Mozorrotu zaitez arin, merke eta erraz

Mozorrotu zaitez arin, merke eta erraz

Despistatu hutsa zarenez ez bazara konturatu inauterietan gaudela jada, orain arte zalantzan ibili bazara mozorrotu ala ez, edo gauzak azken-azken ordurako uzteko ohitura baduzu… lasai, aholku batzuk emango dizkizugu hemen (doan), gaur bertan arin, merke eta erraz mozorrotu zaitezan, eta gehiegi igarri ez dadin.

Haurren mozorroak

Umeek izugarri maite dute mozorrotzea (ados, ez guztiek), eta beraz, ez daitezela gelditu inauteriez gozatu gabe gurasoen alferkeriagatik. Beheko bost proposamenetan animaliak ditugu nagusi, eta egiten errazak badira ere, aitortu beharra dago dedikazio apur bat eskatzen dutela (zatar-papera kiribiltzea, puxikak puztea, kartulinak moztu eta margotzea edo oihal txatalak jostea baino ez). Aizue, gure seme alabak dira!

Mozorrotu zaitez arin, merke eta erraz

Gure pasarelarekin jarraitzeko, abantailak baino ez dituen klasiko bat, momia mozorroa. Berdin balio du ume zein helduak mozorrotzeko, bakarka zein taldean. Janzten ezin errazagoa da, komuneko paperarekin biltzea baino ez da behar, eta gainera, behin eguna finituta ez duzu hurrengorako jaso beharrik, etxera orduko desegingo zaizu eta. Hori bai, komeni da mozorro hau tabernetako zipriztinetatik aldendu eta egun euritsuetarako ez aukeratzea.

.

Helduen mozorroak

Umeek ere jantzi ditzaketen arren, helduentzako hautatu ditugun mozorroen artean, badira azken ordukoak eta lotsatientzako aproposak. Hamaika dituzu aukeran.

Bigarren multzokoen artean ondo moztutako kartoi zati bat baino behar ez duten tximistarena (bikotean mozorrotuz gero, tximistak joa izan daiteke bestea), euliarena (saia zaitez begi handi eta antenez gain hegoak ere janzten) eta Google Maps markena (to mozorro teknologikoa!).

Lotsatientzako mozorroen artean, Guevararen tiserta izan zaitezke, edo nondik begiratzen duzun, Che-ren tiserta jantzita daraman gizon edo emakume ikustezina. Baita artelan bat ere, Banskyren loredun maskaratua, “Flower Bomber”, edo Futurama marrazki bizidunetako Zoidberg Doktorea. Herabeentzako mozorrorik aproposena baina, oso erosoa ematen ez duen arren, gorputza milaka post-it-ez estaliko zaituen horixe da.

Haurdunentzako, mozorro egiten erraza bezain erosoa, Ninja Dordoka, eta lau kolore aukeran.

Eta inauteriak neguan diren arren epel egiten badu, aurten bezala, aspaldi ikusi dugun jantzirik bikainena, aguakate mozorroa (azaleko argazkian). Kasu, txikitero sabelak ematen baitio zentzua!

Haurreko guztiak `landuegiak´begitantzen bazaizkizu eta alferretan alferra bazara, lasai, badugu azken aukera bat zuretzako.

Baldar samarra bazara, idatzi errotulki ilunez Error 404. Costume not found (ez da jantzirik aurkitu) tiserta argi batean. Eta lotsabako hutsa bazara, jartzazu gerri parean pizzaren kartoizko kutxa, eta aurrera!

Proposamen guzti hauekin jada ez duzu ez mozorrotzeko aitzakiarik, gustuko ez duzula ez bada. Eta bukatzeko, ustez Tolosakoa den bideotxo bat dakargu, igeriketa sinkronizatu ariketa bat, taldean egina koreografia eta guzti. Hau dunk hau umorea!

Mozorrotu zaitez arin, merke eta erraz