Nafarroan erasotik estorbura

Nafarroan erasotik estorbura

TRABATIK ESTORBURA JARRI ZION LUJANBIOK GOIBURU BERE ASTEROKO IRUZKINARI EUSKADI IRRATIAN.

EAErako oso irudi aproposa. “Euskadin”, euskaldunon arazoa gehiago delako traba egitea, gure gizarte kolonizatuaren eta gure agintari asimilatuen nekea, utzikeria eta ezintasuna, (sarri) jasaten ditugun erasoak baino.

Nafarroan erasotik estorburaEAEko Unionista “moderatuek” nahikoa dute traba egitearekin, eraso ozenik egin gabe, muturreko unionisten itzalean. PSOE-pseko buru Idoia Mendia Cuevak esan zuen bezala, “euskara normalizatuta dago”. Bestela esanda, euskara PSOE-pseren gustuko lekuan dago: azpiratuta, menpeko, bazterrean.  Beraz, ez die merezi erasoka ibiltzea. Ustelduko da berez. Ustelduko gara, gurez. Abertzaleek ere ez baitiote euskarari hauspo gehiegi ematen.

Gertu-gertutik ikusi ahal izan genuen hori Lopezen agintaldian. Eusko Jaurlaritzan agintea hartu bezain laster, euskararen aldeko dinamika guztiak motelduarazi zituzten sail guztietan. Baina ez zen ezer gertatu, ez zen gehiegi igarri, hain ziren dinamika ahulak EAJ-k ezarritakoak ere.

EAEko muturreko unionistak aldiz, PP eta bere kopia modernoak, etengabe ari dira erasoka.

Horra adibidez, Espainiako Gobernuaren Ordezkaria, azken udal euskaldunetako ordenantzak auzitara eraman eta eraman, euskarak inon ere ez dezan lehentasunezko estatusik lortu. Baina “berdintasunaren” aldarriaren mozorroaren babesean burutzen dituzte erasook, lotsagabe.

Bitxia da bestalde, euskalgintzatik nahiz alderdi abertzaleetatik “Urquijokeriak” salatzen direla, pertsonaia baten burutazioak balira lez, eta ez Espainiar Gobernuaren hizkuntz politika genozida.

.

ZE KOSTU DAUKA GURE HIZKUNTZARENTZAT, BI ESTATU HANDIREN MENPE EGOTEAK?

Galdera horixe egin zuen Arnaldo Otegik Kursaaleko azken ekitaldian.

Maialen Lujanbiok enbidoa jaso, eta galdera haratago eraman zuen: Ze kostu dauka euskararentzat españolaren eta frantsesaren menpe egoteak?

Eta ze kostu dauka GURE hizkuntzarentzat,  españolaren menpe egoteak?

Areago ere joan liteke. Adibidez,  Ze kostu dauka euskaldunontzat, ordezkari politiko abertzaleek ere, erdarari erabateko lehentasuna ematea?

Nafarroan are gehiago. Nafarroan muturreko unionistek harrokeriaz burutzen dituzte euskaldunon aurkako erasoak, “moderatuen” laguntzaz. Bozkak biltzeko taktika gisa burutu ere. Nafarroan geratzen garen euskaldunak gutxi (%11) garelako, eta euskaldun konzientzia urria eta zailtasun handiak dauzkagulako erantzun duin bat emateko ere. Eta badakitelako alderdi abertzaleentzat bazterreko auzia dela euskara. Badakite alderdi abertzaleek españolez jarduten dutela egunerokoan, ez bada oso egokiera jakinetan. Eta badakite, besteak beste, nahikoa delako sare sozialetan ordezkari abertzale gehien-gehienen jarduerari erreparatzea, horretaz jabetzeko.

.

ETA ZE KOSTU DAUKA NAFAR EUSKALDUNONTZAT, ordezkari abertzale gehientsuenek españolari erabateko lehentasuna emateak?

Eta ze kostu dauka euskaldunontzat, alderdi abertzaleek euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko politika zehatzik ez edukitzea?

Zeren eta egunotako unionisten eraso bortitzen aurrean, ordezkari abertzale gehienek emandako erantzunak, ez baitoaz itxurakeriatik askoz harago. Erasook mesede ere egiten dietela iruditzen zait. Gizartearen aurrean euskaltzale gisa agertzeko aitzakia ematen baitiete, bestela ezer gutxi egin arren.

Nahikoa zaie erasoen kontra agertzea hedabideetan, Herri-urratsean ikastolen ordezkariez inguratuta argazkietan agertzea, eta hurrengo batean Korrikaren paparrekoa jantzita agertzea.

PP-UPNk egina eman die kanpaina Nafarroako alderdi abertzale-erdaltzaleei euskararen auziari dagokionez. Eta euskaldunok, batzuen erasoen eta besteen arduragabekeriaren edo ezgaitasunaren artean bilatu beharko dugu bideren bat.

Maialen Lujanbiok  hain egoki adierazi bezala, “horrela baitabil euskara, beti trabatik estorbura. Beti kolokan, beti azalean geratzen delako. INORK EZ duelako benetan ardatzean jartzen”.

Euskaldun bizi nahi dugunoi, zailtasunen aurrean hortzak estutu eta aurrera jotzea dagokigu.

Eta Maialenek esan bezala, zailtasunari HELBURU deitzea litzateke lehen urratsa. Horra erronka.

Nafarroan erasotik estorbura / Nafarroan erasotik estorbura
Euskadi, nafarroa, PNV, PP, PSOE, UPN
JJ Agirre

ELAkidea eta abar.

5 pentsamendu “Nafarroan erasotik estorbura”-ri buruz

  • “Euskaldun bizi nahi dugunoi, zailtasunen aurrean hortzak estutu eta aurrera jotzea dagokigu”.
    Zalantza dut ez ote dagoen jokamolde hori erresignaziotik hurbilegi.
    Eta ez da hori GAUR-ORAIN eta HEMEN egin behar duguna.
    Aktiboago eta eraginkoarrago behar dugu estrategia.
    Nola?
    Euskaldun bizi nahi dugunok ANTOLATU EGIN BEHAR DUGU GEURE BURUA.
    Eta ANTOLATZEAk esan nahi du koordinatzea, batera jokatzen ikastea eta, beharrezko balitz, baita erakundetzea ere. Euskara ARDATZ duen erakunde bilakatzea, alegia.
    Baina ez, noski, kultur erakunde gastronomiko-poetikoa.
    Erakunde egituratua baizik, erakunde sendoa, irmoa, miitantzia serioa exijitzen duena.
    Eta hori egitean, egin bitartean eta egin ondoren, bestelakoetan ere GEURE BURUA SARTU eta INPLIKATU.
    Zer adierazten duen horrek?
    Benetako LOBBYa antolatu beharko genukeela euskaldun garenok eta euskaldun bizi nahi dugunok.
    Eta, aldi berean, gizarte-dinamikak aktibatzen dituzten erakunde desberdinetan (berdin partidu, sindikatu, batzorde edo bestelakoetan) inplikatu beharko genukeela modurik koordinatuenean jokatzeko eta hizkuntzaren errealitatea azalarazteko, eta ezezagun marjinalak izatetik benetako aktibo eraginkorrak izatera pasatzeko eta, azken finean, euskara ezinbesteko bilakatzen hasteko.
    Edo azkar eta gogor presionatzen dugu, edo inork ezagutzen ez duen Buradon Gatzaga ondoko kamaldulako fraideak baino baztertuago eta ahantziago geratuko gara laster asko euskaldunok guztiok.

  • JJ Agirre

    Hortzak estututa alferrik ematen da denbora erakunde gastronomikoetan.
    Hortzak estutzen dira beste helburu batzuekin, noski. Baina gehiegi estutzea ere ez da komeni, hortz guztiak behar izaten dira eta.

  • Pat Garrett 2016-05-10 15:51

    Nik pentsatzen dut lobby funtzioa behar bezala egin dezakeen erakunde bakarra alderdi politikoa dela. Euskaldunon alderdi bat sortzeak gehiago bananduko omen gaitu, baina norengandik? Abertzale espainolzale hipokritengandik? Nik nahiago, nahiz eta lau katu geratu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude