Munduko hiritarrak eta abertzaleak

Nerabezaroan politikaz eztabaidatzen genuen bakoitzean, abertzale eta munduko hiritarraren ustezko talka agerian geratzen zen. Zirudienez, abertzaleok Euskadi (nire garaian horrela esaten genuen) mundutik kanpo atera nahi genuen. Bestela, abertzale eta munduko hiritarra izatea elkarren kontra jarri izana nekez uler zitekeen. Ez hori bakarrik, baina euskara hutsez bizitzera inposatuko genielakoan zeuden “munduko hiritarrak”. Euskaraz ez jakitearren, erdara hutsez egitera behartzen gintuzten horietaz ari naiz, hain zuzen.

Fernando Sávater eta bere lagun konstituzionalistek esan ohi zutenez, nazionalismoa sendatzeko munduan zehar bidaiatzea komeni zitzaigun. Baina gauzak zer diren. Urteak pasatu eta, mundua ederki ezagutzen duen, Kepa Acerok zera diosku: “nork bere kultura eramaten du bere altzoan”. Ez hori bakarrik, baina bidaiari unibertsalaren itxuraz baliatuz, zenbait kultur ari dela suntsitzen mendebaldeko kultura dio Acerok. Hau da, unibertsala dela argudiatuz, kultura eredu bat eta bakarra inposatu nahi dugu mendebaldetik. Ezagutzen nituen munduko hiritarrek Bob Dylan entzun eta Baudelaire irakurri ohi zuten. Baina zer zekiten Sarrionandiaz? “Sarri-Sarri”? Zer dakite egun?

“Indios isolados do Acre”// Agencia de Noticias do Acre CC

Horretaz mintzo zaigu Sarrionandia bere moroak aipatzen dituenean. Kultur handietatik kanpo bizi nahi duena “moro” bihurtzen da, nolabait. Hau dela-eta, euskaldunok ere “moroak” gara. Hala ere, ez daukagu Ameriketako tribuen xarma. Ez gara zeruari otoitz egiten dion indiarra; baizik eta “egunon” agurtzen duen laugarren pisuko gizona, hizkuntz bitxi horretan mintzo den zeamarra edo-ta “el idioma de mi amama” erabiltzen duen horiek izaten gara euskaldunok. Hau da, zerbait folkloriko,zaharkitu urrun eta bitxia “munduko hiritarrentzat”. Sinpatikoak, jende sanoa gara (“mira, éste habla euskera“). Hizkuntz eta politikaz mintzatu ezean, noski.

Lehio txikia izan arren, nahikoa zaigu euskara euskaldunoi. Hori da mundua begiratzeko eta deskribatzeko erabiltzen dugun tresnetako bat. Politikan ere berdina gertatzen zaigu. Munduaren aurrean nork bere burua aurkezteko modu bat da abertzale izatea, euskaldun gisa hain justu. Hauxe da dena. Ez da kontu zerutiar, baizik eta lurtarra da. Beraz, ez dut uste geureak “munduko hiritarrak” asaldatzeko moduko ideiak direnik. Kontrakoa iruditzen bazaie ere, gu ere munduko hiritarrak garela gogorarazteko aldarriak dira. Besterik ez.

 

abertzale, Euskadi, euskaldun, euskara, hizkuntza, kepa acero, politika, Sarrionandia
Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.