Mila esker, Euskal Herria esnea

Mila esker, Euska Herria esnea

Bakoitza libre da nahi duena ekoiztu, iragarri, saldu eta, nola ez, erosteko.

Orain arte ez dugu aukera handirik izan bertako esnea eta bertako baloreak zaintzen dituen esnea erosteko eta Kaikurekin etsi behar izan dugu. Bertakoa bai, baina euskararen erabilera mailan azkenputz, bertako beste enpresa asko bezalaxe.

Baina haize berria etorri da, eta itxuraz, Enkarterrietako esnezale batzuek Euskal Herria esnea sortu dutenean, bertakoaren aldeko apustua egin dute, eta, hala, ekoizpenaz gain, informazio eta packaging guztia euskaraz ekaini digute. Nahikoa arrazoi, erraldoia izan dugun Gurelesa eta enparauak baztertu eta Euskal Herria esnearen aldeko hautua egiteko.

Eta orduantxe etorri da artikulutxo honi titulua eman dion gertaeraren zergatia! Hamarkadatan euskarari muzin egin ostean, konpetentziak egin die pupa monopoliokoei eta orain, haien linea batean Euskal Herria esnearen iruditeria imitatzeaz gain… euskaraz egiten hasi dira!

Eta, tamalez, Keler markak berak bezalaxe, juxtu-juxtu hasi dira euskaraz egiten… babesten dituzten kapital nagusiak atzerrikoak direnean.

Mila esker, Euskal Herria esneaLiberalismoaren merkatu-legea da. Bertako akonplejatuek euskara baztertu, multinazional batek erosi, eta, merkatu-kuota galtzearen arrazoia aztertzerakoan, euskarari garrantzia eman, hala, euskaldunok gure senti dezagun. Berandu ordea.

Hemen ekoiztua eta hemen enbasatua den bakarra (gezur polita hori ere), bai… a zer lorpena… irabazietan, 4tik 3 Euskal Herritik kanpo doazen unean. Baina jarraitu euskaraz, bai, horixe baita bidea.

Bitartean, gora Euskal Herria esnea, bidegile. Eta gora beste esne-ekoizle asko, hemen ekoitzi, enbasatu, saldu, euskaraz saldu eta irabazia bertan uzten dituztenak. Zerrenda ematea nahi?

Mila esker, Euskal Herria esnea
bidegileak, esnea

5 pentsamendu “Mila esker, Euskal Herria esnea”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2016-05-06 10:39

    Idatzia utzi duzun guztia nere egiten dut eta zerbait azpimarratzeagatik honakotxea:

    Paradoxa bat. Euskal neoliberalak (EAJ-PNV) 40 urtetan agintean, inongo lehiakiderik gabe. Alegia,merkatu librearen defendatsaile sutsuak boterea monopolioa dute. Horra euskal anomalia. Alderdi istituzionala gurean. Horrela definitzen dute beraien burua harro-harro. Horren emaitza kaiku eta bestelako sektoretan (hezkuntza, osasungintza,…) egin den kudeaketa desastrosoa (noski Espainiako parametrotan batezbestekotik gorakoa, baina Europako beste herrialdeekiko non gaude?). Ez da egon alternatibarik, gure kudeaketa publikoa saneatzeko. ZERGATIK OTE ??? Euskal Herriko egoera gatazkatsuagatik OTE? Non ote anomaliaren jatorria, zein da lehenagokoa? Nik gero eta argiago ditut erantzunak perspektibak lagunduta. Zuek?

    Gora!! bai euskal baserritar autonomo horiek. Goiko horien monopolio eta traba guztien gainetik matxinatu (jarki) eta euren egitasmoak aurrera atera dituztelako temati. Biba zuek.

  • Kaixo,
    Euskal Herria/Bizkaia esnea erosten dot, baina hamengo esnea dalako. Hamengo nekazariei laguntzeko alde batetik eta bestetik hurbileko produktuak erostearren ta ez urrineko produktuak ez erostearren hamen be dekoguzanean.

    Baina ez dot erosten Euskera erabiltzen dabielako. Eskertzen dot baina ez dauket bapebe argi ikusten Euskera bultzatzeagatik egiten dabienik. Euskera erabiltzea ta harmarriarena marketing kontua dala uste dot, bezero konkretu batzuen bila dabizelako.

  • Jon Mikel Aldanondo
    Jon Mikel Aldanondo 2016-05-07 09:49

    Kaixo; Aztar
    Nire ustez, alde batetik arrazoi duzu, neuk ere hemengo esnea, hemengo produktuak kontsumitu nahi ditut. Kalitate aldetik beste edozein bezain onak direlako eta, diozun moduan, bertako ekoizleei laguntzeko. Ederra litzateke denok ere bertako ekoizpenari lehentasuna ematea, orduan bai handituko litzatekeela gure bizi-kalitatea, ditua kanpoko multinazionalei eman beharrean! Baina hori beste baterako utziko dugu.

    Nik ere ez nuke Euskal Herria esnea erosi nahi euskara erabiltzen duelako. Gure hizkuntzaren normalizazio-egoera batean, ez bainioke garrantzirik emango kontsumigarri diren esne guztiei buruzko informazioa, etiketak, packaginga… euskaraz baleude. Baina ez da hala gertatzen. Eta geu gara geure buruaren etsaiak, eta euskara “politizatzen dugunak”, izan ere, Euskal Herria esneak euskara erabiltzen du, zure esanetan, marketingagatik, eta ez, bere apalean, hizkuntza-egoera normalizatzen saiatu delako. Nire ustez, berriz diot, oker zaude: hamaika aldiz ikusi ditugu gure herri zorioneko honetako multinazioanalak euskara ez erabiltzen, marketing kontuagatik; eta hamaika hizkuntzatan bai baina euskaraz azalpenik ez zuen eltze lasterraren adibidea dut buruan une honetan.

    Eta, hala eta guztiz ere, marketingagatik balitz ere, ba, emaitza euskaraz egotea balitz, ba gaitz erdi! Ez baitugu lupa berdin jartzen erdara ederrean egiten dutenengan.

  • Kanpo herriko gaiak ez dira etortzen, guk ekarri arazten ditugu. Nola,nork egiten dituen arduratu gabe. Baina ez zaigu axola. Izaera daukan gizarteak bere herrikoa erosten du lehenengo,eta auzokoarena gero.Gora burgesia.PNV eta beste guztiok!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude