MUk streaming bidez eskainiko du Ate Irekien saioa, asteartean

Mondragon Unibertsitateak, maiatzaren 29an, asteartea, Ate Irekien saio berritzailea antolatuko du. Oñatiko Enpresagintza Fakultatetik 19:00etan hasiko da emisioa eta MUtelebistan, streaming bidez ikusteko aukera egongo da. Mondragon Unibertsitatean gradu bat ikasteko interesa duten pertsona guztiak beraien etxeetatik konektatzeko aukera izango dute eta ordu betez, emango diren azalpenak entzun eta jardunaldiaren bukaeran erantzungo diren galderak eginez parte hartzeko beta izango dute. Saioa jarraitu ahal izateko, mondragon.edu helbidean sartu eta bertan dagoen MUtelebista atalean sartu besterik ez da egongo.

Unibertsitate jardunaldi berritzaile hau bi zatitan banatzen da. Lehenengo zatian, Mondragon Unibertsitateko Errektoreorde Akademikoa den Jon Altunaz gain, Enpresagintza Fakultateko, Goi Eskola Politeknikoko, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko eta Gastronomia Zientzien Fakultateko ordezkariek parte hartuko dute. Zehazki, Josu Galarzak (Goi Eskola Politeknikoko Koordinatzaile Akademikoak), Mikel Mesonerok (Enpresagintza Fakultateko Koordinatzaile Akademikoak), Arantza Mongelosek (HUHEZIko Hezkuntza Graduen Koordinatzaileak), Andres Gostinek (HUHEZIko Ikus-Entzunezko Komunikazio Graduko Koordinatzaileak) eta Alex Beitiak (Gastronomia Zeintzien Fakulteko – Basque Culinary Center Koordinatzaile Akademikoak) hartuko dute parte. Guztien artean, unibertsitatea eta bera osatzen duten fakultateen berri emango dute.

Jardunaldi guztian zehar, ikus-entzuleek, argitu nahi dituzten galderak bidaltzeko aukera izango dute emisioak izango duen txat-aren bidez. Saioaren bigarren atalean, galdera guztiak irakurriko dira eta koordinatzaileek, bakoitzak dagozkien galderei, erantzuna emango diete.

Ate Irekien Jardunaldi hau epe laburrean unibertsitate ikasleak izango diren pertsonei, beraien familiei, batxilergoko irakasle eta orientatzaileei eta Mondragon Unibertsitatea zuzenean ezagutu nahi duten guztiei zuzenduta dago. Fakultate bakoitzak, bere titulazio eskaintza azalduko du eta hauen inguruan egon daitezkeen zalantzak argituko ditu.