Militatzea batzuetan pribilegioa da

Militatzea batzuetan pribilegioa da –

Militantzian ezagutu ditudan emakumeengatik izango ez balitz, duela urte asko antolatzeari utzi izango niokeen; eta ez, ez da ideiak argi ez nituelako edota proiektuan sinisten ez nuelako, baizik eta emakume askorentzat espazio mistoetan antolatzea zaila egiten zaigulako. 18 urte nituen lehenengo aldiz asanblada batera hurbildu nintzenean, han zeuden gehienak militantziaari urteak edota hamarkadak emandako pertsonak ziren, eta ehuneko handiena, nola ez, gizonezkoak. Hori dela eta, egun horretan ahoa irekitzea ez zen ariketa erreza izan.
Militatzea batzuetan pribilegioa da
Irudia: etakitto.eus

Antolakuntza espazioetan egunero bilatzen dira militanteak, auzoetan, proiektuetan zein borroketan parte hartzen gonbidatzen ditugu pertsonak, baina ez gara konturatzen askotan militatzea pribilegioa ere badela, eta horretan genero arrakala ere badagoela. Denbora behar da antolatu ahal izateko, eta sarritan denbora ez da prekarietatean bizi diren pertsonek daukatena, edota zaintza lanetan eguna pasatzen duten emakumeek duetna. 10 orduz esplotatua izan den langileak askotan ez du auzoko asanbladara joateko gogorik ez indarrik, eta hori onartu zein hausnartu beharreko gauza da.

Behin, kide bati, espazio segurua izan beharko litzatekeen asanbladan batean, feminismoarekin lotutako gai baten inguruan asko ez zekiela azaleratu zuenean honakoa esan zioten: “hitz egiten denaz asko ez badakizu, hobe duzu isildu”. Erantzuna bortitza zein krudela izan ez ezik, barnean zegoena kapital kulturala ere bazen. Batzuetan badirudi militatu ahal izateko eruditoa izan behar zarela, ehundaka liburu irakurri behar dituzula eta munduan gertatzen diren gatazka sozio-politikoen nozioa izan behar duzula; eta, nola ez, berriz ere, hori pribilegio bat da.

Horrek guztiak militantzia esparruak arrotz bilakatzen ditu pertsona askorentzat: lazgarria iruditu ahal zaigun arren, ezkerrean sortzen ditugun espazio gehienak ez dira prekarietate bortitzena pairatzen duen klase sozialera iristen. Beste hitz batzuetan, militantzia eremuetan muga asko daude. Gainera, hemen azalarazitakoak nire errealiteatearekin bat egiten dutenak dira, baina nik jasaten ez ditudan beste opresio batzuk ere badaude eta horien inguruan asko dute esateko pertsona arrazializatuek edota LGTBIQ+ kideek.

9 urte hauetan asko ikasi dut antolatu naizen espazio ezberdinetan; azken batean, herri, asanblada eta borroka eremu ezbedinetan dauden kontakizunak zein egoerak anitzak dira. Duela urte eta erdi ELA sindikatuan hasi nintzen lanean eta ordutik errealitate bortitz askorekin egin dut topo, egunerokotasunean, nituen sinismenetan zaplastekoak jasoz. Pena handiz esango dut, baina esfera intelektualetan egin diren diskurtso gehienak ez dira fabriketara edota etxeko langileengana iristen, eta esfera intelektualetan egiten diren diskurtso horietan ere, hutsune garrantzitsuak daude.

Esperientzia propiotik abiatuta, militantzia esparruetan lantegietan bizi den errealitatea gutxitan ikusi dut islatua, eta hori kezkatu behar gaituen kontua da. Periko Solabarriak esan bezala “hay que pisar barro y no alfombras, porque en el barro se deja huella”. Lantegietako errealitatera jeitsi behar gara, bertatik ikasteko eta eraikitzeko, hori egin ezean galduta gaudelako.

Ikasi beharreko adibideez ari garelarik, Altan Bernedoko langileena burura etorri zait. Aurreko astean prentsan irakurriko zenuten bezala, Arabako mendialdeako emakumeek garaipena lortu zuten. 106 egun greban egon ostean langileek KPIari lotutako igoerak eta blindatutako hitzarmena sinatu zuten. Gainera, kontuan izan behar da askorentzat lehendabiziko greba luzea izan dela, eta emakumez osatutako plantilla izanik, gehienek seme-alaben edota senideen zaintzaren karga zutela. Pentsatu dezakezuen moduan, horrek mobilizatzeko orduan pisu handia du. Dena den, Lilianarekin, enpresa komiteko kidearekin hitz egin ostean, argi geratu zait langileen elkarzaintzak zein batasunak hasieran jarritako helburuak lortu ditu, enpresa farmazeutikari irabaziz. Agian emakume horiek ez dituzte Simon de Beauvoiren edota Rosa Luxemburgoren idatzi gehienak irakurri, baina antolakuntza feministaren inguruan esateko asko dutela uste dut.

Laburbilduz, militatzea batzuetan pribilegioa da eta horren ondorioz, errealitatearen zati handi bat islatu gabe geratzen da. Hala eta guztiz ere, iraultza ezinezkoa zein tentela izango da lantokietako eta pribilegiatuak ez direnen espazioetako errealitateak gure borrokaren ardatz egiten ez baditugu, ezerren aurretik langile klasea garelako.

Militatzea batzuetan pribilegioa da Militatzea batzuetan pribilegioa da

Hala Bediko zurrumurru askea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude