Nafarroan euskarazko irrati eta telebistarik gabe

etbgbz«Nafarroako agintariek EITBren emankizuna bermatu behar dute, ez soilik euskal autoritateen interesa delako, baizik eta bere betebeharra delako; horrek esan nahi du emankizun kostuak bere gain hartu behar dituela».

Esaldi hori ez da nirea, Gutxiengoen edo Eskualdeetako Hizkuntzen Eurogutunaren aplikazioaz 2012ko urrian Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak egindako txostenak dioen esaldia baizik.

2001eko apirilaren 9an berretsi zuen Espainiako Estatuak eta 2001eko abuztuaren 1etik indarrean dago Eurogutuna.

Jakina denez, itzalaldi analogikoa eta telebisten aro digitalaren hasiera aprobetxatu zituen Nafarroako Gobernuak Nafarroako etxe gehienetatik ETB ezabatzeko (oraindik modu analogikoan ikus daiteke, itzalaldia erabatekoa izan ez zelako, eta telebistak analogikoki ikusi ahal izateko aukera badu).

Arazo teknikoak konpontzeko kostua milioi bat eurokoa omen zen eta Eusko Jaurlaritzak ordaindu behar omen zuen faktura (Patxi Lopezen Jaurlaritza gehienez ere erdia ordaintzeko prest zegoen). Eusko Alkartasunak frogatu zuen 40.000 euroko kostua besterik ez zela eta askoz gutxiagogatik errepikagailua paratu zuen Iruñerrian.

Nafarroako Gobernuak berehala salatu zuen ekinbidea eta gaur egun Eusko Alkartasunak 45.000 euroko isun bati egin behar dio aurre, Espainiako Gobernuak jarria. Bestaldetik, errepikagailua Guardia Zibilak zigilatuta dago.

Isuna 2013ko urtarrilean iritsi aurretik, 2012ko abenduan, Auzitegi Gorenak Valentziako Erkidegoko Generalitateak “Accio Cultural” taldeari jarritako isuna baliogabetu zuen. Kataluniako Generalitateko TV3 katea lizentziaduna zela eta elkarteak bere seinalea igortzera mugatu zela aipatu zuen Auzitegi Gorenak eta 300.000 euroko isuna baliogabetu.

Auzitegi Gorenak nahi duena erran dezake, Eurogutunak ere bai, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak baita ere. Baina Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua tematuta daude Nafarroatik euskara desagerrarazteko. Beren inperialismo eta faxismo kutsua ageri-agerian uztea bost axola zaie.

Euskalerria Irratia Iruñerrian euskara hutsean emititzen duen irrati bakarra dela, eta, beraz, Nafarroako Gobernuak «jarrera positiboagoa» hartu beharko lukeela irrati horrekin. Zehazki, irrati lizentzia eta diru laguntzak behin eta berriro ukatzeko joera «berrikusi» beharko lukeela erran zuen Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak. Hala ere, berriz lizentziarik gabe utzi du Nafarroako Gobernuak, oraindik aurreko lehiaketako irregulartasunak konpondu gabe dituenean.

Bitartean, ETB3, batez ere marrazki bizidunak euskaraz ematen dituen katea, eta Nafarroako haur euskaldunek hainbeste behar dutena, ezin da ikusi Nafarroan. PSN-PSOEk berak ez du inoiz inolako urratsik egin bidegaberia hori zuzentzeko.

Bada garaia Nafarroako identitatearen etsai hauek boteretik eraisteko, zaila izanen baita hainbeste gaiztakeria beraiek zuzentzea.

Administrazioan Euskaraz Taldea

2 pentsamendu “Nafarroan euskarazko irrati eta telebistarik gabe”-ri buruz