Ongi etorri, Mister Marshall!

Ongi etorri, Mister Marshall! –

Alaitz Argandoña Oteizak Bizkaiko Hitzan.

Badirudi, azkenean, “normaltasun berria” delako hori iritsi dela. Igaro berri diren jai egun eta opor aste hauetan, gure herrietako eta hiriburuko kaleak berriro bete dira, telebistako albistegietan ez da ia beste gairik izan, eta, nola ez, erakundeek eta enpresariek poztasunez eta besoak zabalik hartu dituzte guztiak gurean.

Ongi etorri, Mister Marshall! Herritarrok, oro har, bisitari horien itzulerak pozten gaitu, dirua herrian uzten dutela suposatzen delako. Baina, era berean, aprobetxatu behar ditugu bisita hauek hirugarren sektoreko lan-baldintzak hobetzea eta besteek beraien aisialdiaz gozatzen duten bitartean tabernetan tragoak zerbitzatzen dituzten eta hoteletako logelak garbitzen dituzten pertsona horien lana duindu behar dela aldarrikatzeko.

Askotan, erakundeek hitz egiten digute turisten bisitek eta ekitaldi handiek gure hiriarentzako dakartzaten onurei buruz. Hiria enpresa pribatuen zerbitzura jartzen duten makro ekitaldi horiek herritarrengan eragina izango duten onurak ekartzen dituztela saltzen digute. Antolatzaileen arabera, bisitariek tabernetan, jatetxeetan, hoteletan… dirua utziko dute, baina baieztapen horiek egia al dira? Nire ustez, badirudi onura horiek ez direla inoiz auzoetara iristen. Gainera, auzokideek bisitari horien eragozpenak soilik pairatzen dituzte (garraio-zerbitzu publikoen kolapsoa, zaratak, prezioen igoera, gentrifikazioa…). Are gehiago, diru famatu hori oso gutxiren esku geratzen da, eta ez dauka eraginik zerbitzu horiek eskaintzen dituzten langileen soldatetan eta lan baldintzetan. Zerbitzariak, garbitzaileak eta beste hainbat behargin dira horren adibide.

Bestalde, hiritarrei turismoaren itzulera horrek beldurra sortzen digu, uste baitugu horrek inbertsio publikoak kanpoko bisitariak erakartzera bideratuko dituela, berriro herritarrak eta haien beharrak bigarren mailan utzita.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak beti salatu izan du gaur egun apustu egiten zen hiri eredua turisten beharrak asetzera eta enpresak erakartzera zuzenduta zegoela, herritarren bizitza hobetzearen eta tokiko merkataritza babestearen kaltetan.

Laster, turistaz osatutako taldeak ikusiko ditugu berriro gure museoak bisitatzen, gure pintxoez gozatzen eta freetour gidariei jarraitzen, gure hiriko idiosinkrasia ezagutu nahian, baina mahai gainean jarri nahiko nuke hiribildutik alde egingo dutela, hiria osatzen duten auzoak ezagutu gabe. Ezin dugu ahaztu ikusezinak diruditen auzo horiek askotan —pandemia garaia horren beste adibide bat izan da—, saldu nahi duten Bilbo famatu hori auzotarren eta merkatarien lanari eta ahaleginari esker eraman dela aurrera.

Beraz, normaltasun berri honi, turistak eta guzti, itxaropenez begiratzen diogu, baina iraganeko akatsak ez errepikatzeko eta gizarte hobea osatzen duten zutabeak —hala nola zaintzak eta bizikidetza— indartzeko asmoa ahaztu gabe. Azken finean, gu hemen bizi gara, eta denon artean Bizkaia osatzen dugu, eta haiek, turistak, bisitan baino ez daude.

Ongi etorri, Mister Marshall!

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.