Nafarroako Administrazio Auzitegia, Atarrabiako Udalaren aurka

Nafarroako Administrazio Auzitegia, Atarrabiako Udalaren aurka – 

NAFARROAKO ADMINISTRAZIO AUZITEGIA, ATARRABIAKO UDALAREN KONTRA

Asko pozten gara ikusita zer erantzun izan duen Irunen izandako euskararen kontrako erasoak. Bat egin dute herri mugimenduak eta erakundeek, eta guk ere dei egiten dugu heldu den larunbatean Bilbora joateko, protesta egitera.

Nolanahi ere, oroitarazi behar dugu Nafarroan etengabe gertatzen ari direla horrelako erasoak. Nafarroako Administrazio Auzitegiak baliogabetu egin ditu lanpostu elebidunak eta/edo baliogabetzat jo du euskara merezimendu izatea udal hauetan:

Zizur Nagusian, Berriobeitin, Berriozarren, Antsoainen, Uharten eta, azkenekoz, Atarrabian (joan den astean jakin genuen).

Nafarroako Administrazio Auzitegia Nafarroako erakunde berezi bat da: edozeinek jo dezake hara, doan, eta errekurtsoak jar ditzake baldin uste badu udal batek ez dituela lege-arauak betetzen. Eta haren erabakiak bete beharrekoak dira.

Baina kasu honetan herritarren, euskararen eta legearen kontra ari da. 1986ko Euskararen Legeak, 17. artikuluan, hauxe ezartzen du eremu mistorako:

“Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Aipatutako udal guztiak eremu mistoan daude. Maiz, epaileek, eta, kasu honetan, Nafarroako Administrazio Auzitegiko mahaikideek, arauak interpretatu baino, arauak bihurritzen dituzte beren pentsamoldera ekartzeko. Irudi du gobernatu egin nahi dutela.

Bilbon bezala, oso mesedegarria litzateke herri mugimenduak eta erakundeek (herritar eta udal kaltetuek, esaterako) bat egitea erasoei erantzuteko.

Nafarroako Administrazio Auzitegia, Atarrabiako Udalaren aurka

Administrazioan Euskaraz Taldea