Nafarroako Parlamentuak zentsurarekin ospatu du Liburuaren Eguna

MjA4MA==

1981a zen. Bilbon Joseba Garaizar izeneko idazle batek “Enperadore Eroa” ipuina idatzi eta “Bilbo Hiria Saria” irabazi zuen. Argiak aipatzen zuenez: Joseba Garaizarren Enperadore Eroa ipuinak ez du biraorik, txorigorririk, ahokada iraingarririk. Sano narrazio fina da Ching-Fu pintatzailearen alabaz maitemindu den Hung-Wu enperadorearen istorioa. Xarma berezia du, hitzen aukeraketatik hasita. Izan ere, ipuin polita da maiteminez burua galdutako txinatar enperadorearena.

Baina Joseba ez zen Garaizar, Sarrionandia baizik. Eta hori ez zitzaion PNVri gustatu, noski, eta milaka liburu erre zituzten erraustegian. Antza ipuin horrekin zetorren beste ipuin bat zen arazoa, bertan erabiltzen ziren hitzak. Baina eguna gogoratzen dutenek argi esaten dute: Sarri zen arazoa. Eta arazo horri erantzuteko Bilboko liburu-saltzaileek “Cuentos Incombustibles” argitaratu zuten, Sarriren ipuina barne.

29 urte igaro dira hori gertatu zenetik. Zentsura oraindik badela argi dago, galde diezaiotela Fermin Muguruza edo Soziedad Alkoholikari, bestela. Baina atzokoan Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakia bezain larriak gutxi izan dira gertaturikoak.

Euskal Herriak Bere Eskolak salatu duenez Parlamentuan CDN, UPN, PSN eta IUNk “Euskal Herria” kontzeptu gisa aipatzen duten edozer debekatzeko pausoa eman dute:

Hasieran “Euskal Herria” aipatzen zuten liburuak doakotasunetik kanpo gera zitezela adostu zuten. Euskal Herria aipatzen bazuten, ezin zen beste liburuak bezala erabili. Baina 31 ikastetxek liburu horiek erabiltzen jarraituko dutela ikusi dutenez orain debeku osoari eman diote bidea, hasieratik argi zegoena inoiz baino argiago utzi: zentsura, Euskal Herriaren aurkako erasoak eta euskara eta euskal kulturarekin harremana duen ororen deuseztea.

Eta bitxia CDNk emaniko argudioa:

“Desde CDN esperamos que el Gobierno de Navarra, que ha secundado la propuesta, modifique la orden foral que emitió Catalán a fin de que estos libros no puedan utilizarse en ningún centro de la comunidad. Ahora exigiremos que se cumpla está decisión”

Nafarroan oso ondo dakite ospatzen Liburuaren Eguna!

Irudia | Apirilak 23, Nafarroa | EHBE | Creative Commons By SA

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

Zer duzu buruan “Nafarroako Parlamentuak zentsurarekin ospatu du Liburuaren Eguna”-ri buruz