Mundu zaharrunoa


Zaharrunoa, hitz paregabe hori. Atzoko Berrian birritan irakurri nuen, Aritz Galarraga zutabegilearen lumatik lehenik eta Iban Zalduari egindako elkarrizketan, idazlearen erantzun batean, ondoren. Gazteleratik klabe umoretsuan hartutako mailegua (viejuno) geroz eta era naturalagoan darabilgu. Ez al luke hitz hau, balentria ekintza batean, Euskaltzaindiak onartu behar. Akaso ez, hala, orain duen diztira galduko bailuke, naftalina usaina hartzeko erakunde zaharrunoaren armairuren batean.

Aritz Galarraga: “OHO eta BBB garaiko zaharrunook, beraz, derrigor izan behar dugu zerbait DBH garaiko mukizu hauen aldean…”

Berdin dio, kontua da bitan irakurri nuela egun berean euskaraz dugun paperezko egunkari bakarrean. Gero, Gara irakurtzeari ekin, eta Gaur8 agerkarian “Zaharrai” (Jarrai, zaharrunoa) hitz jokoa irakurri nion Iñaki Sotori. Eta pentsatu nuen: zer demontre, zaharruno konplejuarekin ote dira 25 urtetik gorako denak? Hasier Etxeberriari entzutea zahartuta dagoela eta abar, bale, baina oraindik 40 urteen langa pasa gabe duten yogurinei lamentu eta negarrak entzutea. Dedio, nik ez dut hain azkar zaharruno izan nahi.

Iban Zaldua: “Literatura idulki batean dagoela ikasi dugu ni bezalako zaharrunook eskolan”

Ezinbestean ordea pentsatzen jarri naiz. Laster pasako baitut 25 urteen barrera psikologikoa. Noiz konturatzen da bat zaharrunoen klubera igaro dela? Inoiz gutunen bat iristen zaizu etxera abixuarekin? Akaso Kutxa(bank)ren  gazte txartelak ematen dituen eskubideak galtzean bihurtzen zara zaharruno? Ala? Zuek, zuen burua zaharrunotzat duzuenok, argibide bat zor diguzue birjinoi. Ez lamenturik mesedez.

P.S.: Argibideak txiokatuta kronologikoki. Aurre-zaharruno sindromedunentzako lagungarri izango delakoan:

 

 

Ekaitza bainuontzi batean