Mezu aldaketa…

Mezu aldaketa… –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Urtarrilaren 8an Bakebideak aldarrikatu bezala, 200 lagunek gauzatu zuten lehen desobedientzia egintza Baionako Suprefeturan, otsailaren 18an.

Mezu aldaketa…

Adin guzietako hainbat gizon ta emazte prest agertu dira aurre egiteko polizia indarrei eta, azpimarratu behar dena ere, eguraldiari.

Pentsatzen ahal zen batzuek ezagutzen zituztela sustengatuak diren Ion eta Unai Parot eta Jakes Esnal presoak, bainan argi zen ere, gazteenak sortzekoak zirela, hiru presoak sartuak izan zirelarik, duela 31 urte.

Behar ziren neurriak hartuak izanak ziren azken momentu arte ez jakiteko nun eginen zen ekintza. Parte hartzale guziek onartuak zituzten izaiten ahal ziren ondorioak eta determinazioa sentitzen zen.

Tentsio momentuak izan dira, bereziki bost ala sei kide igo direlarik burdin hesi gainerat. Eta giroa eztitu da ondotik.

Norek daki zergatik ez den beste kitzikatzerik izan? Pentsatu ahal lukete denbora aroak bustitzen eta hozten ahal zituela manifestaldien karra? Ez da holakorik gertatu. Nok daki nundik, karpak, estalkiak eta beste segurtasun mihise batzu atera dira, jendea jarri eta denbora luzaz ez da deus gertatu… Poliziak erabakia zuen ez arartekatzea. Alta behar ziren ahalak hurbilduak zituzten Suprefeturen alderat, izan dadin tresneria, kamion eta hamarka militar oldartzeko moduan jauntziak.

Ez da holakorik gertatu. Nola interpretatu behar ginuke gertakari hori? Ausartuko naiz errantzun batzuen luzatzera. Irudien borroka batetan sartuak izan behar girela. Guk nahi ditugu gureak. Eta gure mintzakideek berenak. Bakebideak nahi ukan du gobernuari, Macron lehendakariari bereziki, mezu bat luzatu. Pentsatzen ahal dugu erantzun bat bezala ulertua izaiten ahal dela indarra ez erabiltzea. Nahi ukan balute hor ziren guziak arrastatzen ahal zituzten aski errazki. Behar den denbora hartuz naski, bainan goiz hala berant denak arrastatuak izaiten ahal ziren. Ez dute egin. Ez dituzte ere kontrolatu edo hein batean bakean utzi dituzte hesira igo diren militanteak. Holakoetan gertatzen dena usaian. Nahi ukan balute giroa lasaitu ez zuten besterik egiten ahal.

Egoera horrek berdin sortu ditu frustazio sentipenak desobedientza logika batetan ziren buruetan. Ulertzen ahal dena ere. Aski argiki adierazia izan da bukaerako mintzaldian, lehen ekintza bat baizik ez dela izan ortziralekoa.  Beste batzu izanen dira, desobedientza maila igotuz. Ondokoa apirilaren bata eta bian konfirmatua izan da jada.

Ez dugu hizkuntza bera erabiltzen. Behar da denbora eman gauzen ulertzeko eta ulertarazteko. Gure mezua aski argia zen. Laster jakinen dugu zerbait entzun duten, eta zer ulertu duten. Denbora eskas zauku sobera luzaz beha egoteko.

Mezu aldaketa…

Abertzaleen Batasuneko eta Baterako kidea. Ezpeletako hautetsia.