Nafarroak esku-hartze soziala behar du

Nafarroak esku-hartze soziala behar du –

Badakigu jende askok galdetuko duela, zer da esku-hartze soziala? Definizio batek esaten du “gizartean konpondu gabeko arazoen aurrean antolatzen diren norbanakoen ekintza antolatua dela”.

Laburbilduz, Administrazioak enpresa pribatuekin azpikontratatutako gizarte zerbitzu publikoetan lan egiten dugun langileak gara, eta gure lana populazio segmentu ezberdinak artatzea da.

Nafarroak esku-hartze soziala behar du

Adibide batzuk jartzearren gazte, familia desegituratu, drogaren menpeko pertsona, tratu txarrak jasandako emakume, tutoretzapeko adin txikiko, gizarte bazterketan dauden pertsona, pertsona migratzaile, aniztasun funtzionala duten pertsona eta abarrekin lan egiten dugu. Ikusi daitekeenez artatzen den populazioaren espektroa anitza da oso.

Eskuartean dugun ardura eta funtzio sozial honen aurrean, dudarik gabe, esan dezakegu langile gehienok oso lan baldintza kaskarrak pairatzen ditugula. Urteetan zehar irizpide ekonomikoak lehenetsiak izan dira, eta kasu askotan, irabazi asmoa. Hau aski izango ez balitz, gure sektorean gehienak emakumeak direnez gero, diskriminazio sexista pairatu izan da, gaur egun prekarizazio egoera larrian aurkituz.

Azken finean, lan arautegi faltak guztiz kolpatzen gaitu. Eta jendartean, nahiz eta gure ekinbideak garrantzia duen, ez da batere ezagutzen, ezta aitortzen ere. Gainera murrizketek bat-batean kolpatu gaituzte, berez txarra zen egoera areagotuz. Horrela, gutako askorentzat ohikoak dira eta ez salbuespenak, esate baterako, lan egutegirik ez izatea, lan edo zerbitzu jakin baterako kontratu ilegala izatea, lan zama ikaragarriak, eskakizun emozional oso handia, langile gutxi, 800 €-ko soldatak, osasuna bidean galtzea…

Baina dena ez dago galduta. LAB sindikatutik bi urte daramatzagu lehen Esku-hartze Sozialeko hitzarmena bultzatzen, eta egoera sozio-politikoa baliatuz, posiblea da orain eta hemen sektoreko lan baldintzak hobetzen joateko erreminta lortzea. Azken bi hamarkadetako politiken eraginei buelta ematea dugu erronka. Hitzarmen hau lortzea, sektoreko langile guztientzat gutxieneko oinarria bermatzea izango litzateke, eta bai administrazioek, plegu bat ateratzen dutenean, bai entitateek, konkurtsoetara aurkezterakoan, betebeharreko minimoa.

Hitzarmen honek sektoreko langile guztientzat etorkizun duina bermatu beharko du eta hau gabe ezin dira bermatu kalitatezko zerbitzu sozial publikoak.

Oihan Ataun Rojo eta Nafarroako esku hartze sozialeko 345 langile gehiago

Nafarroak esku-hartze soziala behar du

Sindikalgintzan (LAB). Iruñerria.