zeu bezalako euskal jendea, ongi etorria izango dela festa horretan. Koloreak orekatze aldera, batez ere.

Azpiko argazkiari ondo erreparatzen badiozu, telefonoa ere ikusiko duzu ezkerreko aldean behean. Guztiaz arduratzen diren protokolokoak dira. Horiexek lagunduko dizute. Seguru.

Lopezen gonbita2

Gure gonbitea zeuretzat izatea nahi baduzu, jarri iruzkinetan zeure izen-deiturak. Eta hartu txanpaina kopa bat, geure izenean.

(Asko bazarete apuntatutakoak, zozketa egin beharko da, ulertuko duzunez).

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

3 pentsamendu “Nahi al duzu zuk zeuk joan?”-ri buruz

  • Plan hobea dut nik egun horretarako: ordu horretan genitalak harri batekin kolpatu behar ditut, sentitzen dut…

  • Txantxangorria 2009-10-21 22:59

    Nik ere plan hobea dut egun horretarako izan ere…esto…ba, egia esan horaintxe bertan ez dakit zer, baina ziur zerbait hobea egingo dudala egun horretan.U-25 “GEZURRAREN EGUNA”

  • ez dakit nik ba... 2009-10-22 21:32

    ez, eskerrik asko. 30 urte estatutoari ezezkoa emoten ta orain gu engainatu gurean dabiz? ez!! ez!! patxi and company mozkortu daitezela nire partez!!