Merezi dugun eskola

Merezi dugun eskola –

Etsipenez, beste behin ere, utzi diot gaiaz informazioa irakurtzeari. Bataila galdu (zein irabazi) batetik bueltan datorren astoa bezala noa nire kortara. Ni galtzaileen bandokoa: Euskal Eskola Publikokoa. Baina irabazleen bandoko astoak irabazi al du? Nago denok galdu dugula.

Merezi dugun eskola

Izan ere, nire ustez, ospatzeko moduko garaipen bakarra izango litzateke bateko eta besteko astoek bat egiteko moduko “banda” bat osatu, eta segregazioa, ez euskalduntzea eta erlijioaren kontra joko bagenu. Eta, ondorioz, erkidegoko ume gehienak eskola euskaldun, anitz, laiko, hezkidetzaile, inklusibo eta publiko batean matrikulatuko balira etorkizunean.

Ez da gertatuko.

Denek ez dugu eskola eredu bera nahi, ados. Batzuek kristau eskola, era honetako edo hartako eskola bat, edo ikastolen elkartea nahiago dute, ados. Baina publikoa kaltetuta irten da berriz (EAEn ume gehien hezitzen eta euskalduntzen dituen eskola).

(Barka, ez noa sartzera “espainiar publikoa” ez dela “euskal publikoa” eta halakoetan –ikastolak ere espainiar sistema horrexen parte dira, EAE espainiar autonomia bat den gisa berean–). (Besterik gabe, Gabriel Aresti frankismo garaian(!) zegoen ikastolako kuoten kontra, eta neu 2022an ere bai).

Euskara ofiziala ez den lekuetan ikastolak egon daitezen, dirua eta lan militantea? Ados. Ikastolen ondarea (historia, pedagogia, kurrikuluma…) edozein eskolak baliatu? Ados.

Gure bandokoei: ez nago ikastolen kontra, eta ez zait gustatzen euskal eskola publikoaren “defentsan” ikastolak iraintzea.

Ikastolei: euskaldunak, eskandinaviar blondak, korearrak eta swuahili beltzek bakoitzak bere kortara joaten segituko dute.

Beharbada, Euskal Herria estatua izan baino lehen bihurtu beharko dugu ikurrina sukaldeko trapu.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Merezi dugun eskola

11 pentsamendu “Merezi dugun eskola”-ri buruz

  • Eredu publikoa galtzaile irten delaren argudioa ez dut konpartitzen. Artikuluan aipatzen den moduan, denok ez dugu eskola eredu berdina gure, eta bakoitzak berera jotzen du. Baina publikoa, zergatik galtzaile????

  • “Euskara ofiziala ez den lekuetan ikastolak egon daitezen, dirua eta lan militantea? Ados.”
    Hori bezalako argudioak euskaltzaleen eskutik irakurtzen ditudanean ahoa bete hagin geratzen naiz. Euskara ofiziala den lekuetan kastolak desagertu behar direla ari dira proposatzen, hemen Ruben zeharka, eta beste asko zuzen-zuzenean, amorruz usu.
    Zein eskubiderekin ari zarete ikastolei EAEtik, Bortzirietatik, Sakanatik edo Baztandik desagertzeko eskatzen?
    Nor zarete zuek horrelako astakeria bat proposatzeko?
    Non ematen diguzue baimena ikastolak eraiki eta aurrera eramateko?
    Orain euskara ofiziala den eremuetan ere, ikastola asko eta asko sortu ziren Espainiarekiko ilegal, herriaren ekimen eta ahalegin hutsez. Sekulako lana eta ekarpena egin diote herri honi: euskara biziraunaraztea, lehenengo eta behin.
    Ikastolarik izan ez balitz, euskarzko ikastetxe publikoen sarea ere ez zen sortuko.
    Balorea behar da, orain, eremu gehienetan “euren betekizuna bete zutela eta desagertu behar direla” aldarrikatzeko.
    Zein ikastetxek ordezkatuko lituzkete ikastola horiek?
    Egungo “euskal eskola publikoa” osatzen dutenak? Estatu espaniarraren menpe, ikastolak baino askoz era zuzenagoan daudenak?
    Kasu asko eta askotan guraso euskarafoboz josita daudenak? Ikastetxean zuzenean parte hartzen ikastola gehienetatik oso urrun daudenak?

    Baina hori bai, “Ikastolen ondarea (historia, pedagogia, kurrikuluma…) edozein eskolak baliatu? Ados”
    Sinisten ere kosta egiten da.

  • Ruben Sánchez Bakaikoa 2022-10-11 10:35

    Ba, nire ustez, oraingo arrakala luzatuko duelako:
    -Publikoa ez da indartuko, eta beraz, guraso batzuek (ahal duten batzuek) segiko dute aukeratzen diru publikoz lagundutako zenbait itunpeko eskola, gero kuoten bidez -denen eskura ez daudenak- eskola “hobe” bilakatzen direnak, eta kuota horiek ezin ordaindu dutenak joango dira publikora, non urterik urte segregazioak aurrera darraien.
    -Herri apustua izan beharko litzateke nire ustez, “erkidegoko ume gehienak eskola euskaldun, anitz, laiko, hezkidetzaile, inklusibo eta publiko batean matrikulatuko balira etorkizunean”. Nola EH izango dugu bihar ez baditugu ume gehienak “harrapatzen” horrela?

    D ereduko eskola publiko bat guztiz segregatua eta D ereduko itunpeko bat (ia) guztiz txuria, biek ematen dute euskara eta euskaraz, baina ez bagara gai, nolabait, biak ildo berdin publiko batean jartzeko…

  • Ruben Sánchez Bakaikoa 2022-10-11 10:43

    Aupa Maite,
    saiatu naiz tonoan lagunkoi agertzen eta argudioak ematen. Zuk niri erantzuteko, pentsatzen ez ditudan gauzak idatzi dituzu. Tira, berriz ere: Gaur egun, ezinezkoa dirudi, baina, nire ustez, euskara ofiziala den lurraldeetan, zu bezalako euskaltzale batek eta nik bat egin beharko genuke umeak (ahalik eta gehien) euskalduntzeko bidean. Ikastolek, beharbada, pentsatu beharko lukete duten “bokazio publiko” hori, kuotarik gabea izan dadin zer egin, eta gaur egun geratzen zaien autonomia apurra mantenduz eta areagotuz ahal dela. Bestetik, eskola publikoak autonomia hori ere baliatu eta euskarazko eredu publiko bakar ezarri beharko luke. Eta denon artean segregazioari, laikotasunari, hezkidetzari eta abarri heldu.

  • Teorian seme-alabak ikastolara eramaten duten gurasoek proiektu baten alde daude, hau da, euskarazko hezkuntza Euskal Herri osoan zabaltzarearen alde eta horretarako beharrezkoa da kuota ordaintzea, euskara ez baita EHko zona guztietan ofiziala.
    Beraz, utzi guraso horiek zer egin behar duten eztabaidatzeari.

  • Apa Ruben, saiatuko naiz doinuan asmatzen.
    “Euskara ofiziala ez den lekuetan ikastolak egon daitezen, dirua eta lan militantea? Ados” diozunean, zer ulertu behar da?
    Esango didazu.
    Bestalde, ez dago konparatzerik sare “publikoko” ikastetxeen eta sare horretakoak ez diren ikastolen autonomia maila.
    Ikastetxe “publiko” gehienetan Euskal Herririk ez dago, EAE edo Nafarroa baizik (Iparraldearen arrastorik ez), eta Espainia ikasten da luze eta zabal.
    Ikastoletan, normalean, Euskal Herria da ardatza eta Espainia irakasten da, zer erremedio, bestelako kontestu batean.
    Euskaltzaletasuna oso apalduta dago ikastola askotako gurasoen artean, baina bakanak dira euskarafoboak. Aldiz, sare publikoan guraso euskarafobo edo zeharo indiferenteena arazo potoloa da, zuzenean eragiten baitu euren seme-alabengan, eta hauek beste ikasleengan eta ikastetxeko giroan.
    Oraindik ere A eredua eskaintzen duten ikastetxe “publikoetan”, irakasle euskarafoboak ere aurki daitezke gehiegi ahalegindu gabe. Ezagutzen ditugu batzuk.
    Hori da abiapuntua.
    Etxean seme-alabak nora eraman erabaki behar izan genuenean, euskararen auzia erabakigarria izan zen guretzat. Ikastetxe “publikora” eramateak, haurrak zeharo erdalduntzeko apustua egitea zen. Ikastolara eramateak ez zuen euskalduntasuna bermatzen, baina alde handia zegoen, eta dago, ikastatxe baten eta bestearen emaitzetan euskarari eta euskalduntasunari dagokionez. Ez zaigu damutu.
    Euskara ofiziala da gure herrian, baina espero dut urte luzez irautea ikastolak, euskarak etorkizunik izango badu.
    Sare bateko eta besteko ikastetxeetako gurasoen parte hartzeaz ere hitz egin daiteke luze…

    *Oharra: kakotx artean idazten dut “publiko”, ez delako Euskal Herriko eredu publikoa, ez bestelako asmo batez.

  • Ruben Sánchez Bakaikoa 2022-10-13 01:42

    Aupale, barkatu atzerapena 😉

    “Euskara ofiziala ez den lekuetan ikastolak egon daitezen, dirua eta lan militantea? Ados”: EH osoan euskara ofiziala, unibertsala eta doakoa, hori da helburua (nirea behintzat). Hori gaur egun ez dago inon. Alabaina, ofiziala den lekuetan, unibertsala eta doakoa izatea gertuago genuke, “zuek” eta “guk” bat egingo bagenu.

    Zergatik? Bada, D eredu publikoan eta ikastoletan sinesten dugunok gehiengoa garelako. Bakoitzak ikusi beharko luke marra gorria non ipini, curriculumean eta abarretan.

    Bestalde, sare publikotik, euskara ofiziala den lurraldeetan, guraso euskarafobo gehien-gehienek alde agin dute. Zergatik? Bada, eskola horiek beste lurralde batzuetatik heldu berri diren familiekin bete direlako. Eta familia hauek ez dira euskarafoboak, besterik gabe bideratu dituzte eskola horietara.

    Irakasle euskarafoboak gaur egun gutxi geratzen dira, baina eskola publiko guztiak murgiltze eredu batekoak balira: Zero.

    Nik ez zuen kasua, ez beste inorena ez dut epaitzen. Gu oso pozik ibili gara auzoko eskola publiko txikian, gurasoen inplikazio handi-handia duena. Eta zuen kasua ulertzen dut eta errespetatzen, pozten nau gustura ibili bazarete.

    Baina proposamena da: pentsatu dezagun, bakoitzaren oraingo aukeraz harago, ume guztientzat edo gehien-gehienentzat: euskara ofiziala, unibertsala eta doakoa. (Eta helduentzat ere 🙂

    Eskerrik asko, debateagatik 😉

  • Aupa Ruben
    Tira, beraz ikastola guztien jarraipenerako eskubidea errespetatzen duzula ulertzen dut. Ez da ezagutzen ditudan “publikozale” gehienen kasua. Baina bai, hortik abiatuta hitz egin dezakegu nahi dugun ereduaz eta batez ere, posible denaz.
    Neuk ere euskarazko eredu euskaldun, unibertsal eta doakoa nahi dut. Euskaldun azpimarratzen dut, ikastetxe askotan, D ereduan ere ikasleak erdalduntzen dituztelako “tresna” eta “teknika aurreratu” ezberdinak erabiliz. Ikastetxe “publiko” askotan bai, eta gero eta ikastola gehiagotan ere bai.
    Dena dela, uste dut ezin zaiola “euskal eskola publikoa” deitu Euskal Herria aipatu ere egiten ez duten ikastetxeei, haurrak euskal kulturan hezten ez dituztenei, eta Espainiako iparraldeko berezitasun bat bagina bezala aurkezten gaituztenei, klaseak euskaraz eskaini arren.
    Guraso euskarafoboek alde egin dutela diozu. Nora?
    Gure herrian horrelako gehienak ikastetxe pribatu erlijioso batean daude, beste mordoxka bana bi ikastetxe publikoetan, eta gutxi batzuk ikastolan.
    Esan didatenez, Gasteizen adibidez, ikastetxe publikoen arteko “migrazioak” gertatu dira, etorkin atzerritar asko jaso dituzten ikastetxe publikoetatik beste ikastetxe publiko batzuetara.
    Guraso euskarafoboen gaitza ondo aztertu eta konpondu beharreko arazoa da, eskolak dituen beste gaitz larri batzuk bezala (eskola-jazarpena, ikasle behartu liskartsuak…) aipatu ere egiten ez den arren.
    Irakasle euskarafoboak normalean A eta B ereduko ikastetxeetan aurkitzen dira, bai, baina ematen du desagertzera zijoazen eredu horiek biak egonkortu edota hazi direla azken urteotan, eta horiekin batera egonkortuko da irakasle horien presentzia ikastetxeetan.
    Tamalez eskola espainiarrago (eleaniztun deitzen duten arren) baterantz goaz, euskalduntasunean gabe, indarra espainiar uniformizazioan (kulturartekotasuna deitzen duten arren) jarriko duena, PSE, Podemos, EAJ eta EHBilduren “akordio historikoari” esker. Euskara eta euskalduntasuna are zokoratuagoak izango dira proposatzen diguten eredu hirueledun edo laueledunarekin.
    Iruditzen zait, etorkizuneko euskal eskola eredugarri batean pentsatzen hasi baino lehen, lau alderdiok burutzera doazen txikizioa nola geldiarazi pentsatu beharko genukeela.

  • Alderdi politikoen interes gero eta agerikoagoetatik urrun, Mikel Basabek oso ondo azaltzen du zein diren hezkuntazko hizkuntza eredu berriaren ezaugarriak, datu zehatzen argitara:
    https://www.argia.eus/argia-astekaria/2796/legea-mirariaren-miran

  • Merezi? Ez bada. Hori ez da euskara. Behar dugun eskola. Eta ez al dugu merezi euskarazko testu duhin bat? Zuek guziok irakasleak al zarete?