Nafarroako erregeak, Italiako errege?

Duela aste batzuk orainkari honetan argitaraturiko post batean Nafarroako historia eta memoriari buruzko eztabaida polita piztu zen. Haren karira otu zait honi buruz idaztea.

1520 hamarkadan Nafarroako erregeek erreinua militarki galdu ostean, borroka diplomatikoa bultzatu zuten. XVI. Mendean zehar Albret familia eta erreinuaren itzulera Frantziako eta Espainiako monarkiaren arteko bake akordioen elkarrizketetan agertu ziren askotan.

Hala, 1526ko Madrilgo Tratatuan Frantziako erregeak hitz eman zuen Nafarroako Enrike II-ak errege titulua alde batera utziko zuela. Modu honetan jokatu zuen aurrerantzean errege galiarrak eta Niza (1528), Cambray (1529), edo Crepyko (1544) bakeak sinatzean ardura bera promestu zuen.

Ez ziren gutxi izan ezkontza politikaren bidez erreinua berreskuratzeko saiakerak. Espainiako Karlos I-ak eta Inperio Sainduko V.ak bere seme Felipe, gerora Felipe II-a izango zena, Joana Nafarroako erregearen alabarekin ezkontzen saiatu zen 1537-an, egoera baketze aldera.

Arazo bat zegoen ordea, eta berau Albret etxearen propietateak ziren. Nafarroko erregeek Hainbat lurralde kontrolatzen zituzten Frantziako iparraldetik hegoaldera (gaur egungo Iparralde barne), eta hauek Espainiaren eskutan amaituko zuten ezkontza hura gauzatuz gero. Hau dela eta, Frantziako erregea ez zen ados. Ondorioz, Joana 1548an Borbongo Antoniorekin ezkondu zen, nahiz eta Felipe espainiarrarekin elkartzeko saiakerek ez zuten etenik izan.

Felipe II.aren erreinupean Nafarroako erregeek ez zuten erreinuaren itzuleraren borroka bere horretan utzi. Espainiako erregea bera zen interes handiena zuena erreinua bueltatzeko ezkontza baten bidez, batez ere Frantziako erregearen kaltean. 1556 hasi ziren negoziaketak.

Halere, itxurakerien susmoa nabaria zen, Joanaren ordezkariek konkista izanagatik konpentsazio ekonomikoa eskatu baitzuten, ordurako erreinuaren itzuleraren erreklamazioa ezinezkotzat jota.  Egoerak okerrera jo zuen oraindik ere, Joanak 1560an fede kalbinista hautatu zuenean. Espainiak aitzakia zuen katolikoa izanik erreinua ez itzultzeko.

Nafar erregeak, aurpegi berria erakutsiz, gauza harrigarriak eskatzen hasi ziren. Espainiak ez zuenez Nafarroa itzuliko, beste erreinu bat eskatu zuten, edozein, ordainsari gisa. Bost axola zitzaien Nafarroa izan ala ez, asuntua erreinu bat irabaztea zen. Eta eskatu estatu hau Saboiako erreinua zen.

Ezaguna da Joanaren semeak, Nafarroako errege bihurtu zen Enrike III.a, Frantziako errege bihurtu zela. Honek 1598an Espainarekin Vervins-ko bakea sinatzean ohartarazi zion Espainiako erregeari bere oinordekotza zen erreinuarekiko eskubideak ez zituela baztertuko. Halere, Pirinioen bestaldeko Nafarroa Frantziako koroan txertatua izan zen.

Enrike honen oinordeko izango zen Espainiako Felipe V.a, eta honela, “Albret” batek Nafarroko erreinua berreskuratuko zuen, nahiz eta planteamendu berri batez.

Baina demagun nafar erregeek Saboia lortu zutela. Saboia Italiako erreinua zen, XIX mendean independentzia prozesua bultzatu zuen aktoreetako bat. Historialariok ezin dugu etorkizunari buruzko predikziorik egin, duela gutxi Bixente Serrano Izko-k Argian gogoratzen zuen moduan. Baina, zer gertatuko litzateke Nafarroako erregeak Italiako errege izan balira?

historia, nafarroa

Historialaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude