Nafarroako Gobernuak agindu du zuzenbide ataria ekainean euskaratuta egongo dela

LexnavarraLEXNAVARRA Nafarroako Gobernuaren web gune ofizialeko atari publikoetako bat da, eta sorreratik (2007tik) gaztelaniaz bakarrik eskaini izan dute. Nafarroako udaletako langile askorentzat lan tresna garrantzitsua da web gunea; izan ere, lege aipamenak, lege eguneraketak eta abar bilatzeko erabili ohi dute. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bultzatuta, Nafarroako 54 udalek, mankomunitate batek eta bailara bateko batzar orokorrak eskaera egin diote Nafarroako Gobernuari edukiak lehenbailehen euskaratzeko, eta bi hilabete barru edukiak euskaratzeko konpromisoa lortu dute. Eskaera idatziz ez ezik aurrez aurreko bilera batean ere helarazi diote Nafarroako Gobernuari.

 

Nafarroako Gobernuak web gunea euskaraz eskaintzen ez zuenez, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak idatzi bat prestatu eta Nafarroako hainbat udaletan zabaldu zuen. Urte hasieran idatzia sinatzeko aukera eman zitzaien tokiko administrazioetako ordezkari politikoei, eta eskaerak 54 udalen, mankomunitate baten eta bailara bateko batzar orokorraren babesa lortu zuen. Udal batzuetan, osoko bilkuretara eraman dute eskaera, eta bertan berretsi dute web gunea euskaratzeko eskaera. Horrez gain, zenbait udaletan hautetsi guztiek sinatu dute gutuna.

Idatzia Nafarroako Gobernuan entregatzeaz gain, sinatzaileen ordezkariek aurrez aurreko bilera bat egin dute Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko ordezkariekin. Bilera apirilaren 4an izan zen, eta honako hauek hartu zuten parte: eskatzaileen aldetik, Pedro Gastearena Atarrabiako alkateak, Xabier Lasa Berriozarko alkateak eta Eneka Maiz Etxarri Aranazko zinegotzi eta UEMAko Zuzendaritza Batzordeko kideak eta, Nafarroako Gobernuaren aldetik, José Luis Izco Toki Administrazioaren zuzendari nagusiak, Marta Pernaut Lehendakaritzako Gai Juridikoen zuzendariak eta José Luis Remón Nafarroako Aldizkari Ofizialaren zuzendariak.

Bilera horretan, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen ekainean LEXNAVARRA web atari publikoko edukiak euskaratuta edukitzeko, eta xede horrekin lanean ari direla jakinarazi ziguten. Horrez gain, agindu zuten aurrerantzean ere harremanetan egonen zirela, euskararen normalizazioaren bidean Administrazio Elektronikoarekin lotuta dauden gabeziak identifikatzeko eta horiei konponbideak emateko.

Eskaeraren edukia eta sinatzaileak ikusi nahi badituzu, egin klik hemen eta jaitsi PDFa.

Inork besterik nahi badu, UEMAren bulegoarekin jar liteke harremanetan: 943260372 edo komunikazioa.uema@gmail.com.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.