Mitin surrealistak

Mitin surrealistak

Gaur ere, enegarrenez, azken hiru hamarkadetan egin bezala, Arnaldo Otegik bide baketsu eta demokratikoetatik jorratu behar den Euskal Herri independente baten aldeko apustua egin du. Ondotik, “egin irri!” oihukatu du eta denak algaraka hasi dira begietatik bozkariozko malko-tantak galanki isurtzen zitzaizkielarik; Laura Mintegi atzetik aditu da “gora Euskal Herri alaia!” deiadarka; eta, aldi berean, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria ETAren terrorismo higuingarria kondenatzera atera dira. Gero, guztiak, barre-algara artean, “Boga Boga” kantatzen hasi dira sorbaldetatik elkar besarkaturik, botila bete txakolin harturik eskuan.

Miribillako ikusleria txaloka hasi da, eta atera da derrepentean Maddalen Iriarte, garrasika “nik peneuveri eman nion botoa, gora peneuve! Ibarretxe lehendakari!”. Miribillako txaloen burrunbak ia sabaia hautsi du, eta han jarri dira denak “E-A-JOTA, PE-NE-UVE!”ka —Arzalluzen aurpegia zuen kartel bat ere ikus zitekeen harmailetan—. Agudo atera da atzetik Pello Urizar eta megafono bat harturik “ARI ARI ARI IBARRETXE LEHENDAKARI!” bota du ilusioz bor-bor.

Iskanbila ero horren baitan, Otegik “egin irri!” esan du atzera, eta publikoa barrez lehertzen hasi da berriz ere. Segituan, Aristoteles, Platon, Galeano eta Jose Antonio Agirre parafraseatu ditu eta, Iriarte lerdea dariola hasi baino lehenago, peneuveri dispertsioaren erruz hildako 17 lagunak leporatu dizkio. Izan ere, jakina denez, bakea ezker abertzaleak ekarri zuen. «La dispersión fue acordada en su día también por el peneuve. ¿Algo que decir, Urkullu? ¿Alguna autocrítica? ¿Alguna palabra de alivio?» esan du goraki altxatuz boza eta bularra, munduko kontzientzia garbienarekin, Miguel Angel Blanco akabatu behar duten egun berean hondartzan dagoenaren lasaitasun bertsuarekin.

Hala ere, segitu du esaka bera beti ibarretxezalea izan dela eta, hortaz, peneuverekin herri akordioak egin nahi dituela, bera estatu-gizona baita, eta, horregatik botatu zuela, noski, aurrekontu eta lege bakoitzaren kontra Ibarretxeren legegintzaldietan. Gainera, argudiatu du, Ibarretxe Planaren kontra eman ziren Sozialista Abertzaleak-en hiru botoak Ibarretxek Euskal Herria modu honetara ikusten zuelako zela:

Mitin surrealistak

Onartezina, jakina. Aldi berean, zintzoki zin egin du haiek ez dutela udaletxeetan bandera espainolik jarriko; ez peneuveko espainol horiek bezala. Horrez gain, aipatu du, Urizarri begietara begira, peneuve-EA koalizioaren kontrako kartelamikeltxomitink diseinatzen eginahalak eta bi egin arren, barkamena eskatzen diola, hura orain bere lagun-mina delako. Urizarrek, emozioz jarioka, korrika oholtzara igo eta besarkada estu bat eman dio Otegiri. Patxi Zabaletak, ordea, jeloskor begiratu dio, eta Otegik, maitekiro, asko maite duela esan. Txalo zaparradek Miribilla uholdez hartu dute, baina orduan, Otegik ezker ukabila jaikita, “baina Aintzane Ezenarro espainolen morroi!” oihukatu du eta txaloen burrunba mozkorrak gora egin du: “Ezenarro diruzale! Ezenarro diruzale!”, errepikatu dute oihu basatien artean.

Miren Larrion eszenara atera da beste botila bat bete patxaran irekitzen ari zelarik, eta peneuveren 80 eta 90. hamarkadetako politika industriala goretsi du. Denok dakigunez, Ezker Abertzaleak betidanik babestu izan baititu politika industrialak. Momentu hori aprobetxatu du Otegik garai haietan Ezker Abertzaleak munduari erakutsi zion bakezaletasuna goraipatzeko, eta onartezina dela ezer ere egin ez duten pertsona errugabe eta zintzoak kartzelatuak egotea. Miribilla gora etorri da eta “Euskal presoak Euskal Herrira!”ka jarri da; hordi. Bat-batean, ordea, Pernando Barrena igo da eta deiadarka bota du euskal presoek kartzela zuloan segitu behar dutela inongo legalitaterik onartu gabe, “nola ez, Segura kasukook salbutsiak gaude, besteok hor konpon”. Atzetik Porrotxek hasten zuen kalejira bat pasa zaio, kantu kantari. Eta Garaikoetxea Ainhoa Etxaideri muxu ematen. Eta joaldunak ardotan dantzan. Miribillako erromeria aparretan. Ondotik, “egin irri!” esan du Otegik whiski botila goratuz, eta algaraka eta algaraka jarri dira, denak algaraka. Baita Marian Beitialarrangoitia ere.

Mitin surrealistak
Arnaldo Otegi mitineko giro apartarekin pozik.
Mitin surrealistak Mitin surrealistak Mitin surrealistak Mitin surrealistak Mitin surrealistak Mitin surrealistak
Arnaldo otegi, EA, eh bildu, ezker abertzalea, mitinak

5 pentsamendu “Mitin surrealistak”-ri buruz

  • Surrealista?
    Zaborra!

  • Peru Dulantz 2016-09-19 08:11

    Bai, egia da, Bildun Eusko Alkartasuna ere badago, eta Aralar, eta Alternatiba… Alderdi “ortodoxoago” bati botoa eman nahi diozu? Ba, eman botoa…. nori? A, barkatu, ez dago. Beraz, ulertu behar dut artikulu honekin abstentziorako deia egin duzula hurrengo hauteskundeetarako; hau da, PNV + PSOEri 4 urte gehiagoz eskuak libre uzteko deia, edo ezker abertzaleari ezker espainola gailentzearen aldeko deia… Bada, nik hauxe diot: ezer hoberik aurkitzen baduzu, eros ezazu (edo sor ezazu), baina bitartean, abstentzioa ez da konponbidea.

  • Zur eta lur 2016-09-19 17:23

    Abstenzioara joan daitezela nire aurkariak!

  • Abstenzioa planteatzeko, lehenik, frantzez edo espainol moduan eta haien ikuspuntutik planteatu behar duzu dilema hori non espainola edo frantzesa bihurtzen zaren. Guk ez gara bat eta ez bestea.
    Egin behar duguna da hautestontsi inperialistak gure lurretan ez onartzea eta indar okupatzailei aurre egitea haiek ez jartzeko. Nola, momentuz, indarrik ez dugula hori egiteko, lehen pausoa da hautestontsi inperialista eta ilegaletara ez joatea. Eta hori ez da abstenzioa, insurjentzia baizik.
    http://www.babintonpip.com/hamabost/bost/flash.index.html#ancla2

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude