Men egin bai, baina onartu ez

Ukberri, Flickr
Ukberri, Flickr

“Izugarrizko akatsa”, “epaileren bat tokiz kanpo dago eta alderdiren bat ez da behar adina kolaboratzen ari”, “zalantzarik gabe ETAko presoen argazkiak publikoki erakusteak biktimak iraintzen ditu eta terrorismoari gorazarre egiten dio”, “hiltzaile bat goratzea ez da onerako”. Rodolfo Ares, Antonio Basagoiti, Alfredo Perez Rubalcaba eta Mariano Rajoyren adierazpenak dira horiek, hurrenez-hurren. Hori bai, guztiek desadostasuna publikoki eta zalapartaka adierazi arren, guztiek epaileak erabakitakoa obeditzen dutela diote. Eskerrak.

Audientzia Nazionalak erabaki du jada ETAko presoen argazkiak erakustea delitu dela, “terrorismoa goratzea” dela. Jurisprudentzia eratu dute. Beraz, PSE eta PPtik ez dute ulertzen EAEko Auzitegi Nagusiak bere erabakiak Audientzia Nazionalak esandakoaren arabera ez hartzea.

Baina halaxe da, “terrorismoa goratzeko” asmoa baieztatzeko frogarik ez da. “Jaurlaritzak susmo hori badu, frogatu egin behar du”. Halaxe adierazi du EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako presidenteak, Juan Luis Ibarrak.

Eta horixe da egiten dugun galdera. Non daude frogak? Non, presoekiko elkartasuna “terrorismoari gorazarre” egitea dela egiaztatzen duten adierazgarriak? Ez daude; Politikari eta Auzitegi Nazionaleko epaileen buruetan baizik.

Bada guk ez dugu onartzen frogarik gabe zigortzea eta ez dugu men egiten.