Mordor

Mordor

Aspaldi honetan, boladan jarri da hiri buruzagiari Mordor deitzea. Dela gurekin dugun montzoi sasoi finigabea nabarmentzeko, dela –zehaztasun eta zorroztasun ideologiko handiagoz– fite Donapearaino hedatuko den iluntasunak metropoli foralean daukan eragin neurgaitza izendatzeko. Paisaia horretan, Sanjosemariak Sauronen tokia hartu eta Unibertsitateko Eraikin Zentraletik guzia begiratuko luke –inguruan ez da belerik eta bertzelako hegazti beltzik eskas–; eta gu –gu, nola definitu?, Mordorrekoak ez garenok, Iruñea euskaldunen hiri benetan buruzagi imajinatzen dugunok– haren arerioak: Serio Demonioko bikotea elfoa eta ipotxa (irakurleak erabaki dezala zein den zein), ni hobbita (ez hanka iletsuak ditudalako, baizik eta ostatuetan zerbitzariek ezikusiarena egiten didatelako, eraztuna jantzia banu bezala).

Baina, gauzak zer diren, niri Opuseko campusak The Shire dakarkit gogora, Mordor baino aise gehiago. Zelai berdeak, janzkera diskretuak, zalapartarik gabeko alaitasuna. Dena ordenatua dago eta nork bere tokia du. Zenbait kritikarik azpimarratu dute, Tolkienen liburuan, orkoek langileen ingelesa erabiltzen dutela, Ingalaterrako working class dutela inspirazio iturri. Mordor, hortaz, burgesen irudimenetik sorturiko fantasia da, zirriturik eta gatazkarik gabeko hobbiten mundua hondatzera etorria. Orkoak alderdi guzietan dira mehatxagarri: itxuran, mintzairan, portaeran. Kontu egin behar zaion uholde dira, mugak eskatzen dituen tsunamia, bertze problema guziak alboratzeko gaitasuna duen oldarra. Edo utopia foral eta espainolari akabera eman nahi dion jendilajea.

Historia gaizki ulertu dugu, metafora gaizki osatu.

Mordor gu gara.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.