Metamorfosiak mendian

Metamorfosiak mendian –

Metamorfosiak mendian

Kirol albistegietan gero eta maizago azaltzen dira mendian egiten diren probak. Orain dela gutxi, halako batek nire barruko denboraren makina martxan jarri du eta maiatzera eraman nau, berriz ere. Izan ere, orduan, bisita bat jaso genuen, eta gutun bat zekarren: Goierri Kirol Elkarteko MBT sailak maiatzaren 13an mendiko bizikleta proba egin behar zuela gure inguruko mendietan.

Talde horretako kideetako bat zen bisitaria, eta azken bi urteotan halaxe egin digu bisita, fin. Aurten, gainera, laguntza eman digu gazta-kamarako makina baten konponketan… Eta nolatan heldu gara hona? Orain dela hiru urte proba hori zela eta, ezin igo mendira, bidea itxita baitzegoen. Kexatu egin ginen Urretxuko Udalean –bera baitzen babesleetako bat–. Goierri Kirol Elkarteak barkamena eskatu eta harrezkero urtero bisita dugu.

Metamorfosiak mendian
Goierri Kirol Elkarteko MBT sailaren gutuna

Bisita horrek neure lekuan ikusgarria naizela sentiarazten nau, entzuna, aintzat hartua… Eta haize betekada sentitzen dut barru-barruan, puxika koloretsua sentitzerainokoa. Metamorfosia. Antzekoa honetaz teknikariekin edota ardura politikoa dutenekin hitz egitean: hortik aurrera gure etxeak ikusgarria izaten jarraituko duen esperantzan. Honetan ere baserriak mendian bere tokia izango duen esperantza, baita kirol-proben testuinguruan ere.

Baina barruko haize gozo horrek ihesbidea topatzen du orratz batek egindako ziztadan. Kartel itxura du orratzak, kaleko edozein hormatan egon daiteke. Bertan iragartzen da edozein kirol proba –mendi lasterketa, auto-igoera…–, eta mapari begiratuz gero, etxe inguruko mendietan egingo da. Zazt!

Arnasari eusten diot, badakit eta edozein mugimenduk orratza aterako duela eta hustu egingo naizela, erabat zimurtu arte. Horrela, pasatzen ditut egunak, eusten… baina iragarritako data gerturatzen da, eta inork ez du deitu, inork ez du oharrik bidali, inor ez da bisitan etorri…

Eta probaren bezperan, itotzear nagoela, arnasa hartzeari ekiten diot, ezinbestean; eta, noski, orratza atera egiten da… Derrepentean, haize kolpe bortitz batek hartzen dit burua; haizea zulo txiki horretatik doan bezala, halaxe dihoazkit galderak, etengabean, erantzuteko astirik eman gabe, ero.

Zein bideetatik pasatuko da proba? Zein ordutan? Noiz bukatuko da? Kalera jaisterik izango dugu? Nondik? Eta jaitsiz gero, oztoporik izango al dugu itzultzeko? Zer egin ardiekin? Etxean utzi? Mendira eramatekotan, nora eta noiz? Lasai egongo dira? Traba sortuko ote die proban parte hartzen ari direnei?

Une jakin batean, bukatu egiten da haizea, agortu egin dira galderak. Finito.

Erabaki behar dut, azkar. Egun beroa dakar eta ardiak jetzi bezain pronto larratzera atera behar, bestela egun osoan ez dute ezer bazkatuko. Listo, mendira eramango ditugu –etxean ere, larre asko ez dago, bero hauekin belardiak dexente gorritu baitira–. Nora, ordea? Basora, eta gero haiek erabaki dezatela nora jo, ikusten duten panoramaren arabera. Badakit erabaki horrek bere arriskuak dituela…

Agian, ardiak beldurtu egingo dira edozein gauzarekin eta artaldea zatituko da; edota ikusleren batek kontrolatzen ez duen txakurra aske eramango du eta…; edota, lasterkariren batik zer edo zer gertatu ahal zaio gure ardiak tarteko –traba izatea baino ez, akaso–; edota bake bila ohiko ibilbideetatik atera eta mendiaren bestaldera egingo dute, ihesi; edota…; edota…

Metamorfosiak mendian
Gasteizen topatutako adibidea

Edotatan pasatzen dut probaren eguna, urduri, mendira begira. Etxeko lanek tarte bat uzten didatenean, banoa ardiak non eta ondo dauden ala ez ikustera. Proba, antza, bukatu egin da, probaren arrastoren bat geratzen da, oraindik ere, jasoko dute –ezta?–.

Orduan, ardien arrastoen atzetik ematen dudan pausu bakoitzean, aldaketatxo nabaritzen dut nire baitan. Metamorfosia orain ere. Arrasto bakoitzak kontatzen dit egunaren zati bat, eta bizi egiten dut: errekatxora heldu baino lehenagoko sasiak jan ditut; ondoren, etzan egin naiz, hausnarrean; aldapan gora egin dut pistaraino, basoz baso hasi naiz jaisten. Gero eta ardiagoa naiz, banoa mendiaren bestaldera, jakin baitakit han, behean, larre goxoa dagoela, baina batez ere, bake goxoa. Badakit han ni neu naizela, neurean bete-betean, mendiarekin bat eginda.

Egunak pasatu dira harrezkero, eta berriz ere metamorfosia gertatu zait: artzaina izatera itzuli naiz, mendian bizi den artzaina, hain zuzen.

Bukatzeko, eta artzain izaera honetatik mendian kirol-probak antolatzen dituzuenoi eta Udaletan ardura duzuenoi zera esan nahi dizuet:

  • Mendi inguruan probaren bat antolatu nahi izanez gero, galdetu ibilbidearen inguruan baserririk dagoen, bertan bizi diren…

  • Eskatu telefono zenbakia, joan… eta azaldu probaren nondik norakoa, akaso baserri horren bizitzan –baita lanean ere– eragina izan dezake eta.

  • Halako bat antolatzeak lan handia eskatzen du eta pena litzateke arazoak izatea proba egunean, inguruko baserri baten lana dela eta. Izan ere, hitz eginez gero, ziur aski, erraz moldatu daitekeelako, denok ere eroso aritzeko.

  • Mendia ez da eszenatoki hutsa: bizia du –eta ez bakarrik animaliak–. Mendian bizi garenoi ilusio handia egiten digu gure tokia aukeratu izanak. Kontatu gurekin, deskuidu batean, lagundu ahal dizuegu zer edo zertan.

  • Beharbada parte-hartzaileek gehiago baloratuko dituzte ingurua, ibilbidea eta antolakuntza bera, proba lekuarekin eta bertakoekin lotuta dagoen heinean. Balio erantsia.

  • Udalek ezagutzen dituzte euren udalerriko baserriak eta bideak, eta, neurri batean, euren ardura da bertan bizi direnek, gutxienez informazioa emateaz edota ahalbideratzeaz. Urtez urte errepikatzen diren kirol-probek, normalean ibilbideak errepikatzen dituzte. Nahiko da proba egiteko eskaera egiten zaienean, ibilbidean –edo horren eraginpean– dauden baserrien telefono zenbakiak ematea eta behartzea probaren berri ematera.

  • Zenbaitetan gerta daiteke baserri bateko jarduera ekonomikoa eten behar izatea halako ekintzak direla eta: konpentsazio neurririk planteatzen al da?

Hurrengoan ere espero zaituztegu mendi hauetan –puxikak, ardiak ala artzainak izanik–, bazter ezkutu hauek konpartitzeko prest.

Metamorfosiak mendian  Metamorfosiak mendian  Metamorfosiak mendian

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

3 pentsamendu “Metamorfosiak mendian”-ri buruz

  • Josebe Blanco 2017-07-21 14:28

    Atzo arratsaldean bisita izan genuen: irailaren 10ean txirringa proba izango da gure etxe inguruan. Antza, ez zuten idatzia irakurrita…
    Eskerrik asko abisatzeagatik, bihotzez!

  • Juan zan eguenean, zuen baserrira hurbildu nintzan irailaren 10 erako, mendi bizkleta martxa prestatzen gabiltzalako.Hemendik,eskerrak emon nahi dotzuet, Palmerakuak Mendi Bizikleta Taldekuen partez, emandako erraztazunegaittik.
    Ondo segi.

    • Josebe Blanco 2017-07-27 17:49

      Kaixo, Iñaki eta gainontzeko Palmerakuak:
      Ez dakizue zer garrantzitsua izan zen zuen bisita… Are gehiago idatzi hau ez zenutela irakurrita esanda…
      Zuen jarrerak, gure txikitasunean, gure tokian bagarela sentiarazten baitigu. Gure tokia eszenatoki hutsa ez dela sentiarazi zeniguten, mendi hauek maitatzen dituzuela beren osotasunean, pertsonak eta guzti.
      Nahiko genuke hori orokorra balitz, mendi guztietan eta ekintza guztietan, handiak ala txikiak izan.
      Edozertarako, badakizue non garen…