Nafarroako eskuina hasi da fitxa mugitzen

CDN, PPN, UPN, PSN,… azken urteotan baino sigla gehiago dituzte Nafarroa Garaiko unionistek. Bien bitartean, ezkertiar eta abertzaleen batasuna dabil alderdi abertzaleen ahotan. Seguruenik ez da 2011ko hauteskundeetan horrelakorik izanen, baina NaBai koalizioak erakar ditzakeen bozka kopuruak larritzen hasiak ditu alderdi konstituzionalistak. EAk eta Aralarrek argi utzi dute haien apustua Nafarroa Bai izanen dela, baina bien bitartean ezker abertzalearekin bilerak dituzte Nafarroa Garaiaren etorkizunaz solasteko. Mugimendu hauek guziek bultzatu dute eskuina batasunaz (haien artekoaz) hitz egitera.

CDN-k iragan urtean ohartarazi zuen Nafarroa Baik lehen indar izateko zituen aukerez. Abertzaletasunarekin Nafarroa foral eta espainiarraren gainbehera etor zitekeelakoan, UPN eta PPN-ri koalizioan aurkezteko gonbita aurkeztu zien. UPN-k baina, bere harrotasuna bazterrean uzteko arazoak ditu eta ez dago bere gobernukide ohiaren esanak betetzeko prest. Aitzitik, PSN-rekin dituen harremanak bere horretan diraute, beraz, hauteskundeen ondotik pentsatu nahiko du zeinekin ohatuko den. 

MzE2NQ==

Harrigarriena -edo ez- CDN-ren jarrera izan da. EA-rekin gobernatzetik eta UPN-ren sozio izatera pasa ondotik, PPN-ren besoetan erori da hondarrekoz. Haien arteko elkarlana bi ziok bultzatu dutela diote: alde batetik PPN-k Nafarroako Parlamentuan presentziarik ez izateak eta bestetik CDN-k espainiar Gorteetan aulkirik ez izateak. UPN-k bere aldetik, UPyD-ri eskatu omen dio hauteskundeetan parte hartu ez dezan, botoak galduko direlakoan. Bien bitartean, kide ohiak elkarri mokoka bizi dira.

2009ko azaroan ‘Navarrometroak’ argi azaldu zituen espainiar alderdiak garaile: UPN-k 18 eserleku (22 ditu orain), NaBai-k 13 (12 ditu orain), PSN-k 12 (egungo berak), PPN-k 5, IUN-k 2 (mantenduko litzateke) eta CDN aulkirik gabe (egungo biak galduko lituzke). Ezker abertzalea ez zuten azterketan sartu, beraz, datu hauek ezin daitezke fidagarriak izan. Badirudi Nafarroa Garaiko eskuinak ez duela hain garbi hauteskundeak irabaziko dituztela. Barcinak hasi du guda bere blogean paraturiko bideo eta artikuluekin.

Nafarroa Garaia, politikariak
Iker Tubia

BARDO GORRI NAFARRA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude