“Nafarroak ETAren ametsa bete du”

Aldaketa haizeak dabiltza Erresuma Zaharrean, eta Espainia aldean aztoratuta dabiltzala igartzea besterik ez dago Nafarroak Madrilen duen garrantzia ulertzeko. Garrantzia, horren arriskutsu gertatzen zaien euskalduntasunari aurre egiteko orduan.

Atzo Uxue Barkos presidente izendatu zuten nafarrek; “presidente abertzalea, gehiengoa horrela ez den tokian”, hautetsi berriaren esanetan, El Pais-en arabera.

Prisa taldeko egunkaria izan da, hain zuzen ere, urduritasuna agerien erakutsi duenetakoa. José Luís Barberíaren erreportaje hirukoitz izendaezina aparte utzita, eta gero itzuliko gara hauetara, atzo “Cambio en Navarra” lerroburuko editorial bat plazaratu zuen El Paìs-ek, lehen aipatu ditugun erreportajeen laburpen eskasa baino ez dena: Foru eta Karlismo oinarri historiko baten gainean nahastu euskara eta indarkeria (ETArena, noski), gehitu Nafarroak eta EAE-k bat egiteko aukeraren eskukada bat eta Gobernua hartuko dutenen gutxiengo demokratiko tanta batzuk eta… voilá, horra irentzi ezinezko ahi beldurgarria.

Labe berean sukaldatutakoa dirudi El Correo Español eta El Diario Vascoren “Zumosoleko lehengusuak”, ABC-k, herenegun plazaratu duen editoriala, okaztagarria hau ere: “Navarra hace realidad el sueño de ETA“; Foru erkidegoari segurtasun arloko konpetentziak kentzeko eskaera egiten dio Gobernu zentralari, “proetarra bati indar armatu baten ardura” eman baino lehen.

"Nafarroak ETAren ametsa bete du"

“Ez dago ezer Espainiako eskumako egunkari baten antzekoagorik, ezkerreko egunkari Espainiako bat baino” irakurri genion atzo norbaiti; arrazoi osoa zuen.

 

Euskara eta indarkeria (besteak beste)

Jose Luis Barberíarengana bueltatuta, ez gara gehiegi luzatuko bere idatzietan, ez dira sailkatzen errazak eta -zeresana eman dute twitter-en (ikus osaba Sabinen kontua)-. Oraindik irakurri ez badituzu, azpian paratu ditugu irakurgai; aski esanguratsuak dira titularrak. Gerri malgukoa bazara, barre batzuk egiteko ere balio diezazukete, baina kontuak serio demonio hartzekoa bazara… kontuz; ozpinduko zaitu derrepente!

 

LA TIERRA DE PROMISIÓN DEL NACIONALISMO VASCO (saila)

 

"Nafarroak ETAren ametsa bete du"I. “La conquista de Navarra: La batalla principal se librará en torno a la expansión del euskera”.

II. “El largo viaje de la intransigencia: La violencia terrorista ha contaminado el relato y el proyecto nacionalista para gran parte de la sociedad navarra.

III. “Las dos Navarras: Los nacionalistas buscan en la historia navarra la quintaesencia del ser vasco para reivindicar su diferencia”.

 Artega dira Espainia aldean, bai, dar-dar.