Nafarroako banderaren defentsan, bale edo kale?

Nafarroako banderaren defentsan, bale edo kale?

Bi iritzi kontrajarri eta bitxikeria bat ekarri nahi ditut ZUZEUra, joan den larunbatean Nafarroako hiriburuan deitutako manifestazioaren harira.

Azkenekotik hasiko gara. Bitxikeria esan dugu, baina kontu garrantzitsua da @Agak79k txio sorta batean landu duena; deialdiak bildu zuen jende kopurua aztertu du, hau da, zenbateko arrakasta izan zuen.

Gogoratu elkarretaratze bat egiten den aldiro, parte-hartzaile kopuruak ematerako orduan alde ikaragarriak izaten direla, iturriaren arabera. Halaxe izan da oraingoan ere, “Nafarroako banderaren defentsan”, Iruñeko udaltzaingoaren arabera, 15.000 lagun bildu ziren; askoz gehiago (Espainiako) Gobernu delegaritzaren arabera, 25.000 lagun inguru. Nola da posible?

@Agak79 txiolariak ere horixe bera galdetu dio bere buruari, nola da posible? Bere aburuz, “inork ez du azaltzen nola egiten den kalkulua, eta beraz, ez dago emaitzak zuzenak eta okerrak diren esaterik”. Eta horixe argitzen saiatu da.

“Manifestometroa hartu dut eredu -medio gutxiagorekin bada ere-, komunikatua irakurtzen den tokiko gunearen area kalkulatu eta une horretan bertan biltzen den jende dentsitatea neurtu. Eta zifra bat ematen ausartuko naiz: 10.000 lagun”.

Deialditik @Agak79 gehien harritu duena “aukeratutako ibilbidea izan da. Iruñeko manifestazio handi guztiak etorbide zabaletatik doaz, Nafarroa Behereko etorbidetik, adibidez. Eta indar erakustaldia egitekotan, Karlos III. etorbidean edo Gaztelu Plazan bukatzen duzu. Larunbatekoan ez, kale txikietatik ibili ziren, eta ibilbide labur baten ostean, ordu erdi ingurukoa, bihurgunedun toki batean bukatu”.

Bihurgunea dela-eta, zaila izan omen du manifestazioko argazki onak aurkitzea. Bi hauexek erabili ditu:

“Argazki horiek aztertuta eta SITNAra joz, 5.000 metro koadroko area hartuko dugu kontutan [ikusi argazkia]. Oso eskuzabalak izanda kalkulua egitean, garajeko pasabidea, oholtza eta ondoan diren obretako areak kendu ez ditugulako.

Argazki horietan ikusten da Karlos III. eta Nafarroako Gorteen kaleetako gurutzebidean dagoen jendearen dentsitatea, hutsune asko eta jende gutxi. Lagun bat metro koadroko asko jota. Oholtza aurrean zegoen jende kopuruaren irakurketa egiteko, berriz, beste bi argazki hauek erabili ditut. Eta ondorioztatu dut 4 bat lagun zeudela metro koadroko”:

Laburtuz, kalkulatutako area guztian media eginda bi lagun metro kodroko, eta 5.000 metro koadroko area. Guztira, 10.000 lagun.

“Argazkietan ikusten dena baino area handiagoa hartu dut -dio @Agak79 txiolariak-, Diario de Navarran dioelako batzuk aurretik joanak zirela. Baina, hala ere, area eta dentsitate kalkuluak eskuzabalak dira, eta ez zaizkit inondik ere polizia nazionalak emandako kopuruak ateratzen”.

Baina @Agak79 gehien harritzen duena, arestian esan bezala, aukeratutako ibilbidea da. Hiru hipotesi ematen ditu, erabakia ulertzeko: “Antolatzaileek esperientzia falta zutelako, jende nahikoa ez biltzearen beldur zirelako, edo… egia delako azkar bukatu nahi zutela finala ikusteko”; futbol Txapeldunen ligakoa, Juventus eta Real Madridek jokatu zutena.

Parte hartzearen kontua argituta, saia gaitezen galdera nagusia erantzuten: deialdiak arrakasta izan zuen, ala porrot egin zuen?

.

Arrakasta

Ahotsa.info hedabideak, txio sorta batekin hauek ere, deialdiak arrakasta izan duela defendatu du. Eman dituzten arrazoiak euskaratuko dizkizuegu jarraian.

Larunbatekoa “Erregimenaren aldekok alderdien indar erakustaldia” izan zen, Ahotsa.inforen aburuz. “#3jPorNavarra deialdiak ez du porrot egin, inondik ere”.

“Egia da jada beraiekin dagoen jende saldoa baino ez dutela bildu, eta Nafarroako bandera arriskuan dagoenaren mezua, zorionez, gizarteak ez duela barneratu. Baina helburu garrantzitsua bete dute. Bi urteko isiltasunaren ostean, kalera atera dira, harrotasunez.

Eta ez ziren ultra koadrila bat, ezta lau katu ere. Zure lehengusuak ziren, zure auzokoa, zure izeba, mezetara doan emakume hori… Eskuin muturra, parte hartu zuen arren, ez zen izan protagonista. Aurreko akatsetatik ikasten ari dira.

Protagonista nagusia Nafarroako bandera izan zen, espainiarra (eta honek dakartzan kontraesanak) bigarren lerro batean utzita. Ez ziren kanpotik etorri, Erriberatik baizik, Lizarraldetik, Zangotzaldetik… Villavesaz Iruñera joz. Bertakoak dira, fabrikatik ezagutzen ditugunak, aspaldiko eskolako kideak, kaletik gurutzatzen dituzunak…

Honetaz jabetzea garrantzitsua da, honek erakusten baitigu zeinen hauskorra den Aldaketa Nafarroan. Indarrak oso parekatuta daude. Orain bi urte hauteskundeek Nafarroa eraldatzeko aukera bat zabaldu zuten. Egun, jabetzen gara Aldaketa arriskuan izateaz.

Aldaketaren gakoetako bat gizarte mobilizazioak behar du izan; erakundeetan egin daiteken lana bezain garrantzitsua dena, gehiago ez bada. Aldaketaren aldekoen indarra faltan botatzen da, gizarte mugimenduetan. Ez da erraza benetako alternatiba bat eraikitzea, baina zailagoa da Erregimena beste 40 urtez jasan behar izatea.

Indar politiko, sozial eta sindikalak oldartuta erantzun beharko liokete eskuinaren elkarretaratze honi. Edukiz betetako erantzun bat eman, orain arte egindakoa defendatuz eta egin ez denaren autokritika eginez. Eta etorkizunerako erronkak finkatuz. Hurrengo hauteskundeak irabazita baino gauzatu ezingo den etorkizuna. Erantzunak ukaezina beharko luke; Nafarroako Aldaketak beraiek ere ukatu ezingo duten babes soziala jaso behar du. Beraz, lanera. Gora Nafarroa!”.

.

Porrota

Ahotsa.inforen hariari erantzunez, “nik porrot egin duela uste dut”, idatzi du @Neokanbrik izeneko txiolariak, “porrot erabatekoa”. Iritzia ondo arrazoitu du honek ere.

“50.000 lagun espero zituzten (Navarra Confidencial), eta beraz, espero zutenaren herena bildu. Ez diot ez direnik kontutan hartu behar, noski, baina aurreikuspenak ez dituzte bete.

Aldaketaren kontrako asko eta askok ez du parte hartu deialdian, ez dituzte erakarri. Hain errealitate birtual zakarra sortzearen estrategiak kale egin die atzerakoiak bai baina tontoak ez diren hautesleekin. Errealitate paralelo hori babesteko, gainera, duten indar mediatiko izugarria  alferrik galtzen ari dira, gero eta sinesgarritasun gutxiago baitu.

Espainiar bandera ezkutatu behar izan dute, beraientzako atzera pausu bat dena. Funtzionatu ez dien estrategia tremendista eta intolerante batekin bi urte galdu dituzte, eta beraien liderra Nafarroako politikaren Cantinflas dugu.

Estrategia berri bat eta lider inteligente bat aurkitzeko denborarik gabe gelditzen ari dira. Aldaketak errazagoa du orain. Horrexegaitik uste dut porrot egin dutela”.

Horra bi iritzi kontrajarri, joan den larunbateko hitzorduaz. Eta zuk, irakurle, zein iritzi duzu?

.

Bideoa: Ion Orzaiz.

Nafarroako banderaren defentsan, bale edo kale? Nafarroako banderaren defentsan, bale edo kale?Nafarroako banderaren defentsan, bale edo kale?

Zer duzu buruan “Nafarroako banderaren defentsan, bale edo kale?”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2017-06-07 01:45

    Nahiz eta busak dohainik eduki, ez dira joan antolatzaileek uste zuten bezainbeste, baina gutxi ere ez dira joan. 10.000 -15.000 manifestari jende asko da Nafarroan, are gehiago jende-sektore kontserbadorea, adinekoa, dela kontuan hartuta.

    Esan behar da Nafarroako Parlamentuan 25+1 Barkosen alde batzea ozta-ozta izan zela posible, batez ere Ciudadanosek parlamentaririk lortu ez zuelako.

    Litekeena da hurrengo hauteskundeetan aldaketaren alderdiek higadura sufritzea gobernuan egotearen ondorioz, eta erregimenekoak, berriz, sekulako indarrarekin aurkeztea basko, proetarra eta podemitak kanporatzeko gogo biziz.