#NafarroakErabaki: zerbait garrantzitsuaren abiapuntua

#NafarroakErabaki: zerbait garrantzitsuaren abiapuntua

#NafarroakErabaki: zerbait garrantzitsuaren abiapuntua

Atzo EHBilduk “Nafarroak Erabaki” proposamena aurkeztu zuen Labriten. Ez nintzen bertan egon, baina sarearen bitartez esaten zenaren berri jaso nuen, lehenengo twitterretik (#nafarroakerabaki), ondoren euren Webgunean eskegi duten proposamena irakurrita. Eta uste dut aurreko egunetan sarean botatakoen mailan dagoela proposamena, aurretik ikusi gabeko zerbait proposatzen ari dela EHBildu oraingoan. Saiatuko naiz azaltzen:

Aktorea

Kataluniako prozesuak hartu duen abiada dela eta asko izan dira gurean ere “noizko?” galdera egin dutenak. Normala da, eta desiragarria horrelako galderak gehiagotan egitea. Arazoa da Katalunian ANC edo Omnium bezalako herri eragileek mugitu dutela prozesua, geroz eta independentistagoa den mezu batekin, eta alderdiak direla atzetik joan direnak.

Euskal Herrian egoera hori ematea zaila da momentu hauetan. Gure Esku Dagok paper oso garrantzitsua jokatu beharko du erabakitzeko eskubidearen alde gehiengoak artikulatuz, baina agintean dauden alderdiek (EAJ eta UPN Hego Euskal Herrian) ez dute CiUren bidea jarraituko. EAJk momentu honetan estatutik etor daitekeen Konstituzio aldaketa baten zain dago, bertan “erabakitzeko eskubidea” agian ez baina “nazio izaera” onartzea da euren nahia. Ez dut uste etorriko denik, ez behintzat orain, ez behintzat borrokarik gabe. UPNk ez du aldaketarik nahi: are eta gehiago, kontrako norantzan nahi dute, nahi izatekotan.

Horregatik EHBilduk esan zuenean bidearen lidergotza egiteko prest zegoela asmatu zuelakoan nago. Ezin dugu egon estatuen zain, gure bideari ekin beharko diogu guk bakarrik. Aldebakartasuna besterik ez dago, Kataluniak erakutsi duen moduan.

Nafarroan, ordea, beste konponente garrantzitsu bat dago: UPN-PSNren erregimena gainbeheran dago eta horren aurrean aldaketaren aldeko bloke bat ikusten da. Bloke horretako eragilerik handiena EHBildu da. Aldaketarako garrantzitsua izan daiteke ere Podemos, baina oraindik ez dakigu zer den egingo dutena, zer proposatuko duten, zelan antolatuko diren. Eta egoera horretan, norbaitek egin beharko du Nafarroa demokratizatzeko proposamena.

Lurraldetasuna

Bai, hori da gakoa. Katalunian independentzia lortu nahi dute 18 hilabeteren buruan. Principaten independentzia, hain zuzen ere. Ez nago aurka (herri bakoitzak jakingo du zer egingo duen), baina ez da nire herrirako nahi dudan eredua. EAE independiente baten aldekoak badaude, Nafarroa ezinezkotzat hartuta. Bada! Nik aurkakoa ikusten dut: errazagoa da Nafarroak Espainiarekin haustea Bizkaiak baino. Azken finean Bizkaian EAJk duen indarraren parte handi bat ez dator “independentzia” (edo) nahi dutelako, baizik eta eredu ekonomikoan PSE-PPren eredu bera daramalako. EAE edo Gipuzkoa independentziaren bidean jar daitezke, bai, baina nahiago nuke lurraldetasunaren eztabaida independentziarena baino lehen ematea.

Nafarroa izango da prozesu guzti honen giltza. Hori badakite kuneteroek, badaki estatuak eta ez dakit guk ere badakigun. Ildo honetan estatuak interes berezia du Podemos bezalako indar batek Nafarroan pisua hartzearekin. “Antes roja que rota” edo antzeko zerbait dute buruan. Independentzia nahi dugunok, ordea, kontrakoa egin beharko dugu: “Nafarroak erabakiko du zer nahi duen”. Demokrazia bururaino eramatea da “vascoak datoz” eta bestelakoekin bukatzeko modurik egokiena. “Kontuz, UPN… demokratak datoz!” izan beharko litzateke gure oihua.

Demokrazia

Zeitgeista da, badakit. Sistema politiko, ekonomiko eta sozialaren krisi honetan dena dago erortzear, dena gain beheran. Egoera horretan jaiotzen omen dira monstruoak. Eta horrelakorik jaio aurretik, hobe aldaketa politiko eta sozialaren alde daudenek proposamen bat egiten badute. Hor iruditzen zait dagoela EHBilduren proposamenaren atalik garrantzitsuena: dena erabaki nahi dugu. Erabakitzeko eskubidea ez da, bakarrik, independentzia edo estatus juridikoa. Erabaki nahi dugu ea zorra ordaindu nahi dugun edo ez, ea zer nolako polizia eredu edo hizkuntza politika nahi dugun, zein den fiskalitate justoa. Estatu bat eraikitzen hasi nahi badugu batzuek “Prozesu Konstituientea” deitzen duten hori egin beharko dugu. Katalunian egin zuten: “Vull un pais que…” eta ondoren bakoitzak nahi zuena jartzea. Hori da EHBilduk proposatu duenetik gehien gustatu zaidana: “Nik nahi dudan Nafarroan…” egin beharko lukete, plagioak politikan onargarriak izango balira.

Podemosek esaten du “Jendeak erabaki dezala”, definitu gabe nor den jendea, nongoa den jende hori eta zer den erabaki behar dena. Bitartean EHBilduk, telebistan hainbeste atera gabe, definizio hori egin du. Nafarroa izango da nafarrek nahi dutena. Eta ez Madrildik, Gasteiztik edo Donostiatik nahi dutena.

Estetika

Aurreko guztia ez da ezer irudiaren garai honetan estetika ez badugu aipatzen. Garrantzitsua delakoan nago. Aurreko batean EAJko bati entzun nion esaten eurek oso alderdi asanblearioa direla: uri batzar bakoitzak botere soberanoa du, baita Batzoki bakoitzak ere. Arrazoi guztia du, ezin diot ukatu. Arazoa da ia inork ez duela sentsazio hori. EHBilduk proposamena aurkezteko oso ekitaldi sinplea egin zuen, eta orain estetikoki bada ere, demokrazia ariketa hori BENETAN egin nahi duela irudikatu beharko du. Ez dela bakarrik pose elektoral bat, ez dela barnera begirako proposamen bat. Ez da bakarrik egiten duzula irudikatzea: besteek ere egiten duzula ulertu behar dute. Hor erronka.

#NafarroakErabaki: zerbait garrantzitsuaren
abiapuntua  abiapuntua  abiapuntua
abiapuntua

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...

8 pentsamendu “#NafarroakErabaki: zerbait garrantzitsuaren abiapuntua”-ri buruz

  • EHBilduren diskurtsoa oso polita da, nafarrok edozein gairen inguruan erabakitzeko eskubidea izan behar dugu. Praktikan, ordea, eredu suitzar horretatik oso urruti gaude, baita Bilduk gobernatzen duen lekuetan ere. Adibide bat artikulu honen egilearen herria da: Altsasu. Bertako udaleko osoko bilkurak etorkizunean aplikatu beharreko zabor sistemari buruzko galdeketa egitea onartu zuen, altsasuarrek beraiek erabaki zezaten. Udal horretan gobernatzen duen Bilduk ez zuen proposamena babestu. Halere, aurrera atera zen oposizioko taldeen aldeko botoarekin. Hiru urte beranduago galdeketa hori ez da egin, alegia, ez da Plenoak onartutakoa bete. Hauteskunde garaian gaude, hitzak oso politak dira baina benetako ekintzek dute garrantzia eta horretan Bilduk eta Araiz jaunak asko dute oraindik demostratzeko.

    • Erantzun Gontxalex 2014-12-05 09:31

      Bilduk ez du inon “gobernatzen”. Zenbait erakunde kolonial kudeatzen ditu, modu honetan okupazioa legitimatuaz. Hori ez da boterean egotea ez eta gobernatzea..

  • Ad hominem argudiorik ez, arren.

  • Altsasuarra 2014-12-04 11:53

    Ez duzu egi osoa kontatzen hala ere “Nafar”…kontakizunaren erdia edo kapitulu bat kontatuz gero edozeinek pentsa dezake Altsasuko Udaleko alkatetzatik herritarren partehartzea oztopatu nahi izan dela…ezta? Baieztapena horrek halare ez dator bat errealidadearekin. Mozioan galdeketarena agertzen zen baita epea ere, hau da, eztabaida ezina zen data eta hortaz aurkeztuko ziren aukera desberdinetarako epea inposatu egiten zen infomaziorako eta eztabaidarako tartea erabat mugatuz. Jakinda gainera, gai honek zalaparta politikoaren epizentroan kokatua zegoela interes partidistak direla medio (neretzako gai tekniko bati heltzen dionean, atzean zure interes ekonomiko-erraustezaleak ez direnean…alegia).
    Mozio horretan batzorde bat eratzea proposatu zen eztabaida eta akordiotarako gune bezala. Hara! Kuriosoa behintzat, akordioetarako sortzen den gune bat mugatua izatea hasieratik oso garrantzitsua den gakoetariko bat. Noiz egingo den galdeketa…
    Bestetik Batzordea sortu eta berehala eztabaida hasi zen eta horren joan-etorrian oposizioko zenbait indarren interesak garbi ikusi ziren. Galdeketaren gakoa difuminatuz joan zen desagertzeraino eta etzan izan alkatetza taldeko erabaki edo mandatuaren ondorioz, batzorde horretan konsensu bidez onartutakoa baizik, beraz…
    Plenoak onartutakoaren ezbetetze ardura, indar politiko guztiena da, hasiera bateko proposamen horrek etziolako heltzen ardura eta heldutasun minimo bati. Gauza hoiek, aho-berotasunetik oinarritutako proposamenak direnean gertatzen dira, pausa politikoa eta sosegua baztertzearen ardura.
    Orain beste bide-orri bat proposatu da eta adostasunetik abiatzen da, hastiroago edo mantsoago, bakoitzaren ikuspuntua desberdina izango da, bai…baina beti ere Mank.eko partehartzea eta ikuspuntua ere kontutan hartuz, nola baztertuko duzu bada zerbitzuaren ardura daukan instituzioa?
    Bestetik Altsasuko Udalak, partehartzean hainbat egitasmo, batzar, jardunaldi eta iniziatiba hartu du eta aurrerapenak agerian daude, herritarrek hori badakite. Jai-Batzordean, Auzolanean, 2012ko jardunaldietan, alkatetzako agerraldietan eta abar.
    Emaitzak ziurrenik gustatuko litzaiguken baino motelagoak izan dira kasu batzuetan beste batzuetan aldiz, oso osoo onak eta pozik gaude lehenengo harriak ipini direlako.
    Esandakoa…
    pd: ez naiz dena galdeketetara joan behar dela uste dutenen aldekoa, dena ezin da galdetu edo bozkatu…afera batzuetan aukerak ipintzea arriskutsua eta eskubide urraketak ekar ditzazke…

    • Ez dakit ba, esango nuke 3 urte nahikoa direla gai hau eta beste batzuk aurrera atera ahal izateko. Espero dut beste alor batzuetan Udalak erritmo azkarragoa izatea, bestela jai dugu. Nire irudipena da Bilduren udal gobernuak zaborren inguruko kontsulta, Plenoak gehiengoz onartua, sustatu ez badu kontsulta horren emaitza bere interesen kontrakoa izango litzatekeela uste duelako da. Hau da nire eta herritar askoren ustea.

  • Erantzun Gontxalex 2014-12-05 09:39

    “Nafarroak erabaki” horrek Comunidad Foral Navarrak erabaki esan nahi duela iruditu zait, ala?

    Beraz EH edo Nafarroa osoa jadanik ez da subjektu politiko bat, 3 dira? Zatiketa onartu duzuela dirudi.

    Bortxaz kendu ziguten independentzia berreskuratzeko zuen ustez bozkatu egin behar genuen, okupaziopean, eta okupatzaileen arauei tolestuta, euren erroldak erabiliz eta euren presio mediatikopean.

    Orain aldaketa esanguratsua dakarzue. Jadanik ez da bozketa bat behar, hiru behar dira? Hori erran nahi duzue? Indarrez kendu ziguten askatasuna lortzeko okupaziopean, okupatzaileen arauei tolestuta, euren erroldak erabiliz eta euren presio mediatikopean bozkatu behar dugu eurek inposaturiko zatiketaren ondorio diren zati bakoitzean? Eta hiruek atera behar dute baietz?

    Earki gatxik.

  • Erantzun Gontxalex 2014-12-05 09:43

    Demokrazia bururaino eramateaz ari zara. Okupaziopean ez dago demokraziarik. Independentzia da demokraziaren abiapuntua. Lehenik independentzia berreskuratu behar da, gero etorriko dira bozkak eta demokratizazio prozesuak.

  • Herri bat, hiru zati, bi ugazaba, hamaika laguntzaile,