Nafarroako Hezkuntza Departamentuak sektore pribatua lehenetsi du diru publikoa banatzerako orduan

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak sektore pribatua lehenetsi du diru publikoa banatzerako orduan –

Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak guztiz baztertuta ditu Hezkuntza Departamentuak, eta beste behin ere argi utzi du hori. Oraingoan diru publikoa sektore pribatura bideratu du, hau izan dadin eta ez ikastetxe publikoak edo Nafar Lansare, gaitasun profesionalak egiaztatuko dituztenak.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak sektore pribatua lehenetsi du diru publikoa banatzerako orduan

Hezkuntza Departamentuak behin eta berriz agerian uzten du sektore pribatuaren aldeko jarrera, nahiz eta horrek maiz publikoari kalte eragiten dion. LAB sindikatuari guztiz ulertezina iruditzen zaio, eta horregatik, jokabide hau errefusatzeaz gain, salatu ere egiten dugu. Oraingoan diru publikoa sektore pribatura bideratu du, Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganbera Ofizialera zehazki esanda, horrek gaitasun profesionalak egiazta ditzan. Kasu honetan, horra, 900.000 euro bideratu ditu, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetara edo Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzura egin beharrean.

Hezkuntza eta Lanbide Heziketa Ministerioak 4 milioi euro baino gehiago eman zizkion Nafarroako Foru Komunitateari gaitasun profesionalen ebaluazioa eta egiaztapena finantzatzeko, eta horietatik laurden bat Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuen Ganberarako izango da. Nafarroako Ganbera zuzenbide publikoko elkarte bat da, eta bazkideen interesak ordezkatzea, defendatzea eta sustatzea du helburu. Bazkideak Nafarroan kokatutako enpresak dira, merkataritzakoak, industriakoak eta zerbitzuetakoak. Bere jarduna kanpo-merkataritzara eta enpresen nazioartekotzera, enpresa-prestakuntzara eta aholkularitza ekonomiko, komertzial eta juridikora bideratuzen du. Laburbilduz, zuzenbide publikoko erakundea da, baina ez erakunde publikoa.

Ia bi urte igaro dira Nafarroak gaitasun profesionalak egiaztatzeko eskumenak dituenetik, baina LABen kezka handiz ikusten dugu Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ez duela bermatzen gaitasun profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko zerbitzu gehienak Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen eta Nafar Lansareren bitartez eskaintzea. Eta are larriago begitantzen zaigu Nafarroako Merkataritza Ganberari 900.000 euro emateko gai izatea, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen edo Nafar Lansareren bidez egin beharko liratekeen akreditazioak kudeatzeko.

LABek, horregatik guztiagatik, Carlos Gimenok zuzentzen duen departamentuari esijitzen dio utz dezala behin betiko sektore pribatuaren aldeko jarrera eta egin dezala publikoaren alde apustu; modu sendo eta sinesgarrian egin ere! Are gehiago, guztiz ezinbestekoa da, gainera, Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxe publikoei eta bertako langileei beharrezko dituzten baliabideak eta lan-baldintza egokiak ematea. Izan ere, hori baita hezkuntza duin, arautu, egiaztatzaile eta kalitatezko bat bermatzeko modu bakarra.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak sektore pribatua lehenetsi du diru publikoa banatzerako orduan