Nahaspila hizkuntzan? Orain hondamendia dator
Nahaspila hizkuntzan? Orain hondamendia dator –
Nahaspila hizkuntzan. Erdaren eragina gure hizkuntzan gero eta nabarmenagoa da. Gure hizkuntza besteratu eta menpekoago egiten dute. Erdaren kalkoa bihurtzen ari dira. Lehengo egun batean Nafarroako herri ttiki bateko denda-taberna batean nintzen eta turismoa aspaldixkoan erabat zabaldua denez, nonahiko jendea ibiltzen da.
Igande goiz hartan, Iparraldeko kantari ezagun bat sartu zen eta fruta mota bat poltsa batean sartzen ari zen. Eta beste mota batekoa behar zuela eta hala esan zion saltzaileari.
-Ere bai sagarrak* (Sagarrak ere bai)
Eguerdian sartu zen Donostialdeko euskaltzain oso bat (Beterriko txokoren batekoa izanen da aurki) eta egoera berean honela esan zion:
-Baita ere hau* (Hau ere bai)
Eta berehala mendebaleko irakasle bat eta egoera berean honela mintzatu zitzaion dendariari:
-Hau baita* (Hau ere bai)
Dendari-tabernari hark pentsatu zuen hurbildu zitzaion jende hura euskaraz ederki ari zela eta bera dela gaizki ari dena. Denek gaizki eskatu zioten, ongi esaten bera bakarrik zenean.
Horrela da kontua, eta laburbiltzearren: Iparraldekoak baita soberan du. Erdialdekoak beti erabiliko du baita ere, eta mendebaldekoak ere inon sartzea gehiegizkoa zaio.
Nahaspila honek, gauzak gaizki esan behar honek, hizkuntzaren erosioa ekarri du. Zehaztasun falta eta jatortasunik eza, gezurrezko hizkuntza egin artio, nahas-mahas aldrebesa eta ulertezina. Hizkuntza gezurrezkoa, alegia. Gezurrezkoa bederen bai, baina hizkuntza ere bai?
Baina ez hori bakarrik, euskal azentuaren atzentzea eta euskal doinuen galera ekarri digute aipatu dugun fenomenoaren gisakoek. Bidenabar, azpimarra dezadan honako hau: euskal doinuena eta azentuarena ez da aipatu ere egiten gure artean; aldiz, ingelesa denean beti ingeles azentuarekin dabiltza gure irakasle, guraso eta gainerakoak!
Eta ez da urruti joan beharrik gauzak nola beharko luketen ziurtatzeko. Uda honetan Aita Lino Akesoloren “Idazlan guztiak” lan bilduma irakurtzen ari izan naiz. Eta bizkaitar jakintsu honi ez nion behin ere huts bat ere harrapatu aipatu ditudan bezalako esaldietan. Beraz, dirudienez bederen, orain Bizkaian erabiltzen dituzten oker hauek oso-oso berriak dira. BERRIA egunkariak ongi erabiltzen ditu, eta idazle gehientsuenak ere bai, idazterakoan jakina, zeren hizketan… askok aipatu oker horiek ere egiten dituzte-eta, batez ere Gipuzkoan. Lapurdiko ezagun zaharrek ere ez didate min handirik eman. Baina, ikastoletatik pasatu diren belaunaldiek makaldu dute hizkuntza. Zergatik ote hau? Bi faktore esan ditzaket bat-batean: lehena irakasleak, baita, bai, ez, ere, partikulak ez dakizkitela ongi jartzen; bigarrena, euskara onaren ardura guzia euskara irakasleen esku utzi dutela. Beste faktorerik ere izanen da, jakina, baina inportanteenak aipatu ditut, ustez.
Honek guziak konponbide bakarra du: irakasle guziak ongi ikastea eta ongi mintzaraztearen ardura euskara-irakaslearen eskuetatik kentzea, hau da, euskara erakustearen ardura irakasle guzien gain jartzea.
Gramatikalki azal liteke kontu hau, baina ulertzeko moduan azaldu dudala uste dut.
Oraingo egoera beldurgarria
Izan dugun gaitz hori konpondu beharrean, eskola asko eta askotan orain berean datorrena besterik da. Ez da gaitz konpongarri bat. Aipatu dudan aldrebeskeria horietaz gain, orain lohi uholde ikaragarri bat datorkigu eskoletatik. Eta ez da harritzekoa: ingelesa ttiki-ttikitatik erakutsi behar omen da, digitalizazio goiztiarra sartu ziguten, eta batez ere, metodologia laxoen gaiztakeria dugu denon bistan; Montessori eta gisakoak, adibidez.
Amildegira garamatza eskola berri (?) honek! Hondamendi handienera!
Gauzak bideratzeko, lehen-lehenik, oker egitez utzi beharko dugu. Kanpora metodologia laxoak! Hori dugu eta gaitzik handiena!
Itzul gaitezen murgiltze eredura. Bai, murgiltze eredu hoberenak topa ditzagun eta utz ditzagun panazea engainagarri eta sektario horiek guziak. Bestela hondamena gurekin dugu, ikusi besterik ez dago, metodologia berri horiek atetik sartu dituzten eskoletan, euskara hiru urte baino lehen leihotik atera da.
Amezti
Nahaspila hizkuntzan? Orain hondamendia dator