Mendia nondik begiratu

Mendia nondik begiratu –

Gure aitak esaten zuen Einstein-ek baino lehenago asmatu zutela erlatibitatearen legea euskaldunek.

Mendia nondik begiratu
Arg: Blondinrikard Fröberg (Flickr)

Fisikari handiak erakutsitakoaren arabera, denbora eta espazioa ez ziren balio finkoak, erlatiboak baizik, hau da, erabiltzen dugun erreferentzia esparruaren araberakoa omen.

Eta kultura guztiek garbi izan arren, eta hobeto islatuagatik, beren ohituretan sinesmen hori, antza, euskaldunok ginen jakituria horren oinordeko, eta zaindari. Gure hizkuntzaren muinean, DNAn islatzen ei zen, eta oraindik sumatzen omen da, izadiaren erregela nagusienetakoa: denbora eta espazioa ez dira balore absolutuak, erlatiboak dira, so egiteko lekuaren edo baldintzen araberakoak, alegia.

Mendia nondik begiratu, horrek esango digu nolakoa den.

Hori egia izaki, eta erlatibotasuna legetzat hartu arren, bada garaia euskaldunok geure zilborrari begiratzeari uzteko, eta geure nolakotasuna normalizatzeko: ez gara Tubal eta Tarsis-en ondorengo zuzenak, ezta Babel dorretik erauzitako hizkuntzetako bat, are gutxiago Homo sapiens sapiens gizakien oinordeko zuzen berbakideak.

Gaur egungo euskaldunok hori baino ez gara, XXI. mendeko hiztun stresatuak eta kezkatuak, framming berrien eta zaharren arteko hiztun egoskor samarrak, hori baino ez. Eta hori dena.

Eta ez dugu ostraka harrigarrien beharrik gure historia osatzeko, badakigu nondik gatozen, baina are garrantzisuagoa dena, lantzen ari gara nora joan nahi dugun, zer hiztun komunitate osatu nahi dugun eta nolako baliabideak behar ditugun.

Zilegi da erlatibotasuna, baina iruzurrik ez mesedez.

“Gu gauden lekuan da mundua” entzun nion atzo Mixel Etxekoparri, eta ederra iruditu zitzaidan, baina gure mundua eta ondokoena, ez jaungoikoak aukeratutako herriarena, edo unibertsoko esentziak bere hizkuntzan gordetzen dituena.

Herri duina izaten segitzen dugu, aurrerapauso ugari eman ditugu, itzelak Araban, ez dezagun iruzurrekin zikindu, mesedez.

Mendia nondik begiratu

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz