Nafarroako Lan eta Osasun Publikoaren Istitutuaren aurrean

Nafarroako Lan eta Osasun Publikoaren Istitutuaren aurrean –

Hezkuntza Komunitatearen Foroa elkarretaratu zen atzo Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza Departamentuak Osasun Departamentuaren mendeko erakunde horrek emandako jarraibideak erabili baititu Covid-19aren aurkako kontingentzia planari dagozkion erabaki asko justifikatzeko.

Hortaz, adierazi nahi dugu:

  • Ikasturtea hasi den arren, Nafarroako Gobernuak ez du inolako asmorik erakutsi Hezkuntza Komunitatea osatzen duten eragileekin espazio alternatiboen egokitzapena negoziatzeko, horrela ratioak jaisteko, ikasleen arteko distantzia handitzeko eta kutsatzeko probabilitatea nabarmen murrizteko. Gela askotan pertsonen artean ez da errespetatzen 1,5 metroko gutxieneko tartea edo pertsona bakoitzari ez zaio ematen 2,25 metro koadroko espazioa, batez ere batxilergoan, non ratioa 33 ikaslekoa den ikasgela bakoitzeko.

  • Laneko arriskuen prebentzioko espezialistek arduratu behar dute ikastetxeetan COVID plana ezartzeaz eta berrikusteaz. Lan hori ezin dute irakasleek egin, ez baitute horren inguruko berariazko prestakuntzarik.

  • Irakasle zaurgarriek, zenbait patologia dituztenek eta Laneko Arriskuen Prebentzio Zerbitzuan haien lanpostua egokitzeko eskatu duten gehienek ez dute oraindik erantzunik jaso, eta lortu dutenean, edozein egokitzapen ukatu zaie, baita FFP2 motako babes handiagoko maskarak ere.

  • Ez zaie baheketa serologikorik eginen inplikatutako langile guztiei: irakasleei, administrariei, atezainei, zaintzaileei, hezitzaileei, garbitzaileei eta gidariei. Halaber, zentroan kutsatzerik antzemanez gero, kasu positiboarekin harremanetan egon diren langile guztiei PCR proba egitea eskatzen dugu.

  • Eskolako erizaintza-zerbitzua eskatzen dugu, ikastetxea dagoen osasun-zentroarekin koordinatuta.

  • Talde desberdinetako ikasleak biltzen diren geletarako metakrilatozko itxiturak eskatzen ditugu, irakasleek eta ikasleek elkar ikusteko modua izan dezaten.

  • Maskarak erabiltzeak komunikazioa zailtzen du. Hala, mikrofonoak eskatzen ditugu ahots arazoak dituzten irakasleentzat, langile guztientzat babes-maila handia duten maskara gardenak, bereziki adin txikiko ikasleak eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak artatzen dituzten profesionalentzat.

  • Osasun krisi honek eragin handia du ikasleen eta zentroetako langileen osasun emozionalean. Departamentuak prestakuntza eskaini beharko luke eta psikologia klinikoko zerbitzu bat eman beharko lieke irakasleei, ikasleei eta familiei.

  • Geletako aireztapena zaildu daiteke kanpoko zaratak jasaten dituzten geletan eta hotza iristen denean, gela guztietan. Ikasgelek HEPA iragazkiak dituzten aire-arazgailuak izan beharko lituzkete, baita karbono-dioxido sentsoreak ere, airearen berriztatze maila kontrolatzeko.

  • Teleirakaskuntza oso korapilatsua denean, eskatzen dugu irakasle konfinatuak ordezkatzea: haur-hezkuntzan, gorputz-hezkuntzan, etab.

  • Atezaintzako langile gehiago, ikastetxeko sarrerak, irteerak eta barne-fluxuak hobeki antolatzeko. Irakasleen lan zama handitu da, sektore horretan eta garbiketa sektorean errefortzurik ez dagoelako.

  • Gurasoentzat baimen ordaindua eskatzen dugu, Covid-19ak edo prebentziozko konfinamenduek haien seme-alabei eraginez gero, bai eta kontziliazio neurriak ere eskolan eta lanean.

Horregatik, azaldutako neurriak lehenbailehen ezartzeko eta hezkuntza komunitatea osatzen duten eragile guztiekin benetako negoziazioa hasteko eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari. Halaber, gure hezkuntza sistemak egiazko negoziazioa behar du, ez azalpenak emateko bilera hutsak, aurrez aurreko hezkuntza eta aukera berdintasuna babesteko neurriak hartzeko.

Nafarroako Lan eta Osasun Publikoaren Istitutuaren aurrean

Sindikatuak: LAB, STEILAS, AFAPNA, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA, CSIF y USO.

Ikasleen Elkarteak: Ernai, estudiantes en movimiento etaGora ikasleon borroka,

Gurasoen elkarteak eta plataformak: Sortzen, Gurasoak mugimenduan, Eskola eta Osasuna.

Nafarroako Lan eta Osasun Publikoaren Istitutuaren aurrean