Mugimeduak Elkarrizketan topaketak bigarrenez, Hondarribian

2012 topaketak
Datorren asteburuan egingo diren topaketetan herri mugimenduko hainbat eragiletako kideek parte hartuko dute. Peruko “Dialogos de saberes y Movimientos” esperientzia oinarri, parte-hartzeko metodologia eraginkorrean oinarrituta, mugimendu eta pertsonen arteko elkarrizketak gauzatuko dira. Horrela, gizarte mugimenduaren erreferentzialtasuna indartu eta eragite ahalmena biderkatzeko aukera sortu nahi da. Topaketetan parte hartu nahi dutenek mugimenduakelkarrizketan@gmail.com helbidera idatzi dezakete.

Peruko “Dialogos de saberes y Movimientos” mugimenduko kideak iritsi dira Euskal Herrira. Eta talde eragilea buru belarri ari da asteburuan Hondarribian egingo diren topaketetarako azken prestaketa lanetan; ibilbide metodologikoa, izen emate zerrendak… Topaketetarako hitzordua gerturatu ahala, gero eta gehiago dira parte hartu nahi dutenak.

Peruko “Dialogos de saberes y Movimientos” esperientzia aberats bezain interesgarria Euskal Herriko herri mugimenduaren esku ipini nahi da. Finean, lanerako parte-hartzeko metodologia eraginkor batean oinarrituta, arlo eta elkarte desberdinetan sakabanatutako mugimendu eta pertsonen arteko elkarrizketak bultzatzean datza. Horrela, elkarrengandik ikasi eta desberdinen arteko sinergiak bilatuz, gizarte mugimenduaren erreferentzialtasuna eta eragite ahalmena biderkatzeko aukera eskainiz.

Herri Mugimenduak Gipuzkoak eta Euskal Herriak behar duten aldaketa politiko eta sozialean, lehen mailako protagonista izan behar du. Beste modu batean esanda, jendarte justuago baterako bidea ezin da garatu gizarte mugimenduaren ekarpenik gabe. Horregatik, egindako lanaren aitortza politikotik harago, mugimendu desberdinen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da, eta horretarako gizarte mugimenduaren esku bitarteko desberdinak ipini beharko dira.

Mugimenduak elkarrizketan egitasmoaren koordinazio metodologikoa Peruko Programa Democracia y Transformación Global (PDTG) erakundeak egin du DemocraciaGlobal.org eta Euskal Herrian lantalde txiki bat osatu da Peruko lantaldearekin batera aritzeko. Baina prozesuan parte hartzen duten mugimenduei ere ireki zaizkie bideak kudeaketa horretan parte hartu ahal izateko.

Mugimenduak Elkarrizketan deituriko prozesua 2012an iritsi zen Gipuzkoara, Foru Aldundiko Parte Hartze Departamenduaren eskutik. 2013ko egindako topaketetan, herri mugimenduko 30 taldetako norbanakoek parte hartzeko parada izan zuten. Amaierako balorazioa oso positiboa izan zen, eta egitasmoak aurrera darrai pixkanaka.