Musukoa pixkanaka erantzi

Musukoa pixkanaka erantzi –

Markos Zapiainen blogetik jasoa.

Arazo eta konponbide berriak

Joan den astean nire tutoritzakoek argazki bat ateratzeko eskatu zidaten, taldeko whatsappean jartzeko. Ikastetxe desberdinetatik datoz Botikazarrera, askok ez dute elkar ezagutzen, eta, musukoen erruz, inoiz ez diote ikaskideari aurpegia ikusi.

Musukoa pixkanaka erantziArgazkia atera baino lehen, gela ondo aireztatu eta musukoa segundo batez eranzteko proposatu nien, mea culpa, argazkian behintzat elkarren aurpegiak ikusi ahal izateko. Ez zuten nahi izan. Zuhurtziagatik, pentsatu nuen, beldurragatik.

Biharamunean, ordea, uko horretaz hizketan ari ginela, ikasleek esan zidaten ez zela zuhurtziagatik izan, baizik eta lotsagatik. Belarriak, begiak, bekokiak eta ileak iradokitzen dutena ederragoa izaten da errealitatea baino. Gainera, Gestaltak erakutsi digu edozein figuraren zati bat ikusiz gero berez jotzen dugula osotasuna irudikatzera, eta, hau da garrantzitsuena, onerako joera ei du gure pertzepzioak, aiseago edo automatikoago irudikatzen du ederra itsusia baino.

Bestalde, ikasle batzuek Instagramen bitartez baino ez dituzte beste batzuk ezagutzen, eta Instagramen, kontrolpean duzunez zer igo eta zer ezkutatu, itxura ahal bezain ederra ematen ahalegintzen zara, Photoshopa lagun edo bestela.

Batez ere ikaskideen dezepzioa ez eragiteko egin zioten uko musukoa eranzteari. Gero eta konfiantza handiagoa behar da lagun hurkoari ezpain-sudurrak erakusteko. Belo islamdarraren kasuan bezala, ahoa pixkanaka desestaltzeko prozesua erotizatzen ari gara, musukoa eranztea streaptisaren bariante bat ari da bilakatzen.

Musukoa pixkanaka erantzi

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.